entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Iaki Esnaola 2007-02-18

GOSE dietek ez dute balio


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Azken urtean sona berezia lortu dute GOSE taldekoek. II diskoa argitaratu bezain pronto makina bat kontzertu eta aukera eder izan dituzte beraien fusio erakargarria, bi zentzutan, hedatzeko. Formula ondotxo ezagutzen dugu. Trikitixa, elektronika eta feeling lizuna. Berriki, beraien myspace atarian (myspace.com/gosegose) abesti berri bat jarri dute: Ez Gorde Museotan. Ines abeslari eta trikitixa jotzailearekin izandako solasaldia ez dugu gorde nahi. Hona hemen...

Iragan urtearen amaieran II bigarren diskoa argitaratu eta aurten aurkezten eta hedatzen ari zarete. Ondo mimatutako lana da?
Lehenengoa baino askoz lan zailagoa da bigarrena. Lehenbiziko diskoa egiteko nahi beste denbora izan ohi da. Lasai hartu, probak egin, esperimentatu, kantuak egin, desegin, berregin... Bigarrena prestatzea, ordea, pasa zitzaizkigun gauza guztiekin (Carlinhos Brown, Eutsi!... eta, batez ere, urte hartan egin genituen kontzertu guztiak), ez zen batere erraza izan. Oso denbora gutxi izan genuen, eta diskoa egin, egin behar zen. Hasieratik bukaerara. Imajina zenezake zenbat gaupasa egin genituen Shot!-en... Askotan (gehienetan), kontzertutik bueltan estudioan lanean jartzen ginen.
Baina gehien poztu gintuena zera izan zen: hain denbora laburrean horrenbeste gustatzen zaigun eta hain harro gauden diskoa egin izana! Hala ere, guk beti esaten dugu gseren diskorik onena hurrengoa izango dela...


Eskaintzen duzuen trikitixaren aurpegi berritzailea, dagoeneko barneratu da gurean. Jendea asetzen du. Baina oraindik gose zarete iraultzarekin jarraitzeko?
Ez dugu inongo iraultzarik egin. Sekula ez dugu trikitixaren mundu tradizionala aldatu nahi izan. Musika besterik ez dugu egin. Trikiarekin eta elektronikarekin, bai, baina musika. Trikiari lotzen zaizkion talo, txistorra eta baskito mozorroak ez zaizkigu gustatzen. Horiek bere horretan utzi ditugu hala nahi dituenarentzat. Agian trikitixarentzat benetako iraultza Kupelaren azken erremixaren bideoklipa izan da... Horrek bai irauli duela euskal folklorea, eta ez guk!!


Egia esan, trikia eta elektronika, garai ezberdinetako bi musika estilo uztartzeak, kontraesana lortu baino, efektu deigarria sortu du. Zergatik uste duzue?
Oraina momentu hau da, iragana joan da, eta geroa ez da inoiz iristen. Ez dugu uste trikia eta elektronika garai desberdinetakoak direnik... gsek soinuak nahasten ditu, ez estiloak. Trikia gustatzen zaigu, instrumentua bera eta bere soinua. Eta noski, baita musika elektronikoa ere. Egin dugun bakarra gutariko bakoitzak bere aldetik egiten zekien hori nahastea izan da. Besterik ez. Ardo beltza eta Cocacola nahastea kontraesana irudituko zaio agian norbaiti... Eta ezin esan efektu deigarria sortzen ez duenik kalimotxoak!!


Folk, elektronika, bossa-nova, rock, punk... aberastasunaren alde egin duzue zuen bigarren diskoan. Fusioak erakartzen du Gose hirukoa?
Esaten nizuna. Ez ditugu estiloak nahasten, soinuak baizik. Horrexek eskaintzen digu hain aukera zabala. Hor dago aberastasuna. Eta baita jolasa ere. Horixe da hasiera-hasieratik gsen argi geneukan ideia. Lehenbiziko diskoan ere aurkitu ahal ditzakezu elkarren alboan hain desberdinak izan daitezkeen tangoa edo sehaska kanta bezalako erritmoak. Gutako bakoitzaren soinuaren ekarpenekin (trikia + elektronika + gitarrak) sortzen den edozein erritmotara gaude irekiak. Hori da dibertigarriena, ez al duzu uste? Gse leiala dela diogunean ez dugu esan nahi fidela denik...


Diskoa borobiltzeko Hertzainak taldearen Hil Ezazu Aita kantuaren bertsioa sartu duzue. Zer dela eta?
Bertsioak egitea atsegin dugu. Gustatzen zaizkigun edo gugan eragina izan duten taldeei eginiko omenalditxoak dira. Batzuk zuenganaino heltzen dira eta beste batzuk, ordea, bidean geratzen dira... Hasieratik geneukan talde horren (Hertzainak) eta, bereziki, letra hori duen abesti horren (Hil ezazu aita) moldaketa egiteko gogoa.


Aipatzekoa da Goseren irudia nola zaintzen duzuen. Lehen diskoa beltza eta lizuna. Bigarrena zuria eta lizunkeriak janzteko asmoa. Musikarekin batera diseinua ere lantzea derrigorrezkoa da?
Gure lanaren alderdi guztiak zaintzea gustatzen zaigu. Gure iritziz, disko bat ez da 10 abesti bata bestearen atzean jarrita. Ez hori bakarrik. Diskoari bere osotasunean garrantzia ematen diogu, eta detaile bakoitza zaintzea gustatzen zaigu: azala, gaileta, argazkiak, hitzak idazteko era, diseinua... Horixe da gure gauzak egiteko modua.


- - - - - - - - - - - - - - - - -- - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - -


ARDO BELTZA ETA COCACOLA NAHASTEA KONTRAESANA IRUDITUKO ZAIO AGIAN NORBAITI... ETA EZIN ESAN EFEKTU DEIGARRIA SORTZEN EZ DUENIK KALIMOTXOAK!

JULIETTEK EL CABO DEL MIEDO-N HARTU ZUEN PARTE. GUK EUTSI!-RAKO KANTA EGIN GENUEN. EUSKAL HERRIKO ROBERT DE NIRO ANJEL ALKAIN AL DA? PUES ESO


- - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - -


Irudiarekin jarraituz, argazkiak, zuzenekoak, promozioa... ere ederki zaintzen dituzue. Irudiaren garrantzia erabatekoa da gaur egungo jendartean?
Noski. Are gehiago, eszenatoki gainera igotzen den edonorentzat. Ez dut ezagutzen musikaririk agertokira igo aurretik parean ispilu bat edukiz gero bertan begiratzen ez denik... Estetikaren kontu hori da hasiera hasieratik argi geneukan beste zerbait. Kontzertuetara joaten den jendea taldea ikustera joan dadila nahi genuen, ez bakarrik kantuak entzutera... Argi ikusten da teknoaren eragina asunto honetan. Chemical Brothers-en kontzertutik ateratzean jarri ginen pentsatzen ea horrelako zerbait egin ote zitekeen... aurrekonturik gabe!


Esaterako, zuen izenak indar handiagoa hartu zuen Carlinhos Brownekin jo zenutenean. Edo Eutsi! filmaren soinu bandan parte hartu zenutenean (kantu bikain batekin!). Hau gutxi balitz, Juliette Lewis anderearekin ere bat egin zenuten Radio 3-en. Gose mediatikoa bihurtzen ari?
Horiek baino askoz ere gauza gehiago egin ditugu!! Bilboko BIKE Kolektibo Elektronikorako abesti bat egin dugu, Cadizen 5 kontzertu eman ditugu jarraian, Fangoriarekin batera jo dugu, 3 lagunentzat jo eta izerdi patsetan amaitu dugu, Arrasateko AED euskara elkarterako kantu bat egin dugu... Horiek guztiak suertatzen diren aukera desberdinak dira. Aurrerapauso txikiak. Gertatzen dena da badirela batzuk komunikabideetan oihartzun handiagoa sortarazten dutenak. Badira Teleberrian ateratzen diren berriak, egunkarietako portadan azaltzen diren notiziak, kirolen atalean ateratzen direnak, kultura sailean azaltzen direnak, inon atera ere egiten ez direnak... eta badira eskelatan agertzen direnak ere! Ez dakigu zergatik.


Orain bai, Euskal Herriko Juliette Ines al da?
Juliettek El cabo del Miedo-n hartu zuen parte. Guk Eutsi! -rako kanta egin genuen. Euskal Herriko Robert de Niro Anjel Alkain al da? Pues eso.


Mila eta bat estilo aipatu ditugu aurrerago. Fusioaren aldekoak zaretela. Baina kontzertuetan zein da Goseren benetako jarrera?
Gure kontzertuak erromerietatik edo tekno sesioetatik oso desberdinak dira. Gertuago dago gure proposamena rocketik edo punketik. Horien jarrera atsegin dugu. Kontzertuak zuzenak eta beroak izatea gustatzen zaigu. Izerditu eta jendeari goitik zuzen begietara begiratu.


Dagoeneko makina bat kontzertu eskaini dituzue disko berria aurkezteko. Orain, ekainean, bira berri bat egin duzue eta udan ere hara eta hona ibiliko zarete. Gelditzeko asmorik ez duzue, ezta?
Gelditu? Ez, hori inoiz ez! Gose garen artean ez behintzat. Oso pozik gaude orain arteko ibilbidearekin. Makina bat kontzertu eskaini ditugu, bai Euskal Herrian baita gure mugetatik kanpo ere. Orain, ekainean, hara eta hona ibili gara, Igorretik Gironara eta handik Donostiara...


Gose zaudetela bistakoa da, baina zein zapore dastatu gura dituzue aurrera begira?
Fresa-Limon. Kukurutxoan bada, hobe. On egin!


2008KO UZTAILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.