entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
RAFA CABEZA 2003-10-02

HARLAX pauso bat aurrera

Harlax boskotea eta nu-metala Harlax boskotea eta nu-metala
Harlax talde gaztea baina autentikoa, benetakoa da. Ez dira bost mertzenario, euskal musikaren panorama jateko biltzen diren horietakoak (egon badaude). Bost lagun dira eta beren ilusioa musika egin eta apal-apal, egunero pauso bat aurrerantz ematea da. Bidean sufritu, gozatu, momentu txar eta onak pairatu dituzte. Baina ez dira geldituko. Ilusioa dute motore. Laster aterako da beren disko berria.


Bestearekin alderatuz, disko hau askoz sendoagoa, landuagoa da. Kalitate aldetik ere salto handia sumatu dut. Zein da sekretua? Ordu asko sartu duzue lokalean?

Aurreko diskotik ia hiru urte pasa dira eta denbora honetan, kontzertu dezente emateaz gain, lokalean ordu asko pasa ditugu. Honek ikasten lagundu digu, bai konposizioan ideiak garbiago izaten, baita jotzean ziurtasun gehiago izaten ere.

Lana oso gitarreroa da, riff kaeroez betea. Riff horietatik hasita konposatzen duzue?

Bai hala da, gitarrek kaa eta indarra daukate, guretzat hori ezinbestekoa da. Konposizioan denetarik daukagu, normalean, gitarra riff bat izaten da abestiaren hasiera, etxetik eramana edo lokalean inprobisatzen ateratzen duguna. Guztien gustukoa bada, aurrera jarraitzen dugu berarekin.

Aldaketak izan dira bandan, baina zuen formularekin jarraitzen duzuela esan daiteke, ezta?

Orokorrean bai, baina jauzi handia egin dugu. Jarraitzen dugu bi gitarra, baxua eta bateria izaten, aldaketa nagusia ahotsean dago. Poterok taldea utzi zuen duela bi urte inguru eta boskote modura jarraitzea erabaki genuen.

Metal berrira bideratzen dira zuen pausoak... Zeintzuk dira zuen influentziak? Asko aldatu al dira maketa garaietatik?

Egia esateko bai. Momentu honetan atzerritik Papa Roach, Hoobastank, Incubus, Guano Apes, Sistem of a Down, Limp Bizkit, Habeas Corpus... edo desagertutako RATM eta Skun Anansie dira gustukoen ditugun taldeak. Euskaldunen artean bat esatekotan, Berri Txarrak aipatuko genuke. Nolabait definitu beharko bagina, behar bada metal berria delako horretan sar gaitezkeela uste dugu. Dena den, kontzeptu hau nahiko zabala da eta talde ugari ari da definizio horretan sartzen.

Diskoetxeekin nahikoa eskarmentu badaukazue. Zer pasa zen aurreko diskoarekin? Diskoetxeek beti bezain saltzaile, iruzurgile, gezurti eta lapur jarraitzen al dute?

Gu orain arte Iz rock-ekin egon gara. Esperientzia penagarria. Onartuko dugu diskoa egiteko aukera behar bada goizegi iritsi zitzaigula, baina ilusioz gainezka geundenez aurrera egitea erabaki genuen. Baina Iz-rock diskoetxeak egindakoa ez du izenik (estudioko baldintzak, tratua, inplikazio eza, utzikeria...). Galde egiozu epe horretan plazaratutako taldeei, eta gehienek gauza bera esango dizute. Gainera, horietako talde gehienak desagertu dira, normala. Ametsekin jolastu, eta gogoez aprobetxatu. Esperientzi ezaren aurrean lagundu beharrean, horretaz baliatu eta engainatu gintuzten. Kolpe handia da hori gero aurrera jarraitzeko gogoak izateko. Hala ere, akabatzen ez zaituena indartzen zaitu eta erabat indarberriturik abesti berriak konposatu ondoren prest geundela ikustean grabatzea erabaki dugu. Masterra diskoetxeetatik mugitu eta Oihukaren eskaintza onartzea erabaki dugu. Hasieratik tratua desberdina izan da eta profesionaltasunez lan egiten dutela ikusten da. Gustura gaude.

Zein izango da izenburua?

Izenburua Ez diren gauzak ere badira izango da. Sarrionandiaren olerki batekin abesti bat egin dugu eta esaldi hau bertatik ateratakoa da. Oso esaldi esanguratsua iruditzen zaigu. Nahiko orokorra bada ere, aldarrikapen kutsu handia dauka guretzat. Edukiko duen berezitasunetariko bat kolaborazioetan egongo da. Izan ere Potero eta Mikel Idi bihotz-en kolaborazioez gain, Inadaptats eta Habeas Corpus-eko abeslariak diren Alex eta Mars euskaraz entzuteko aukera izango baituzue 18/98 abestian.

Esan genezake hau dela zuen benetako lehenengo diskoa? Harlaxen aurkezpen txartela?

Bai, zalantzarik gabe.

2003, URRIA-AZAROA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.