entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Ion Etxebarria, Argazkiak Jon Iraundegi 2017-05-03

Joseba B. Lenoir GAKOBELTZAREN BEHIN BETIKO HEGALDIA

Ameba (gerora Sexty Sexers) taldeko gitarra-jotzaile gisa ezagutu genuen Joseba Baleztena eta nahiz eta gerora Sumisin City Blues, Willis Drummond, Rafa Berrio, Max Gamuza edota Izaki Gardenak egitasmoekin ere ikusi dugun. 2012an, ordea, bakarkako proiektuari ekin zion 'Instroak Vol.1. disko instrumentala autoekoitziz. Ondoren etorri ziren Instroak Vol.2. eta Tenpesta artelanak. Azken honek, gainera, hasieran biko formatuan eta ondoren Gang boskote gisa, edota bestelako formatuetan ere bai, bere abestiak publikoaren aurrean aurkeztera eraman du musikari beratarra.

Orain Eguzkiari begietara so lana kaleratu du, lerro hauek idazten dituenarentzat urteko diskoa, dudarik gabe. Ez da Tenpesta-ren jarraipena, ezta talde lan bat ere. Edo agian biak batean da. Diskoa osatzen duten bederatzi kantak konposizio ederrekoak dira. Doctor Sax lagun minaren lan berriaren aurkezpen egunean solastu gara Baleztenarekin, Gasteizko Hell Dorado aretoan.

Zertarako begiratu behar diogu eguzkiari begietara?
Erredura I kantan badago esaldi bat: Eguzkiari berari ere begietara begiratzeko gai. Hortik abiatuta, adierazi nahi nuen batzuetan eguzkiari begiratzeko adinako indarra senti dezakegula. Diskoa grabatu aurreko uneak ez ziren gozoak izan, uste nuen ez nintzela gai izango hau kaleratzeko, baina hurbileko zenbait adiskideren laguntzarekin lortu dugu. Hasieran behar nuen zerbait zen, baina energia gutxi nuen. Eguzkiari begietara so erronka bat izan da, gainditutako erronka bat. Horretaz guztiaz aparte, nire begiak bereziki sentikorrak dira, ezin dituzte argi biziak jasan, eta horri ere erreferentzia egin nahi nion.

Diskoa entzunda, abesti batzuk Tenpesta lanarekin identifikatu ditut: Gaur ere, Hotzikarak soinean, Erredura I... Beste batzuek, aldiz, talde itxura handiagoa dute, gogorragoak dira akaso, trinkoagoak. Apropos bilatu duzu dualitate hori?
Egia erran, urteak daramatzat konposatzen, eta abesti horiek disko batean bildu nahi nituen. Bertzerik ez. Abesti horiek osotasun baten barruan koherentzia edukitzea besterik ez dut bilatu. Azkenean, 20 abestitik bederatzi sartu dira diskoan. Aipatzen duzun dualitate horren harira, ez dut inoiz konposatu talde batean pentsatuta. Nire helburua beti izan da kantak egin, grabatu eta zuzenean jotzea. Gogoko dudana zuzenean aritzea da, edozein formatutan. Inoiz ez dut izan kontzientzia talde bat egiteko. Baina, planeatu gabe, Izan & Star ziklorako nire bi abesti jotzeko elkartu ginen, hain izan zen gau magikoa, ezen azkenean nire abestiak elkarrekin jotzen amaitu baikenuen.



Mila modutara osatzen ahal duzu kanta bat, baina nire azken aldiko kezka gauza onak egitea da, edozein momentutan defenda ditzakedan abestiak sortzea


Disko anitza da Eguzkiari begietara so, pasarte ezberdin ugariz osatua. Argi dago musikari ez diozula mugarik jartzen, esperimentatzea gogoko duzula. Berritu ala hil?
Bai, argi eta garbi. Konturatzen naiz inguruan berritasuna behar dudala, bestela aspertu egiten naizela. Hilabete asko pasatzen baditut setlist eta formazio berarekin, inprobisaziorako tarterik gabe, aspertu egiten naiz. Kanta berriak egiten jarraitu behar badut, berritu beharra sentitzen dut. Euskal Herria hain da txikia... ez dut jendea aspertu nahi beti kanta berak entzunaraziz. Eta nire burua ere ez noski. Gang formatuarekin gertatzen zaigu hain modu natural eta guapoan sortuta, azken aldian ez dugula berritasun handirik ekarri, eta horri buelta eman nahian nabil. Zorionez hiruko eta biko formatu ezberdinetan ibiltzen naiz, eta horrek arnasa ematen dit.

Zergatik grabatu zenituzten abesti batzuk Garate estudioetan eta beste batzuk etxean duzun estudio mugikorrean?
Lehenbiziko arrazoia izan da estudio bat ordaintzeko dirurik ez dudala. Eta bertzetik, agitz interesgarria dela etxean modu horretan grabatzea, horrek ematen duen lasaitasunarengatik, denborak ematen dizun askatasunarengatik. Estudio batean ezingo genuke, disko honetan egin bezala, urtarrilean grabatzen hasi eta apirilean bukatu, diruarengatik, estudioen agendarengatik Disko honetan nabari den aurrerapausoetako bat ahotsetan dago, eta hori, etxeko lasaitasunik gabe, zaila litzateke. Etxean, nik bakarrik, toma batzuk egiten nituen, gero Miren Narbaiza etortzen zen eta proposamenak egiten zizkidan, pauta batzuk eman. Berriro bakarrik nintzenean, berriz grabatzen nituen kantak irizpide horien arabera. Orain, hasierako maketak entzun eta azken emaitzarekin alderatuta egia erran, sekulako aldea nabaritzen dut. Hori estudioan agitz zaila da.
 
Erradura II (Supernauzu) abestiaren hasierak Neil Young ekarri dit gogora. Ez dakit ados ote zauden.
Kantaren hasierako soinuak, gitarren distortsio horrek bai oroitarazi dezake Crazy Horse, baina ez da nahita izan. Beharbada Izaki harrotz hortara hurbilago dago Neil Young eta Crazy Horsetik.



Esango nuke Su haren inguruan abestiak islatzen duela gaur egungo Joseba B. Lenoir. Indarra, eztanda, distortsioaren zikinkeria.
Kanta horrek momentu horretan nondik nindoan adierazten du. Zaratatsua da, eta hori beti gustatu izan zait, baina azken aldian saiatzen naiz pop egiturak dituzten abestiak konposatzen, abesti borobilak egiten, akustika batekin jotzen ahal direnak eta beraien kabuz sustengatzen direnak. Uste dut abesti honek baduela horretatik zerbait.

Ez itzali erdian barealdi moduko bat dago eta ostean ekaitza. Esango nuke hori ere oso B. Lenoir dela.



Abesti hau ere taldean grabatu genuen, zuzenean. Nik konposatu arren, abestiari itxura bostok eman genion eta zuzenekoetarako bezala grabatu genuen. Taldearen sinadura darama.
 
Beti diozu zu ez zarela abeslaria, gitarra-jotzailea baizik. Bi disko instrumental kaleratu ostean, Tenpesta EPko bi kantatan abestera animatu zinen. Oraingoan, berriz, pieza instrumentalik ez. Beldurra galdu duzu?
Ez dut abesteko beldurrik, baina segitzen dut pentsatzen ni ez naizela abeslaria. Egia da lehen errespetua niola abesteari; orain, aldiz, zuzenean kantatzea gustatzen zait, gauzak azaleratzea, modu hobean edo okerragoan, baina interpretatu dezaket, gauzak adierazi. Gustura sentitzen naiz eszenatokian.

Musikak besteko garrantzia dute hitzek?
Lehen nire burua abeslari gisa ikusten ez nuen bezala, orain, seguru aski, letrak dira nire puntu ahulena. Ez naiz letra egilea. Ez dut metodo bat, ez dut errutina bat, ez dut deus. Baina niretzat hitzek musikak bertzeko garrantzia dute. Publikoaren aurrean kantatuko badut, betirako geratuko den kanta bat grabatuko badut,  abestuko dudan hori hausnartua izan dadin nahi dut, norbait horrekin identifikatuta sentiaraztea, sentimenduren bat eragitea. Hortaz, hitzei garrantzia aitortzen diet, baina ez dut metodorik eta inpultsoz egiten dut lan. Pentsa, esaldi bat osatzeko hilabeteak pasatu ditzaket! Disko honetan, dena den, badira Mikel Larratxe, Dani Irazoki eta Miren Narbaiza beraren hitzak.

Zergatik hasi zinen abesten? Zerbait kontatzeko beharra zenuen?
Entzuten dudan musikaren %99 kantatua da. Agian ez hainbeste... baina egia da azken aldian pop abestiak edo herrikoiak entzuten nabilela; egitura bat duten kantak, zerbait kontatzen duten abestiak, leloak eta estrofak dituzten abestiak. Mila modutara osatzen ahal duzu kanta bat, baina nire azken aldiko kezka gauza onak egitea da, edozein momentutan defenda ditzakedan abestiak sortzea.

Noiz eta nola konposatzen duzu?
Etxeko lasaitasunean, gitarra hartu, jolasten hasi eta burua itzaliz gozatzen dut. Halakoetan suertatzen da horrelako txinparta bat eta, orduan, eskura dudan edozerekin ideia hori grabatzen dut; akorde bat, melodia bat. Ondoren, denbora tarte zabalagoa dudanean, ideia horri buelta bat eman eta kanta eraikitzen saiatzen naiz. Garrantzitsuena hasierako txinparta hori da, eta gertatu daiteke entsegu baten erdian piztea. Gerta daiteke, baita ere, lehendabiziko ideia hori burutik ezin kentzea. Erosketak egiten nabilela, adibidez, oraindik ideiari bueltaka jarrai dezaket; eta hori, normalean, ona da.

Hilabete asko pasatzen baditut setlist eta formazio berarekin, inprobisaziorako tarterik gabe, aspertu egiten naiz


Tenpesta kaleratu eta biko formatuan kontzertuak emateari ekin zenionetik gelditu gabe zabiltza, bakarkako proiektua dela, Sumisin City Blues, Willis Drummond, Rafa Berrio edota bestelakoak direla... Esan liteke musikatik bizi zarela? 
Bai, musikaria naiz, eta horretara nabil %100ean. Dena dela, ez nuen nire artean pentsatu Honetan sinesten dut, eta egin behar dut. Bidean gertatzen diren gauza asko bezala sortatu da dena. Ezagutzen duzu norbait, eta elkarrekin zerbait egitera animatzen zara. Ba, musikatik bizitzearena ez nuen erabaki egun batetik bestera. Denbora bat hartu nuen aurreko lanetik deskantsatzeko. Bartzelonara joan nintzen kontu pertsonalak medio eta, han nintzela, denbora bat pasa ostean, bertze lanik gabe, baxua jotzeko lana eskaini zidaten, eta poliki-poliki konturatu nintzen musikaren lohietan sartuta nengoela sakoneraino. Eta lohietan nintzela, kontura nintzen gustura nengoela.

Eta oraindik horretan zabiltza?

Bai, oraindik hondoan nago, kar, kar, kar! 

Tenpesta Gaztelupeko Hotsak-ekin plazaratu ostean, oraingoa berezko zigiluarekin argitaratu duzu. Zergatik aldaketa?
Ez zaizkidalako kontuak ateratzen diskoetxe batekin funtzionatzeko. Eskaintzen dituzten tratuak niri ez didate balio. Gainera, zenbat eta diskoetxe handiagoa, orduan eta betebehar gehiago, eta nik ez ditut egin nahi egin behar direlako. Promoa, bideoklipa hainbertze ordu bideratzen dira promora! Gaur egun, musika munduan, lan pila bat egiten dira musikatik haragokoak eta azkenean ez zaio denborarik eskaintzen musika ongi sortzeari, ongi grabatzeari, zuzenekoak prestatzeari... 

Alde grafikotik ere ederra da diskoa.
Bigarren lanaz geroztik, Xabier Sagasta Lacalle ere diskoen parte da, elkarreragina izan dugu beti. Berak egindako gauza batzuek gero nire abestiren batean edo bertzean eragina izan dute. Baina egia da ere disko honetan ezberdin funtzionatu dugula.

Azkenaldian asko entzuten ari zaren disko bat?
Azkenaldian The Birthday Party taldeko Rowland S. Howardekin ari naiz flipatzen. Azkenaldiko obsesio potenteetako bat da. Bakarkako bi disko utzi zizkigun. Kristoren abestiak egiten zituen kriston hitzekin. Obsesionatzen nau bere abestiak jarri eta burua joaten zaidalako, abestiek osorik hartzen naute beraientzat. Nahiko iluna da, egia esan, baina gitarrak sinple bezain erraldoiak dira, agitz bereziak. Aurpegia ere berezia zuen tipoak, pentsa! Pena da diskoa grabatu eta gero deskubritu nuela; bestela izan balitz, agian beste giro bat emango niokeen diskoari.

Markatu zaituen disko edo talde bat?
Thin Lizzy adibidez. Beti bueltatzen naiz beraiengana, eta kotxean beti izan behar dut beraien disko bat. Berdin da umorez nola nagoen, Little darling kanta entzun eta gora egiten dut. Jimmy Hendrix ere musika entzuten hasi nintzenetik daukat alboan, eta Mark Ribot ere bai. Aurrekoan ikusi nuen Bilbon, eta aspaldiko partez gertatu zitzaidan kontzertu baten erdian pentsatzea Honegatik egiten dut egiten dudan bizitza.

Eta Neil Young?
Bai, Neil Young ere bai, noski. Asko daude.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
HITZ GUTXITAN

Diskografiaz
Instroak Vol1: Bide berrien urraketa inkontzientea.
Instroak Vol2: Bide haietan barrena murgiltzea.
Tenpesta: Bakarkako ibilbidearen konfirmazioa.
Eguzkiari begietara so: Garaipen ttiki bat musikaren azpimundu honetako borrokan.

Joseba B. Lenoir Gang-eko lagunez:
Felix Buff: Eszenatoki gibeleko gidaria. Batzutan lasai eta zuzen, bertzetan aske eta ero.
Xan Bidegain: Energia jario kontrolaezina.
Miren Narbaiza: Kantak dotoreziaz betetzen ditu, eszenatokia argitasunez.
Ander Mujika: Nire kantak zuzenean emateko ezinbertzeko konplizea, leuntasunetik eztandara salto batean.
Fernando Lutxo Neira: Gorputza eta gogoa kantaren alde, beti.
 

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.