Zona de Conflicto (Chesapik, 2011) dugu Granadako taldearen azken lana, hamaikagarrena dagoeneko. Ezer gutxi gehitu daiteke Lagartija Nick-i buruz: belaunez belaun mantendu den taldea dugu, nahiz eta askotan publikoak ez duen ondo ulertu honen bilakaera musikala eta honek ekarri du Lagartija Nick taldea (Jack Kerouac-en Bidean eleberriko pertsonaia baten izena) ez egotea beti merezi izan duen tokian.
Hirukote formatura itzuli dira berriro, Antonio Arias ahotsa eta baxujolearekin batera, Victor Lapido gitarra eta Erik Jimenez bateria jolea (taldearen sortzaile eta zutabeetako bat) bildu dira Zona de Conflicto honetan, taldearen heldutasun musikalaren seinale, dudarik gabe. Antonio Ariasekin mintzatu gara, beti bezain pertsonala zein misteriotsua.
Zona de Conflicto (Chesapik, 2011) da zuen hamaikagarren diskoa, duela bi urte argitaratutako Larga Duracion (Everlasting, 2009) horren segida, nola definituko zenuke zuen azken lan hau?
Taldearen ADNa gehi atzetik daramagun guztia biltzen du, musikalki hitz eginda. Disko berria egiten duzunean, iraganak lagun dezake baina ez du grabazioa konpontzen. Musika zerbait bizia da, eta bulkada bat behar du, bidea zabaltzerakoan forma berriak sortzen dira eta guk beti utzi izan diogu gure buruari bide berri horietatik joaten, esan nahi dut bilatzen jarraitzen dugula, ezin duzu asmatu noraino. Une honetan, inoiz baino presenteago ditugu iragan ditugun forma musikal guztiak.
Diskoetxez aldatu zarete, Bartzelonako Chesapik-ekin grabatu duzue azken lana. Ez dira fideltasunak gordetzeko garaiak diskoetxeei dagokionez... Zergatik Chesapik?
Gure management agentziaren diskoetxea da. Denek dakite, orain 360 deitzen duten kontratuak direla nagusi, dena biltzen dutenak: bulegoa, diskoetxea, e.a. Hala ere, banatzailea Popstock da, azken lau diskoak beraiekin egin ditugu.
Hala ere, Sony bezalako erraldoiak ere ezagutu dituzue. Zeintzuk dira independenteen eta zigilu handien arteko desberdintasunak?
Multiek publikoarenganako eragin handiagoa bermatzen dizute, eta honek iraupen luzeagoa dauka, indi batean izan dezakezuna baino, baina azken hauekin harremana askoz estuagoa da. Diskoetxe independenteekin lan egiteak bermatzen du zuk kontrolatzen duzula eta zuzentzen duzula zure musika leku egokira. Sinbiosi garaiak bizi ditugu, eta elkar laguntzeko unea da, guk hobeto ulertzen dugu beraien lana eta beraiek gurea.
Itzul gaitezen azken diskora berriro. Badira zenbait abesti Zona de Conflicto bera, zein Crimen, Sabotaje y Creacion edo Panorama nº 5 oso melodikoak direnak, kaosaren erdian armonia bilatzen dutenak, eta errima gabe laguntzen duten hitzak... Zeintzuk dira gustuko dituzun abestiak azken lan honetan?
Aukeraketa zaila da, agian orain deigarri egiten ez zaizkidanak etorkizunean gustuko izango ditut. Aipatu dituzunak oso gustukoak, ditut baina badira beste batzuk Vuelo Nocturno, Tiempo de Exposicion... Orain adiskidetuagoa nago diskoarekin, nahasten bukatu genuenean baino, beti gertatzen zait gauza bera. Perspektiba apur bat behar duzu, diskoa argi eta garbi ikusteko. Hitzei dagokionez, Multiverso (Everlasting, 2010) diskoan erabiltzen nituen gaiak baztertu nahi izan ditut, adibidez, astronomiari egiten zaizkion erreferentziak, oraindik ere horretaz aritu arren.
Multiverso (Everlasting, 2010) aipatu duzu, aurreko urtean bakarka grabatutako diskoa. Nola sentitu zinen bakarkako lan hau egiten?
Taldearekin hainbeste esperimentazio eduki eta gero, arriskatzea nahi nuen baina talderik gabe, emaitza Multiverso izan zen, poesia astronomikoa eta slow-rocka. Egun, disko horretako zenbait abesti taldearen errepertorioan sartu dugu, beraz, esan daiteke, bakarkako diskoa dela baina taldearekin ere interpretatzen duguna. Disko hauek duten gauzarik onena zera da, oso kontzeptualak izanda, iraupen gehiago dutela, eta esan daiteke proiektu bizia direla.
Lagartija Nicken zenbait disko zahar berrargitaratu dira azken urteotan, hala nola, Inercia (Sony, 1993/Everlasting 2008), Su (Sony 1995/ Everlasting 2009) ez ezik
Val de Omar (Sony 1998/ Chesapik 2010). Azken hau ez zen bere garaian ondo ulertu eta egun funtsezkoa da zuen diskografian. Berrargitarapena agortu da...
Bitxia da, bere garaian ez zen ondo ulertu eta aurreko urtearen azkenetan, Val de Omar jo genuen Reina Sofia Museoan eta beste bost espaziotan. Azkenean, diskoak merezi zuen ikuskizuna egin ahal izan genuen. Jose Val del Omar pertsonaiak denborarekin irabazi du eta pozten nau norbaitek bere historia ezagutu izana disko horri esker. Bitxia da ere gure hasierako materiala berrargitaratu izana eta hain harrera ona izatea, orain disko hobeak ematen dute.
"Morentek berak aipatu zidan behin Val de Omar diskoan aktiboki kolaboratzea nahiko zukeela, baina Omegaren birarekin genbiltzan eta ematen duena baino zailagoa zen. Azken disko honetan ere, Vuelo Nocturno abestian kolaboratu behar zuen, baina hil zen eta horregatik eskaini diogu diskoa gure laguna Morenteri"
Hain zuzen ere, Val de Omar Enrique Morenterekin egindako lehen kolaborazioa izan zen, zeinari disko berria eskaini diozuen.
Disko horretako Celeste abestia, egia esan, berarekin egindako azken kolaborazio diskografikoa izan zen. Omega, Lorcari eskainitako diskoa egin genuen elkarrekin eta zentzuzkoa iruditu zitzaigun Granadako pertsonaiarik ezagunenari eskaintzea abesti hau. Morentek berak aipatu zidan behin Val de Omar diskoan aktiboki kolaboratzea nahiko zukeela, baina Omegaren birarekin genbiltzan eta ematen duena baino zailagoa zen. Azken disko honetan ere, Vuelo Nocturno abestian kolaboratu behar zuen, baina hil zen eta horregatik eskaini diogu diskoa gure laguna Morenteri.
11 disko, 11 esperientzia, epealdi desberdinak bizi izan duzue. Zein da taldearen izaera hobeto islatzen duen diskoa?
Disko guztietan nabaria da unean uneko zegoen taldearen formazioa. Lehen epealdi bat dago, lehen hiru diskoak hunkigarriak dira. Omegaren ostean aldaketak etorri ziren eta soinua gogortu zen, hala ere epealdi futuristena da. Gero popera itzuli genuen gure begirada Lo Imprevisto edo El Shock de Leia-rekin... Orain badirudi gure soinua apur bat ilundu dela, gure intuizioari jarraitu diogu uneoro, berarena da errua.
Euskal Herrian lagun asko dituzue, Lagartija Nick-en soinuaren zaletuak...
Gure lehen managerra Portugaletekoa zen beraz, urte batzuk eman ditugu Euskal Herritik biratzen maiz. Garai horietan, zuzeneko talde gisa asko ikasi genuen, oso oroipen ona dut, hura izan baitzen gure soinuaren hazia. Oso ondo pasatzen genuen, beraz Euskal Herrira joaten garen bakoitzean, benetan itzultzen ari gara.
Nire uste apalean, Lagartija Nick-en soinua aurrera doan bide batek definitzen du, beti aurrera egiten den pausua. Honek eragin du batzuetan publikoak ez duela ondo ulertu zuen bilakaera musikala?
Batzuetan ez dira aldaketa horiek ondo ulertu, baina iraganean izandako hutsak, egun gure asmatzeak dira. Bizitza honek estilo askorengana hurbiltzeko aukera ematen dizu, eta hori izan zen egin genuena. Ondo dago jendeak gustuko izatea Omega edota Val de Omar orain, hala ere, bere garaian aitorpen hori izatea ondo egongo litzateke. Morentek esaten zidan moduan: “Antoñico, 10 urte barrurako egiten dituzu diskoak eta”. Bazekien zertaz ari zen berari gauza bera gertatu zaio eta.