entzun.com


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2008-12-12

GATIBU mundua borobiltzen

Gatibuko kideak. Gatibuko kideak.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Bilboko Kafe Antzokiaren itxieraren egun gutxitara elkartu gara Gatibu taldeko Haimar Arejita (gitarrajolea) eta Alex Sarduirekin (ahotsa). Tragu mingotsa izan dela aipatu digu Haimar Arejitak, izan ere, urtarrilaren 10ean Kafe Antzokian izan behar zuen Gatibu taldearen zuzenekoa bertan behera geratu zen, aurresalmentako sarrera guztiak salduta egon arren. Kontzertu honen ordezkoa Barakaldoko Rock Star Live aretoan izango da datorren otsailaren 28an.

Hiru urte luze behar izan dituzte Gatibu taldeko kideek Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik (Baga-Biga, 2008) azken diskoa argitaratzeko. Single bat baino gehiago gordetzen duen lanak merezi duten tokira eraman ditu Gatibuko kideak eta ez dugu zalantzan jartzen talde honen abesti itsaskorrak behin baino gehiagotan entzungo ditugula aurtengo herriko jaietan zein tabernetan. Abenduan hasitako bira arrakastatsua izaten ari da, eurek ere harrituta daude publikoaren harrera onarekin.



Hiru urtez egon zarete lokalean sartuta azken diskoarekin lanean, pozik zaudete emaitzarekin?

Alex Sardui (A): Horretarako egin dugu hainbeste lan, disko itxurosoa izatea nahi genuelako. Gure musikak izaera berezia izatea nahi izan dugu eta azken disko honetan planteamendu berriak ekarri ditugu gure baitara. Gu gustura geratu gara, ondo egin dugula uste dut, bai sorkuntza lanaren aldetik zein estudioko grabazioarekin oso konforme geratu gara. Esfortzuak merezi izan du.
Haimar Arejita (H): Bai, ondo geratu da diska. Hasierako planteamendua hori zen, abestiak borobildu artean lanean aritzea, inolako presarik gabe. Azkenean, grabazioa bakarrik izan da abesti hoiek ondoen islatzea diskan.


Aurreko diskoetan ez bezala, kolaboraziorik ez dago estudioan zuzenean grabatutako disko honetan...

(H): Ez dugu izan ez astirik ez gogorik horrela egiteko. Nahiko sinplea da planteamendua, gure musika jotzea gauza berririk gabe. Abesti bakoitzak du bere izaera propioa eta berezitua, zer edo zer esan behar du abestiak eta bakoitza da aparteko sormen lan bat. Ildo horretatik denak dira berdinak eta baldin badago konforme uzten ez gaituen abestiren bat ez dugu sartzen eta kito. Abestiak borobila izan behar du, eta horretarako buelta asko eman behar zaio.
Bestetik, zuzenean estudioan grabatzerakoan berezko soinu baten bila ibili gara. Disko honekin izan ditugun baliabideak ez ditugu orain arte izan grabatzerako orduan. Bai soinua teknikoki lantzerako orduan bai sorkuntza aldetik, musikaren beraren soinua hobetu nahi izan dugu. Guk ez dugu egingo abesti txar bat edo soinu aldetik kaskarra dena, horretarako nahiago dugu diskotik kentzea.


Hori da Gatiburen arrakastaren giltza, abesti borobilak eta itsaskorrak egin ahal izatea?

(A): Argi dago abesti bakoitzaren atzean lan handia dagoela baina hori da Gatibu, zuzena eta freskoa. Hori da zailena, sinpletasuna bilatzea, gehitu beharrean kendu.
(H): Gure eskola eta estiloa, musikaren esentzia bilatzea da eta hori da zailena, lerro on bat bilatzekotan, hamar txar bota dituzu atzera. Lerro ona eta zuzena aurkitzea da zailena. Eta hala denean nahiko argi ikusten da abestia balekoa dela.
(A): Guk oinarritik lantzen ditugu abestiak eta hasieratik ideia gustuko badugu aurrera egiten dugu lerro horrekin, bestela, atzera botatzen dugu. Ekonomizatzen dugu, ez dugu egiten edozer.
(H): Diskoan sartu ditugun abesti guztiak dute esanahia; ez ditugu sartu sartzeagatik. Ez gara oso oparoak abestiak egiterako orduan, baina dauden ideia guztiak landuak eta denborarekin hartuak izan dira. Hori da Gatiburen filosofia eta horrela izan beharko luke gainerako taldeentzat ere.


Hiru disko eta hiruretan Ritxi Aizpuruaren laguntza izan duzue, lehen Oihukan eta orain Baga-Bigan.
(A): Ritxik mundu asko dauka. Beraren eskaintza jaso genuen eta beste proposamen batzuekin konparatuta ikusi genuen berarena zela taldea gehien laguntzen zuena. Ritxi zein Baga-Bigaren konpromiso maila handia da eta babestuta sentitzen gara.
(H): Guretzat Baga-Bigarena eskaintza onena zen, batez ere proposamena bateratua zelako, bai managementa zein diskoetxea elkarrekin doazelako. Pertsona berdinekin lan egitea guretzat talde bezala ona da. Baga-Bigako lan taldea ere oso ona da, denok bat egitea aurrera egiteko. Ez da erreza manager egokia eta zure alde apustua egiten duen jendea aurkitzea musika talde batentzat. Horri esker, gure egoera egun onena da.


Birarekin zabiltzate buru-belarri, nolakoa izan da jendearen harrera?

(H): Oso harrera ona egin digute eta oso kontzertu onak ematen ari gara. Jendea oso pozik dago diskoarekin, inoiz baino kritika hobeak lortzen ari gara publikoaren aldetik. Nik ez nuen espero horrelako harrera.
(A): Ongi etorria dena.


Euskal Herritik kanpo mugitzeko asmoa duzue?

(H): Bai, egingo ditugu kontzertu batzuk, euskal musika erabat esportablea da. Ezin zara kexu ibili eta dena eragozpen izatea ateratzeko orduan. Lehenago atera beharra dago eta gero kexu egin.
(A): Euskarazko musika kanpora atera beharra dago, jendea ohitu musikalitate horretara eta atzetik datozenei bidea zabaldu behar zaie, bestela ez da inor aterako. Euskal musika atsegina da entzuteko.


Zer da rock and rolla Gatiburentzat?

(A): Bizitzeko era bat da guretzat. Gauez entseatzea eta gauez aritzea bada rock and rolla, gure bizimodua da hori.
(H): Rock and rolla dena utzi eta musikaren alde egitea, eszenatoki batera igotzea da. Hori da alderik politena. Baina ere bada lokalean lan egitea besteak deskantsatzen daudenean, ordu txikietan ibiltzea, pisu pilo bat eramatea zure lepoan... Hori ere rock and rolla da.


Eta Gernikan, zerbait mugitzen da? Hainbat musika talde dabiltza inguru horretan...

(A): Bai, aspaldi honetan badabil. Bai jende gaztea zein gure adinekoa oso gogotsu dabil, oso aktiboa da herriko bizitza kulturala egun, eta ez da udalari esker. Hainbat musika talde ezagun daude herrian zein inguruan, esan Ken 7, Audience edo The Uskis.

(H): Hiruzpalau urtetik hona berpiztea egon da herrian. Gaztetxe berriaren sorrerarekin batera hainbat talde sortu dira horren inguruan. Bestetik, Iparragirre elkartea sortu dugu herriko rock musika taldeak, 2001etik jarduten dena. Lokala ere badugu, eszenatoki eta guzti eta sei entsegu lokal, barra bat eta bertan gure artean ideiak eta esperientziak trukatzeaz gain kontzertuak ere antolatzen dira.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Irueko Las Kasettes taldeak single berria grabatzen bukatu du.
  • Carlos Ortiz, Balerdi Balerdiko baxu joleak taldea utzi du. Dagoeneko ordezkoa bilatzen ari dira.
  • Siniestro Total taldeak kantu berria argitaratu du: Chico de ayer.
  • Cockney Rejects talde mitikoak urriaren 3an joko du Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan. Oi!

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!