entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Igor Susaeta 2005-12-08

GOSE benetakoa, ezberdina

Sexua & elektronika Sexua & elektronika
Lotura erlazionatuak
Diren moduan eratu dute Gose proiektua Ines Osinagak (ahotsak eta trikia, Ekonen ibilitakoa), Iaki Bengoak eta Tadeosek (programazioak, Bad f-Linen ibilitakoak). Eta emaitza, halabeharrez, naturala da. Sortzaileak, musikoak direlako, esperimentatzea gogokoa dutelako eta, zergatik ez, Maurizia estimatzen dutelako. Hartara, trikitixa ohikoak izan dituen esparruetatik atera eta elektronikarekin ezkondu dute, trikitixari bere nortasuna eman nahian. Horretarako osagaiak hauexek: inteligentzia, iradokitzeko gaitasuna, sentsualitatea, sexualitatea eta bizitzaren gatza eta piperra adierazten duten letrak. Inesen ahotsak xuxurlatu bezala estutzen du.


Probokatzeko gogoa al zenuten?

Ines (I): Apur bat bai, baina trikitixa beti egon izan da, uste dut, probokazioarekin lotuta. Eta probokazioa dela uste duenak? Norberak nahi duena egin dezake. Eta gustatu edo ez gustatu? Aukera denak ulertu eta onartu behar dira.
Iaki Begoa: Ez dut uste. Coca Cola ardoarekin nahastu zuena, adibidez, ez zen probokatzaile bat, hori bururatu zitzaion eta kito. Gure musikak nahastu ditugu. Hau da, Tadeosek eta nik sekuentziekin lan egin izan dugu eta Inesek trikitixa jo izan du beti. Azken instrumentu horri beste aldaera bat eman diogu, besterik ez.

Baina probokatzea lortu al duzue?

I.B: Norbaitek hori pentsatzen badu... Ez dakit, guk gauzak normalizatzearren egin dugu hori. Disko guztiak, esaterako, tabernetan, disko-dendetan edota liburutegietan aurkezten dira, bada guk sex-shop batean. Puristaren bati oso arraroa irudituko zaio dena, baina guk era naturalean egin dugu.

Rara avis-ak Euskal Herrian?

I: Ez dakit, nik momentuan gura nuena egin dut. Trikitixa elektronikarekin probatzea gaizki ez litzate-keela egongo pentsatu eta diskoa atera dugu.
I.B: Mauriziaren bidea jarraitu dugula uste dut. Maurizia beti gustatu izan zaigu Tadeosi eta niri. Bera ere, bere garaian, apurtzailea izan zen: kantatzeko zuen eragatik, esaten zituen gauzak lizun samarrak zirelako, bere jarrera punkia...

Diskoa ateratzeko ideia norena izan zen?

I.B: Ideia oso zaharra da. Ines Ekonekin hasi baino lehenago pentsatu genuen horretan. Harremanetan jarri eta esan genion elkarri: Zuk eta nik dakiguna uztartu behar dugu. Eta orain atera da, era naturalean.
I: Orain dela urte bete heldu zen momentua, eta denboraz ondo genbiltzanez, lanean hasi ginen eta aurrera.

Suposatzen dut, Bad f-Linekoei ez zaizuela trikitixa bere oinarrizko formatuan gustatzen

I.B: Beno, hemengo instrumentuei edo hemengo gauzei beste ikuspuntu bat ematen saiatzen gara. Gure lehenengo diskoan, aspaldi, gogoan dut txalaparta sartu genuela. Instrumentu edo soinu horiek beste aukera batzuk eman ditzaketela uste dugu. Hori nahi dugu
I: Niri ere ez zait gustatzen trikitixa sagardoarekin eta taloarekin bakarrik lotzea. Ez nago ados ideia horrekin. Gurea ez da probokazioa, guztiz kontrakoa, instrumentuari nortasuna ematea baizik; kentzea ez, ematea.

Trikitixa bere ohiko esparruetatik ateratzea zen zuen helburua, ezta?

I: Hori da. Eta igual, horregatik, trikitixa sekula entzun ez duen batek, bada, trikitixa entzungo du.
I.B: Inesek trikitixa jotzen du baina musika, orokorrean, gogoko du, eta horretatik elikatzen da. Beraz, gauzatu den disko hau egiteko aukerak ikusi genituen.
I: Bai, trikitixa jotzen dut, baina txirula jo nezakeen bezala. Nire ustez, instrumentu jakin bat jotzen du norberak, momentu jakin batean hori egiten hasi zelako. Anekdota hutsa da.
I.B: Trikitixa jotzen duten gehienek aukera bakarra ikusten dute. Baina Inesen kasua ezberdina da: trikitixa jotzen zuen, baina gero Ekonen ibili zen eta bere ikuspegia zabaldu zen.

Zein harremana dute trikitixak eta sexuak?

I: Erabatekoa! Baratzeko pikuak hiru txorten ditu!. Inpernuko hauspoa deitzen zaio trikitixari, ezta? Baina beno, abestiak eta letrak ez dira horregatik egin.
I.B: Galdetu iezaiozu Mauriziari. Gauza horietaz bakarrik hitz egiten zuen. Baina orduan esaten zen: ui, ze pikantea!. Eta orain, berriz, pornografikoa da. Sexuari buruz hitz egiten dugu, baina edozein larunbat gauetan jendeak hitz egiten duen beste. Gurea, baina, idatzita geratzen da.
I: Larrua jo esan nahi dugunean, bada larrua jo esango dugu, ez diogu buelta gehiago emango. Gainera, letra batzuk sexuari buruz dira eta beste batzuk, ordea, ez. Guk berba egiten dugunaren araberakoak dira letrak. Normala da.

Zergatik Gose?

I: Ez dakit, gauza askoren gose gara, ezta?
I.B: Izenaren sonoritatea gustatzen zitzaigun. Gainera, Bad f-Lineren abesti baten izena da.

Trikia eta elektronika hobeto uztartzen al dira erritmo lasaietan, intimoetan, sugerenteetan? Zuen diskoa entzunda ondorio hori atera dut.

I.B: Nire ustez, nahasketa hori besteak baino hobeto egiten dugu. Abesti ia gehienak horrelakoak dira. Agian, komertzialagoak direlako.

Zein izango da zuen entzuleria?

I: Ez dakit, Arrasaten emandako kontzertuetan zera ikusi genuen: aretoan, sekula trikia entzun gabeko jendea eta sekula musika elektronikoa entzun gabeko jendea bildu zen. Hurrengo kontzertuetan ikusiko dugu zein entzuleria edukiko dugun.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.