entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Julen Azpitarte 2012-02-01

Jaime Gonzalo

Ruta 66 aldizkariko zuzendariak Cancer Moon-en estreinako diskoa ekoitzi zuen duela 20 urte

Hunted by snake diskoaren azala. Hunted by snake diskoaren azala.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Cancer moon - Ron Around Do My Pillow
Cancer Moon "Voice of the Sax"
Cancer Moon euskal taldearen estreinako lana, Hunted by Snake, 1990. urtean plazaratu zuen Bartzelonako Polar diskoetxeak. Dantzarako maxiak kaleratzen zituen Max Music enpresa ilunaren rock zigilua zen Polar. Hirukoteak sasoiko lan borobilena argitaratu zuen. Hala, diskoak kritika ikaragarri onak jaso zituen, baina Los Bichosen Color Hits-ekin gertatu bezala, ez zen askorik saldu. Horretaz gain, Hunted by Snake-n inguruan disko industriaren mafiarekin loturiko hamaika kondaira zabaldu ziren. Horregatik guztiagatik, kultuzko diskoa bilakatu zen.

Edukiari dagokionez, 11 kantuek makina bat iturritatik edaten zuten, hala nola, Stooges edo Velvet Undreground klasikoetatik eta Screaming Trees, Spacemen 3 edo Jesus and Mary Chain garaikideetatik. 90eko urteetan tontorra jo zuen estatuko indie rockak estalitako talde guztiak itotzeko ahalmena duten doinuak dira. Nortasun handiko taldea izan zen Cancer Moon, batez ere Jon Zamarripa gitarra jotzaileak eta Josetxo Anitua abeslariak estuki gordetzen zuten jenioari esker, lehenengoak kutsu arabiarreko soloak egiteko zuen gaitasunagatik eta bigarrenak hitzei itsasten zien kutsu poetikoarengatik, besteak beste. Baina, batez ere, haien burmuinek bat egiten zutelako bor-bor zegoen soinu-magma isurtzeko.

Bilboko Discos Crudos argitaletxeak berrargitaratu du oraintsu Hunted by Snake luxuzko binilo formatuan. Horretaz gainera, jatorrizko grabazioaren alde teknikoaz arduratu zen lantalde berak parte hartu du masterizazio berrian, tartean, Jaime Gonzalok. Ruta 66 aldizkariko zuzendari, kazetari eta idazle izan ez ezik, Hunted by Snake ere ekoitzi zuen. Duela 20 urte lan ikaragarria egin zuen Bartzelonakoak eta oraingoan ere, berriro egin du. Ez hori bakarrik, berrargitalpenak dakarren liburuxka mamitsua ere berak idatzi du, gordin, ahoan legarrik gabe. Orri horietan grabazioaren nondik norakoak eta disko madarikatu honen inguruan eraiki den legenda beltza irakur daiteke. Jaimerekin jarri gara harremanetan e-posta bidez.


Hunted By Snake 1989. urteko amaieran ekoitzi zenuenean disko berezia izango zenik nabaritu zenuen edota denboraren poderioz egun duen noir tragedia kutsuko kondaira izango zuenik?

Inondik ere. Aipatzen dituzun ezaugarriak denborari eta iluntasun orok sorturiko kondairari egotziko nizkioke, eta soilik zale gutxi batzuen artean. Nire zinismoa dagoeneko oso nabarmena zen garaiko rockari, industriari eta gizarteari dagokienez. Ez nuen uste ezer berezirik gertatuko zenik disko harekin, eta horrela gertatu zen, eta berdin gertatuko da orain ere. Bestalde, haiek (Cancer Moon-ekoak) ere ez ziren batere bereziak, ezberdinak izan arren. Errealitatea beti da mitoa baino apalagoa.


Zer sentitu duzu diskoaren berrargitalpenaz arduratzerakoan? Zure oharrak irakurrita, ematen du aurkako sentimenduak izan dituzula, diskoaren kalitatea zalantzan jartzen ez duzun arren.

Harrotasunez heldu diot lanari edo banitatez?, partaide guztiok lan sendoa egin baikenuen. Zer esanik ez, ez dut bere kalitatea ezbaian jartzen, izan baduelako. Oso hiprokita izango nintzateke nire aldetik ez onartzea bai haiek bai ingeniariak eta biok egindako lana kalitate hori erdiesteko. Beste kontu bat da nolako oroitzapenak gordetzen ditudan, batere atseginak ez direnak, mingotsak. Bero-bero zaudelako norbaitekin txortan egitea bezala izan zen, ez hori deseatzen zenuelako. Zaila da horrenbeste tentsiorekin gozatzea.


Esaten duzu Cancer Moonek oso landuta eraman zituela kantuak estudiora eta doinuotan esku-hartzea oso zaila zela. Are gehiago, baieztatzen duzu gai zirela euren buruak ekoizteko. Talde gaztea izanda, nola uste duzu lortu zutela definizio maila hori?

Hain zuen ere, kantu horietan esku hartzeak zekarren erronkak eraman ninduen proiektuan parte hartzera. Halere, kantuok nahiz eta oso zehaztuak egon, irekiak zeunden hobekuntzetara eta garapenetara, eta hori argi ikusten da maketako bertsioekin alderatuz. Cancer Moon soinu bat badago, baina baita disko honetako soinu espezifiko bat ere. Nahi zutena oso argi zuten, eta nik uste hortik datorrela definizio hori, bere anbiziotik, bere perfekziotik. Horren harira, Josetxo katalizatzaile handia zen.

"Beste kontu bat da nolako oroitzapenak gordetzen ditudan, batere atseginak ez direnak, mingotsak. Bero-bero zaudelako norbaitekin txortan egitea bezala izan zen, ez hori deseatzen zenuelako. Zaila da horrenbeste tentsiorekin gozatzea"
Hirukotearen egoskorkeria definitzeko hainbat adjektibo erabili duzu, tartean,
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak

FREAK BOTEREA

Oraintsu kontrakulturari buruzko Poder Freak liburuaren bigarren partea argitaratu duzu. Oso ale mardula da, aurrekoaren bikoitza. Nolakoa izan da sortze-prozesua?

Gaixoen kontua izan da. Gaixotuta behar duzu egon ezaugarriotako egitasmoa gauzatzeko, hain korapilatsua eta konplexua. Obsesioa ezinbestekoa da. Lehenengo liburua sarrera bat izan zen. Bigarren liburuan gehiago sakondu dut. Kontrakulturaren alderdi politikoa eta kulturala eta unibertsitarioa jorratu ditut. Esparru horiek oparoak eta jendetsuak izan ziren. Uste dut hirugarren lana are mardulagoa izango dela. Horretan, rocka da protagonista nagusia. Alabaina, espero dut bere sustantziak erakartzea irakurlea eta ez bere lodierak.

Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.