entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2017-04-11

Bide Ertzean GANBARAN BILAKA

bide ertzean 1 Argazkiaren egilea Ibai Arrieta
Lotura erlazionatuak
Bide Ertzean taldeak ez du aurkezpenik behar. Euskal musikagintzan erreferente, ate asko zabaldu dituzte Tolosakoek.  Proiektu berri bati ekin diote orain: Zutaz Kantatzeko (Gaztelupeko Hotsak, 2016) disko-liburuak 18 urteko ibilbideari errepasoa  egiten dio, euskal musikaren historiako kapitulu eder bat, dudarik gabe. Liburua idazteko Jon Eskisabel kazetariaren laguntza izan dute; diskoak, berriz, Bide Ertzeanek urte hauetan bide ertzean utzitako hainbat harribitxi biltzen ditu. Imanol Ubedak erantzun die gure galderei.

Nola sortu zen Jon Eskisabelekin lan egiteko aukera? Kontaidazu Zutaz Kantatzeko disko liburuaren historia.

Diskoetatik kanpo geratutako abestiak, deskarteak, zuzeneko batzuk, maketa txukunen bat, remix bat taldearen ganbaran pilatzen hasiak ziren. Baina etxeko ganbaran izaten ditugun gauza gehienekin gertatzen den bezalaxe, material honekin ere ez genekien oso ondo zer egin. Duela bi urte inbentario moduko bat egin genuen eta konturatu ginen bazegoela bitxikerien bilduma bat osatzeko adina kanta. Hori nahikoa ez eta, osagarri gisa, taldearen ibilbidea islatuko zuen liburuxka batean pentsatzen hasi ginen. Jon Eskisabel kazetaria gure ibilbide osoaren lekuko izan da eta enkargu hauxe egin genion: taldearen ibilbidea eta taldearen garaia islatuko zuen idatzi bat egitea.

Nolakoa da liburua?
Musika talde baten biografiarekin alderatuko nuke. Modu kronologikoan idatzia dago eta garai jakin baten lekuko ere badela esango nuke. Taldekide izan ditugun guztiekin egindako elkarrizketak ditu oinarri. Eta taldearen inguruan ibili den jende gehiagoren adierazpenak ere batu ditu.

Nolakoa da diskoa? Atzerriko taldeek askotan egiten duten B sides and rarities antzeko bat?
Ganbaran pilatutakoa plazaratzeko garaia dela uste dugu. Ez du disko batek izan dezakeen oinarria, ezta progresioa ere. Bitxikerien bilduma bat da eta, ondorioz, eklektiko samarra. Denetarik dago. Diskoetatik aparte utzitako abestiak, ineditoak edo argitaragabeak, moldaketa ezberdineko abestiak eta orain arte plazaratu gabeak, irratietan eginiko zuzenekoak, kanta zaharren bertsio gaurkoturen bat, remix bat, demoren bat

18 urte kabitzen al dira disko-liburu batean?
Ez, inondik ere. Bide Ertzeanen berri izateko, gure diskografia ere ezagutu beharra dagoela uste dut.

1998an argitaratu zenuten lehen diskoa, Bide Ertzean (Gaztelupeko Hotsak) izenekoa. Baina aurretik Deabruak Teilatuetan taldean aritu zineten. Nolakoa izan da zuen bilakaera? Nola definituko zenuke zuen musikari jarduera?
Deabruak Teilatuetan funtsezkoa izan da anaia eta bion ibilbidean. Gero eta argiago daukat. Zerotik hasi ginen eta orduko irakaspenak oso baliagarriak zaizkigu gaurko egunean ere.  Musikalki, bistan denez, alde handi samarra dago batetik bestera. Lehenik eta behin, bateko zein besteko partaideak ezberdinak ginelako, baina baita batean zein bestean izandako erreferentzia musikalak ere ez zirelako berberak.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratu du zuen lan berria. Nola hartu zuten anbiziozko proiektu hau?

Gaztelupeko Hotsak badu Paper Hotsak izeneko bilduma. Bertan dira Bap!! edota Itoiz bezalako taldeen biografiak. Gure planteamendua Paper Hotsak bildumaren filosofiarekin bat zetorren, beraz, gogo onez hartu zuten. Eta euren ahalegina nabarmendu nahiko genuke, ez baita erraza horrelako lan bat plazaratzea. Horrelako edizio txukun bat merkaturatzeko esfortzu ekonomiko handia egin behar da.

Disko-liburu hau bada atzera begiratzeko aitzakia. Zer gogoratzen duzu bereziki historia luze honetaz?
Musika-bidaia ederra izan da. Uste dut asko ikasi dugula. Eta, lehenik Fran (Lasuen) eta Labritekin, eta gero Fran eta Joserrarekin (Senperena), eremu ederretara eraman ditugu gure kantak. Maila pertsonalean, esango nuke gorabeheretan ere (gorabeherak ere izango direlako) elkar asmatzen jakin dugula. Miresmen handia diogu elkarri.
Eta azkenik, esango nuke egin dugun horrekin asko gozatu dugula. Orain etenaldia dator, baina hau ez da bukatu.

Azken lanetan musika atmosferak eta testurak dira nagusi, nahi zenuten tokira heldu zarete?
Inoiz ez zaude guztiz konforme. Eta hori sanoa da. Baina uste dut Bide Ertzeanen garai berriena izan dela oparoena. Eta interesgarriena. 2006an Non dira diskoa (Gaztelupeko Hotsak) plazaratu genuenetik hona, zehatz esanda. Musikalki eta baita diskurtso aldetik ere.

Bitxikerien bilduma bat da eta, ondorioz, eklektiko samarra
Esan daiteke Bide Ertzeanen bilakaerak euskal musikaren bilakaerarekin bat egiten duela?
Euskal musikaren bilakaera ezagutzeko corpus handi samarra aztertu beharko genuke. Talde eta bakarlarien eremua ez ezik, diskoetxeena, agertokiena, prentsarena aztertu beharko genuke. Ez gara euskal musikaren bilakaeraren erakusgarri. Eta eskerrak!



Zuen sorkuntzak lotura handia izan du beti euskal literaturarekin eta euskal idazleekin. Zuen ibilbidearen errepasoa izan daiteke, baita ere, euskal literaturarena?
Hori gehitxo esatea da. Guk ez diogu Atxagari kantatu, ezta Saizarbitoriari ere. Izagirreri kantatu izan diogu, baina ez dugu bere kantarik grabatzeko tarterik hartu. Harkaitz Cano bat falta zaigu. Ai, Castillo Suarez edo Itxaro Borda bana izango bagenitu gurean

Musika-bidaia ederra izan da


Zuen historia edozein euskal talderen historia izan daiteke?
Historia bakoitza bat eta bakarra da. Ez dut uste talde baten eta beste talde baten ibilbideak alderatzerik dagoenik. Eta kontuz! Horrek ez du esan nahi gu besteak baino interesgarriagoak garenik. Gurea hiru lagunek 18 urtez defendatu duten proiektu baten historia da. Ez gehiago, ez gutxiago.

Hiru kontzertu emango dituzue, tartean Donostiako Antzoki Zaharrean. Eta gero, zer?
Gero, ba, talde gisa atseden hartuko dugu. Noiz arte? Auskalo! Orain bizi dugun garaian, taldekide guztioi zaila egiten zaigu entsegu erritmoa mantentzea. Eta garai hobeak iritsi bitartean, atseden hartuko dugu.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.