HCa genero borrokalaria.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Hardcorea, hogei urtetik gorako historia daukan genero borrokalaria, aldaketa garai bat igarotzen ari da. Horregatik, pultsua hartu nahi izan diogu lau adituri haren inguruan galdetuz: Xavi Cervantes (Rockdelux-eko erredakzio koordinatzailea), Boliche (Subterranean Kids ohia eta Outline kontzertu sustapen eta zigiluaren arduraduna), Jordi Llansamá (Bartzelonako Bcore zigilu enblematikoaren sortzailea eta 24 Ideas taldearen baxu jole ohia) eta Pepo Márquez (Staf aldizkariaren koordinatzailea, The Secret Society-ko zerebroa eta Our Bed is The Ocean-eko kidea, Winter Forever Recordings zuzentzeaz landara).
Zer da hardcorea? (azalpena ez adituentzat)
Jordi. Joder, zelako galdera. Musika estilo bat da bizitzeko estilo batera lotuta dagoena. Nik esanen nuke hardcorea punkaren eboluzio naturala dela, baina buru gehiagorekin, ez horren auto-suntsitzailea, positiboagoa ordea. “No future” gutxiago; “goazen gustatzen ez zaiguna aldatzera” gehiago.
Xavi. Hitz batean: Jarrera. Hitz gehiago erabilita: hardcorea nihilismoaren putzutik ihes egin zuen punkaren eboluzioa da.
Boliche. Izan ere, uste dut inportanteagoa dela alderdi ideologikoa musikala baino. Punkaren alderdirik gogorrena eta basatiena da, mezu positiboagoa darabilena, baina ironikoa aldi berean. Soinuari dagokionez, oinarrian musika azkarra da, oldarkorra eta inkonformista. Modu auto-ekoiztuan edo lokal marjinatuetan funtzionatzen ohi zuen, nahiz eta dagoeneko zirkuito komertzial guztietan leku dezentekoa lortu duen.
Generoaren jatorriak/sustraiak.
Jordi. Nik uste dut AEBak direla sehaska; Black Flag, Minor Threat, SSD, Negative Approach eta gisako bandak.
Pepo. Irakurtzen duzun liburuaren arabera, gauza aldatzen da. Ni ondokoarekin gelditzen naiz: antza denez, talde aitzindariek film pornografikoak jartzen zituzten zine aretoetan entseatzen zuten (ez dakit abandonaturik zeuden ala ez). Estatu Batuetan pornoari hardcorea deitzen zaio ere. Hortik, diote, izena. Hau guztiarekin hasi ziren bandak: Bad Brains, Black Flag, Youth Of Today, Minor Threat eta askoz ere gehiago.
Boliche. Estatu Batuetan (Kalifornian konkretuki), Black Flag edo Circle Jerks gisako bandek beren estiloa izendatzeko termino hori hartu zuten bitartean, Erresuma Batuan, garaiko talderik gogorrenek (Disorder, Chaos UK edo The Insane) hardcore punk esamoldea zerabilten baita ere 77ko lehen bandetatik –The Damned edo Sex Pistols– bereizteko. Munduko herrialde guztietara hedatuz joan zen hau.
Xavi. Hemen ez da inor ados jarriko. Aldi berean Los Angelesen, New Yorken, Washingtonen, Londresen… sortu zen fenomenoa izan zela uste dut. Entzutera emateko beharra zeukaten, zarata eta abiadura autoafirmazio tresnak bezala erabiltzekoa, ezkortasun sozialak, kulturalak eta, batez ere, indibidualak baldintzatutako testuinguru batean.
Nola eman zituen hardcoreak lehen urratsak?
Xavi. Bi bidetatik eboluzionatu zuen. Bata formala, azelerazioarena, gerora trash metalak eta grindcoreak hartuko zutena, baina baita Hüsker Dü bezalako bandek ere. Banda hauek popari propioago dagozkion egitura melodikoekin uztartu nahi izan zuten. Beste bidea ideologiko-existentziala izan zen, Minor Threat edo Youth Of Today bandei lotu izan dena: straight edge-a. Konnotazio sektario ukaezina izan bazuen ere, perspektibaz begiratuta bizi-aukera guztiz alternatiboa izan zen. Adibidez, Straight edge-aren jarraitzaileek eskuan margotzen zuten X-ak, Estatu Batuetako taberna, klub eta diskoteka batzuek 21 urtetik beherakoei (hau da, alkoholik edaterik ez zutenei) margotzen zieten X-ari egiten zion erreferentzia. Bereizgarri estetiko-sinbolikoa bezala onartzerakoan, straight edge zaleak diferentzia bat onartzen ari ziren; helduen mundua borrokatzen zuten eta aldi berean rockaren orden zaharrean oinarritutako mundu “gazte” hori.
Noiz heldu zen generoa Estatu espainia-
rrera?
Jordi. 80ko hamarkadan, Subterranean Kids, GRB, Anti-Dogmatikss eta L’Odi Social bezalako banden eskutik.
Xavi. Berandu iritsi zen. Lehendabizi kontu honen punk-ikuspegia finkatu behar izan zen eta horrek dezenteko denbora eraman zuen. Data esanguratsuak gorroto ditut, baina uste dut hardcorea Subterranean Kids hasi zirenean haragitu zela.
Boliche. Hardcore gisa definitu ditzakegun lehen bandak Subterranean Kids, GRB, Anti-Dogmatikss, L’Odi Social... izan ziren. Bartzelonan eta inguruetan sortu ziren ia guztiak 80ko hamarkadaren hasieran/erdialdean. Batzuek punka jotzen zuten eta hortaz, esan genezake soilik influentzia berrietara egokitu zutela euren soinua. Zertxobait beranduago, ia erkidego guztietan tokian tokiko taldeak zeuden maketak autoeditatzen eta jotzea posible zen leku eskasetan jotzen. 90eko hamarkadaren hasieran revival moduko bat (nolabait deitzeko) egon zen: banda berriak, jende aktiboagoa fanzineetan sartuta zebilena eta zigilu independenteak edo irrati emisorak sortu zituena, kontzertuak eta birak antolatu zituena... Bartzelonako Bcore zigiluak orduko erreferente izan diren ia banda guztiei argitaratu zien, eta horien artean Corn Flakes edo 24 Ideas azpimarratu behar ditugu.
Zein da zure bizitzan gehien entzun duzun hardcore diskoa?
Jordi. Ez dakit ba! 7 Seconds-en
The Crew bat izan liteke. Euren hardcore positibo eta sinpatikoak beti eman dit puntu ona.
Boliche. Bakarra esatearren, beharbada Poison Idearen
Pick Your King. Hardcore disko bat izan behar duen guztia dauka. Kantu laburrak, azkarrak gehienak, amorrua…
Xavi. Niretzako Minor Threat-en diskografia osoa. Generoaren lehen eta azken esentzia da, momentuko kitzikapena islatzen du eta taldea desegitera eraman zituzten gatazkak aditzera ematen ditu, hasierako asmoaren eta sorrarazitako erreakzioaren arteko kontradikzioa… Exajeratu gabe, artea da.
Pepo. Ez dakit, batzu-batzuk esanen ditut: Refused-en
The Shape Of Punk To Come,
Sick Of It All-en
Scratch The Surface, Indecision-en
Unorthodox, Ignite-ren
Call On My Brothers (talde hau galtzera eman zen, baina bi disko handi handiak ditu), Minor Threat-en
Out of Step…
Mutazioak 90eko hamarkadan. Zer da post-hardcorea? Eta slowcorea? Eta emocorea? Hardcorearen luzapenak dira? Estilo desberdinak? Zeintzuk dira hardcore klasikoarekiko dituzten loturak eta desberdintasunak?
Xavi. Ongi etorriak etiketen infernura! Emoa saiakera on bat izan zen hardcore klasikoarekin hazi baina bestelako musika eskaini nahi zuten bandek hardcorearekin lotura mantentzen segitzeko. Ustez adierazteko beharra zuten baina ustez hardcore klasikoan lekurik aurkitu ez zuten talde batzuk katalogatzeko balio izan zuen baita ere. Baina, ia dena bezala, erdizkako egi bat zen eta intentzio txarrik gabeko gezur bat. Akaso, bizirauteko kontu bat izan liteke. Formalki, hardcorea laster batean gelditu zen kodifikatua. Beraz, ez zen batere arraroa batzuek hardcorearen oinarria – sendoa eta kodifikatuta – bere egitea eskaintza berriak plazaratzeko, mutazio berriak, batzuk besteak baino eszentrikoagoak, batzuk besteak baino interesgarriagoak… jazza, noise-a, funka, popa… Emoa eta post-hardcorea nabarduraren logika horren barruan sartzen dira, postmodernitatearen behaztopa saihestezin horretan.
Pepo. Suposatzen dut “-core” atzizkia daraman edozerk estilo batekin baino, jarrera batekin zerikusia duela, musika eta bizitza enfokatzeko modu batekin. Azken finean, badira talde batzuk atzizki horren barruan pop klasikotik gertuago daudenak beste edozein gauza batetik baino, eta halarik ere, “-core” deitzen zaie. Suposatzen dut 80ko hamarkadan dena zela muturragokoa, dogmatikoagoa: hau da hau, eta zalantzarik gabe, ez da hori. Hala ere, 90eko hamarkadan dena nahastu zen: batzuk iristen dira eta jazzarekin nahasten dira, beste batzuek popa eta zarata sartzen dute eta horko horiek zer den ez dakigun gauza bat nahasten dute.
Boliche. Esan genezake musika estiloak definitzeko sortutako etiketak direla, baina gehiago kezkatzen nau hardcorearekin zerikusi zuzena duten edo ez jakiteak, zerbait komunean… Niretzako estilo ezberdinak dira, nahiz eta oinarri beretik sortuak izan. Ez naiz ni aproposena inor juzkatzeko, baina lehen kooperazioa aipatu dugu hardcorearen nortasun ikur gisa, baina nekez ikusiko duzu estilo jakin bateko bandetako kideak beste estiloko banden kontzertu batean. Esaterako, ez dut uste post-hardcore edo emo delakoen entzuleria hardcore klasikoa egiten duten taldeen kontzertu autogestionatuetara hurbilduko denik. Eta oker ez banago, hau ez da kooperazioa eta ez du berezko identitatea daukan eszena laguntzen. Gauza ezberdinak dira, ez dago zalantzarik, gertatzen dena da oso ongi gelditzen dela post-hardcore hitza rock edo milaka aldiz erabilitako beste etiketaren bat erabiltzea baino. Badirudi prentsa lokalari arras gustatzen zaiola…
Hardcorea sasoi pattala, bikaina edo normala igarotzen ari da? Zer espero da?
Xavi. Estilo gehientsuenei gertatzen zaiena gertatzen zaio hardcoreari ere. Sorpresarako gaitasuna dezente gutxitu da eta geroz eta margen gutxiago dago maniobratzeko, kontzeptu eta forma berriak aurkezteko.
Jordi. Nik uste dut momentu pattala igarotzen ari dela zentzu batean: banden eta negozioaren “astinaldia” hain da handia galdu egin dela komunitatearen zentzua.
Bestetik, hau zirkuito txikietan mantentzen segitzen da, oraindik masifikazioan sartu ez diren bandekin.
Pepo. Hardcorea krisian dago duela urte batzuk. Ez dakit zer espero dudan. Egia esateko, duela denbora asko ez dut ezer konkretuki espero. Geroz eta deskonektatuago nago. Haratago doazen bandak interesatzen zaizkit. Ez dakit: Stand Still, Cave In… hardcore ez diren bandak baina “–core” atzizkia daramatenak.
Boliche. Mereziko luketen arreta eskaintzen ez zaien talde on asko dago oraindik. Beste batzuk ordea, merezi gabe, prentsa musikalaren sektore baten babesa jaso dutela dirudi, eta uste dute mundua jaten ari direla. Pertsonalki uste dut hardcorea geldituta dagoela. Gehienentzat moda musikal bat da. Gutxik bizi dute benetan. Beti izan ditugu gure bertuteak eta gure akatsak eta uste dut berdin jarraituko duela, hau da, normal, normala… Kar, kar, kar.
2003, ABUZTUA-IRAILA