entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2007-04-04

IÑAKI ETXEZARRAGA “ETXE” “Musikan jende berria sartzen da, baina inor ez da joaten”

Etxe Etxe
Berrizen harrapatu dugu Etxe, lana eta entseguen artean. Disko berriarekin datorkigu, ‘Bidea eginez’ (Oihuka), bere lehen lan luzea. Pozik dago emaitzarekin. Zuzenean aritzen den talde berarekin grabatu du diskoa. Etxe luzerako daukagula ematen du. Hala izan dadila.
Nortzuk izan dituzu kide bidai berri honetan? Nolakoa izan da abentura?

Lehendabiziko diskoa grabatu eta gero –aurrekoa Sei Urte eta Lore taldeko jendearekin grabatu nuen– talde bat eratu nuen zuzenekoetan jotzeko. Lagunak ziren gehien bat: Christian Martinek baxua jotzen du, Berrizkoa da; Unai Uribek gitarra, aurretik Nabarin elkarrekin ibilitakoak ginen; eta Lander Petralandak bateria. Lagunak ginen eta zuzenekoak ematen aritu izan gara azken urteotan, kantu berriak ere beraiekin sortu ditut, beraz, ez nuen dudarik izan eurekin disko berria grabatzeko. Eta oso gustura gelditu gara emaitzarekin. Eurentzako lehen aldia zen grabatzen zutela, eta niretzako bigarrena. Hasierako beldurrak gaindituta, oso ondo atera da dena, ez da arazorik egon, aurretik lana egina zegoelako, zuzenean jotzen eta kantu berriak sortzen aritu garelako. Ezkutuan gelditzen den lana da, baina gero diskoa grabatzeko orduan nabaria izan da. Urritik abendura arte lokalean sartuta ibili ginen eta abenduan jada estudioan sartu ginen.

Lehenengoa disko autoekoitzia izan zen; bigarrena aldiz Oihukarekin grabatu duzu. Zein da disko bien arteko desberdintasuna?

Kristoren aldea dago. Aurreko diskoa bost kantukoa zen eta oraingoak hamabi ditu. Aurrekoan nik hartu nuen lan guztia, bai kopìak egiten eta banatzen eta baita kontzertuak lotzen ere. Oso lan gogorra izan zen… Eta orain, aldiz, grabaketan zentratzea eta gainerako lan guztia diskoetxearen esku uztea, bada aldea dago. Gastuak ere diskoetxearen esku gelditzen dira, egun oso garesti baita disko bat grabatzea eta saltzea. Promozio lana ere nire gain hartu nuen aurrekoan eta, orain, diskoetxearen esku geratzen bada, bada gutxienez emaitza berdintzea espero dut.

Azken hau, Bidea eginez, rockzaleagoa atera zaizu. Popa apur bat ahaztu duzu… Aurreko diskoaren kantak akustikoak ziren, nik egindakoak gitarra akustikoarekin. Taldean zuzenean aritzerakoan, rockzaleagoak bilakatu ziren. Zuzenekoetan ere gitarra akustikoa utzi eta elektrikoa hartu nuen eta, bai, egia da kantu batzuek hartu dutela joera hori, indar gehiago dute eta gitarraren presentzia bestean baino garrantzitsuagoa da. Eta Unairen punteatzeekin soinu elektrikoagoa hartu dute.

Hainbat keinu daude diskoan. Gatibu, Bide Ertzean, Rafa Rueda… Bada euskal pop-rocka bezala defini daitekeen zerbait eta zu zeu zarela horren parte?

Euskal musika pilo bat jarraitzen dut. Izan daiteke entzutearen ondorioz eragina izatea nire musikan ere, alde batetik edo bestetik hartzea edo edatea. Euskal musikagintzan badaude hainbat estilo eta gauzak esateko modu desberdin asko, baina desberdinak izan arren badaukate lotura euren artean, ez bakarrik euskaraz abesteagatik, publikoa ere antzekoa da, kopuru edo neurri txiki batean izan arren. Eta nik, batez ere, euskal musika jarraitzen dut eta horrek eragin handia du. Gainera, badaude Euskal Herrian ere urteak daramatzaten musika taldeak edo bakarlariak ezinbestean euren arrastoa uzten dutenak. Izan daitezke zuk esandakoak: Bide Ertzean, Rafa Rueda…, eta beste batzuk ere: Seiurte, Kenzazpi… Horiek izan daitezke nire eraginak.

Seiurterekin ekoiztu eta grabatu duzue diskoa, euren etxeko estudioan gainera.

Bai, segur aski diskoan ere nabarituko da Jokin eta Iñakiren parte hartzea, eurek egin baitute ekoizpena. Gehiago nabariko da nire eraginetako bat direlako Seiurte.

Amodioari, askatasunari, gorrotoari… abesten diezu zure kantetan. Guzti horretaz hitz egiteko egokia al da popa?

Berez, musika edozein gaitaz hitz egiteko tresna izan bada. Azken finean, sentimendu batzuk azalerazteko erabiltzen da. Batzuek liburuak idazten dituzte, beste batzuek margoak egiten dituzte eta musikariok musikaren bidez adierazten ditugu sentimendu horiek. Izan daiteke maitasuna, gorrotoa, askatasuna… edozein sentimendu adierazteko era bat da. Eta edozein gauza adierazi daiteke tresna horren bidez. Azken disko honetan, adibidez, letrak ere pertsonalagoak dira, unean une izan ditudan sentimenduak adierazi nahi izan ditut. Kantuok entzuterakoan ere gogoratzen dut idatzitakoan bizitzen ari nintzen momentua eta hortik, barrutik atera zaizkit. Musika aldetik alaia eman arren, badira zenbait hitz ez direnak batere alaiak, aitzitik, gogorrak eta gordinak dira. Disko pertsonala da. Nahiz eta jende askok parte hartu, hitzekin erabat identifikatzen naiz bizitako gauzak direlako eta horregatik garrantzitsuak direlako.

Kutsu autobiografikoa dute orduan...

Badaude batzuk gaurko egoerari buruzkoak direnak, gaurkotasunari lotuta, etorkinen inguruan edota emakumeen tratu txarren ingurukoak. Baina badaude beste batzuk niri barrutik ateratako hitzak direnak, benetakoak.

Eta doinu horiek, hain popzaleak eta itsaskorrak…?

Normalean, lelotik hasten naiz, burura datorkidana unean une, autoan noala edota lanean nagoela. Etxera joan eta gitarra akustikoarekin musikari hitzak eransten dizkiot eta kantuaren egitura nagusia egiten dut. Lokalera eraman eta han bakoitzak bere ukitua ematen dio, nahiz eta azken hitza nik izan. Baina gehienetan ez dugu ezta hitzik ere behar, oso ondo moldatzen baikara taldean eta denbora asko daramagu elkarrekin jotzen. Beste proiektu batzuetan ibili arren, gurea propio bezala sentitzen dutela badakit. Eta euren ekarpena oso garrantzitsua da.

Zein da Etxek euskal musikagintzari egiten dion ekarpena?

Jendea gero eta gehiago animatzen ari da. Nik uste dut orain errazagoa dela hastea, oso erraza baita gitarra akustikoa hartzea eta kontzertuak ematen hastea, ez duzu arazo handirik. Taberna bateko txoko batean ematen ahal da kontzertu bat. Bakarlari ugari hasi gara eta nire aldetik, edozein talde moduan, nire ekarpena egiten diot euskal musikagintzari eta asko gara euskal musikagintza osatzen dugunok, eta nire ustez hori beharrezkoa da neurri batean. Krisia aipatzen da askotan. Nik uste dut musika industria dagoela krisian, eta ez musikarien edo sormenaren alorra. Diskoetxeak dira krisi sakon batean murgiltzen ari direnak, dagoen teknologia erraztu dituelako lehen ez zeuden bide batzuk. Baina musika edo musikagintza ez dago krisian, talde piloa dago eta jende berria ari da sartzen, eta oraindik ere jende gutxi dago musika uzten duena. Berriak sartzen dira, baina inor ez da joaten. Nik aspalditik jarraitzen dut euskal musika eta ez dut uste sormenari dagokionez euskal musikagintzan krisirik dagoenik. Egia da herri txiki bat garela eta publikoa ere neurrikoa daukagula. Izan daiteke saturatuta egotea merkatu hori. Kontzertu batera joan eta jende gutxi egotea, bada, normala izan daiteke, inguruan kontzertu pilo dagoelako-edo. Baina hori ez da txarra, osasuntsua izan daiteke.

Gainera, Durango aldean plaza berri bat daukazue, gero eta indar gehiago hartzen ari dena, Plateruena Kafe Antzokia. Nabaritu al da berrikuntza hori?

Bertan aurkeztu genuen diskoa. Nik uste dut Durango aldean badagoela musika jarraitzaile asko. Badira ere beste ekimen batzuk, Berrizeko Gaztetxearen Aldapa Maketa lehiaketa esaterako, eta hortik eskualdeko musikari asko atera dira, jada zazpigarren edizioa da egiten dela. Eta Plateruenan eskualdeko taldeen kontzertua antolatu dute. Nire lehen kontzertua bertan eskaini nuen ere, sei kantu baino ez ziren izan, baina plaza horretan jotzea eta gainera Ruper Ordorika bezalako bakarlari batekin aritzea, plazerra izan zen. Durango aldeak behar zuen halako leku bat, hainbat musika egile eta jarraitzaile egonda. Nazioarteko kontzertuak ere ikusteko aukera dugu, zeren eta lehen Bilbora edota Gasteizera mugitu behar ginen.



2007, apirila - maiatza
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.