entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

SAGARDANTZA + IDOIA ARTXANKO 2003-02-01

Big Dada goroldiorik ez hip-hopean

Hip-hopari norabide berria emateko zigilua Hip-hopari norabide berria emateko zigilua
Ez da gauza berria diskoetxe jakin baten inguruan mugimendu musikal bat sortzea. Horren azken adibidea Britainia Handiko Big Dada zigilua da. Hip-hopari norabide berriak eman nahi dizkioten artisten bilgune bihurtua, Will Ashon-en diskoetxeak Bouncement deritzon mugimendu estilistikoaren zabaltzaile nagusiena da. Bertan dira, esate baterako, Roots Manuva eta Ty artista ezagunak.


Dabilen harriari ez zaio goroldioa itsasten. Ongi dakite hori Big Dada zigiluaren arduradunek eta haren inguruan dabiltzan artistek. Dagoenarekin konforme ez eta hip-hopa berritzen saiatzen ari dira azken urteotan, estiloari ate berriak irekiaz. Big Dada zigilua orain dela zazpi urte sortu zuten Will Ashonek eta Ninja Tune diskoetxeko buru Peter Quickek. Londresen lekutua dago eta orduz geroztik rapeatzaile, ekoizle eta artista anitz inguratu dira bertara, Britainia Handikoak ez ezik, New Yorketik (Mike Ladd) eta Parisetik (TTC) heldutakoak ere. Eta arro esan dezakete Big Dadakoek euren diskoetxeak babes artistikoa ematen diola irletako rapeatzailerik ospetsuenetariko bati: Roots Manuva jaunari, (Brand New Second Hand disko bikainaren egilea). Baina zigiluaren gainontzeko artistek ez dute munta txikiagorik: Ty, Gamma, Waynne Bennet eta bere Lotek HiFi proiektua, New Flesh… Zerrenda amaigabea da.
Bada, urte guzti hauetan Big Dadak eragin dezentekoa lortu du mundu zabalean eta hip-hop komunitatearen errespetua bereganatu ere jarrera zintzoa eta talentua erakusten duten artisten lanak ekoitziz. Halaber, Big Dadaren inguruan Bouncement deritzon “mugimendua” sortu da, guztiz malgua eta anitza soinuari dagokionean, baina, aldi berean, detektatua izateko elementu aski biltzen dituena. Lirika eta soinuen esperimentazioan, estiloen uztarketan eta bilaketan oinarritzen da Bouncement delakoa, urtea amaitu aitzin kaleratutako Extra Yard bilduman argi ikusi genuen bezala. Big Dada diskoetxeko buru Will Ashonekin kontaktuan jarri da Entzun! guzti honetaz mintzatzeko. Honatx emaitza.

Noiz eta nola sortu zen Big Dada?

1996an sortu nuen Ninja Tunes-ekin elkarlanean. Gure lehendabiziko ekoizpena 1997ko ekainean atera genuen. Momentu horretan hip-hopean gertatzen ari zena islatuko zuen zigilu bat sortzeko gogoa nuen, baina ez nuen batere dirurik. Horregatik, Peter Quick, Ninja Tuneko jabearengana jo nuen. Pare bat alditan egona nintzen berarekin eta hark saiatu gintezkeela esan zidan. Zorte itsuaren eta ausazko erabakien arteko uztarketa bat izan zen.

Big Dada zigilu errespetatua da. Hala ere, zaila zaizue zuen ekoizpenak Britainia Handitik kanpo ezagutaraztea? Nola dakusazu merkatua momentu honetan?

Kontent naiz errespetatuak izateagatik. Ninja Tunek banaketa sare oso on bat dauka. Beraz, nahikoa ongi ateratzen ditugu gure diskoak. Kontuan izanik eginkizun zaila dela, ongi egiten ari garela uste dut.

Norantz doa hip-hopa gaur egun?

Nork daki? Horretan datza hip-hoparen edertasuna. Urte gutxitan behin, norbait agertzen da eta buelta osoa ematen dio. Ezin duzu iragarri nola eta nondik aterako den mutiko bat. Besterik gabe, gertatzen da. Eta honek horrela izaten segitzen duen bitartean, hip-hopa musika molde bizia eta freskoa izanen da.

Eta zertan datza Bouncement delakoa?

Erresuma Batuan egun garatzen ari den hip hop soinu bat deskribatzeko erabiltzen dugun hitza da bouncement; beat-ari dagokionez hegoaldeko bounce (timbaland eta abar) eta dancehall/bashment arteko nahasketa da, Erresuma Batuetako era indartsuan aurkeztua.

Zenbat artistek eta musikarik osatzen dute?

Nork daki? Soinuaren garapen orokor bat da, zeina leku guztietan entzuten ahal den, Villains-tik MCDra, Fallacyra, eta abar. Mugimendu bat bainoago, garapen estilistiko bat da. Edo probokazio bat, jendeari garapen estilistiko bat ezagutarazteko probokazioa.

Hitz egiguzu Extra Yard bildumari buruz. Nola sortzen da?

Extra Yard gure zigiluko artista britainiarrek egindako proiektu bat da. Artistek euren kantuak bidaltzen dizkidate, nik aukeratzen ditut eta Dj Excalibah-ek nahasten ditu.

Eta zer diozu Extra Yard-en parte hartzen duten artistei buruz? Zein da haien indarra?

Roots Manuva, Ty, New Flesh eta Gamma ezagutuko dituzue jada. Erresuma Batuan beteranoak dira eta guztiak mugak zabaltzen saiatzen dira pixka batean. Modu berriak erabiliz espresatzen dira. Wayne Bennett Lotek HiFi-ren atzean dagoen pertsona da. Lehen diskoa atera zuenetik Roots Manuvak ekoitzi dio. Orain bere kabuz abiatu da bere talde berriarekin, zeinak leftfield reggaea egiten duen hip-hop metodoak erabiliz. Gure artista berria aldiz, Infitine Livez da: Kool Keith eta Ian Duryren arteko nahasketa moduko bat da. Gizon gaixo bat!

Nolakoa da Londreseko hip-hop eszena?

Oso ona! Lagun gehiegi ditut gehiegi atera ahal izateko.


BOUNCEMENT ETA EXTRA YARD
Erresuma Batuan dauden hip hop talde edo proiektu batzuei eta bereziki Big Dada diskoetxeko artisten estiloari (Roots Manuva, Ty, ...) Bouncement esaten zaie. Baina zer da Bouncement delako hori? Hip-hopa ulertzeko modu bat da, ondoko maxima honetan ardaztu daitekeena: “Ez dago ongi iraganaz bizitzea, 1992ko Dj Premierren beat-en gainean rapeatzen amestuz. Horrekin bizi eta aurrerantz mugitu”, diote Big Dadakoek. Hala, Bouncement-ek kaleko soinuak bildu eta uztartzen ditu: soula, 2step-a, reggae-a, technoa, elektroa, afro beat-a… Emaitza etorkizunari begirako hip-hopa da askoren ustez. Guzti honetan, Britainia Handiko “iragan beltzak” badu zerikusirik: dena hartu eta nahastu egiten duen sound system-aren inguruan eraikitako iragana, alegia. Extra Yard bilduman Bouncement filosofiaren eta soinuaren lagin bat aurkituko du entzuleak. Urtea amaitu aurretik kaleratu zen eta Roots Manuva, Ty, Gamma, New Flesh, Wayne Bennet eta Infinite Livez artisten material berria biltzen du. Diskoa Dj Excalibah-ek nahastua da.


MAJESTICONS VS INFESTICONS

Big Dadak Londresen du paratua kuartel nagusia, eta Britainia Handikoak dira ere zigiluaren artista gehienak. Dena dela, Amerikatik datozen proiektu interesgarriak ere biltzen ditu bere magalera. Hauxe azkenetariko bat: Atlantikoko bestaldetik Mike Ladd borrokalariak Big Dada zigiluarentzat prestatu duen Infesticons VS Majesticons trilogiaren bigarren diskoa, Beaty Party izenburukoa. Zibilizazio ona (Majesticons) eta zibilizazio txarraren (Infesticons) arteko liskar historiko-metaforikoan laburbiltzen da trilogiaren kontzeptua. Bada, bigarren atal honek eskola zaharreko zaporeaz kutsatutako hip-hopa dakar, oso funkya, MC zerrenda on batekin, souletik gertuago daudenak ohiko flow-etatik baino, emakumezkoei dagokienean batik bat. Artista emankor eta inkonformista honek edertasun beltza, izpiritu ona eta betiko hip-hopa aldarrikatzen ditu, eta bide batez, beste adreilu bat paratzen du bere ibilbidean. Beaty Partyren ondotik azken asaltoa falta da Majesticons-en eskutik. Ez dakigu ordea bajak izanen dituzten edota, aitzitik, gehiago gehituko zaizkien. Ez oso luzera Big Dadak argituko digu enigma.

2003, OTSAILA-MARTXOA
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Fermin Muguruza & Kontrakatxa Hego Amerikan daude maiatzaren 16tik: Chile, Montevideo, Bogota, Mexiko...
  • Foehn zigiluaren udaberriko nobedadeak: BALAGOren Darder eta OSO LEONEren Mokragora.
  • Zaramak hiru abesti dituen disko labur batekin datorkigu: Sinestezina. Hemen entzun.
  • Jazzaldian euskotarrak: 18 talde, 9 dj, B. Achiary, I. Salvador, M. Azpiroz, Igelaren Banda... www.heinekenjazzaldia.com
  • SONISPHERE 2013: Madril (Mai 31) & BCN (eka 1). Kartela: IRON MAIDEN, ANTHRAX, MEGADETH, AVANTASIA...
  • Balerdi Balerdi taldeak Petti beratarra fitxatu du. http://balerdibalerditaldea.wordpress.com/

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!