entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Joxi Ubeda 2004-12-12

JOSEBA IRAZOKI "Ohikoa ez den puntu bat bilatzea atsegin dut"

Joseba Irazoki Joseba Irazoki
Doinu hunkigarriak, gazi-gozoak entzun ahal dira Joseba Irazoki musikari beratarraren Irri eta solas lanean. Bere ahots ezti eta xuxurlaria, gitarra akustikoak eta elektrikoak, banjoa, lap-steela eta ukitu elektronikoak erabili ditu Josebak kantuak ederki janzteko.


Eskarmentu handiko musikaria da Joseba Irazoki: Xabier Montoia, Petti, Bide Ertzean, Tanta, Maixa eta Ixiar eta Anje Duhalderekin aritu da besteak beste, eta duela hiru urte CD bat kaleratu zuen Onddo bere taldearekin. Irri eta solas-eko kantuak konposatzeko, Mikel Taberna, Daniel Irazoki, Xabier Silveira eta Beardo Goietxeren hitzak erabili ditu.

Onddoren CDan sumatu ahal ziren bide edo giro batzuetan sakondu duzu, ezta?

Pop melodien gisakoak ateratzen zaizkit. Kantugile bezala, esperientzia handiena Onddorena izan zen. Hori izan zen nire hasiera kantugile bezala, eta hor hasi ziren islatzen niri naturalki ateratzen zaizkidan melodiak edo giroak. Agian, disko honetan nabarmenago gauzatu da ni kantu egile bezala bilatzen ari nintzena, edo ateratzen zaidana. Bilakaera bat da. Kantuak egiten hobetu dut. Gero, melodiak nahiko estandarrak izan ahal dira, errazak aditzeko, baina ohikoa ez den puntu bat bilatzea ere atsegin dut.

Rockaren bidea baztertu duzu

Horretan garrantzia izan du instrumentazioak. Kantu hauek, printzipioz, Onddorentzat eginak ziren, baina Onddo utzi genuen. Nik lehenagotik baneukan maketa bat kantu hauekin, bateriarekin eta gitarra rockeroekin egina. Kantuak berriz ere moldatu, eta kantuen hasierara itzuli nintzen, maketa hori egin aurretik kantu horiek modu akustikoan jotzen bainituen. Moldaketa berriak egin eta erritmoa apur bat jaitsi eta gelako giro lasai baten gisakoa atera da, lan osoa etxean grabatu baitut.

Kantuen moldaketak egiten, kantuak janzten, ederki pasatu duzu. Jolas puntu bat antzeman ahal da.

Bai. Hori dut gustukoena. Kantuak egitea atsegin dut. Kantuak ateratzen dira eta hor daude, baina musikari bezala gehien gustatzen zaidana lan hori da, kantuak janzten aritzea. Hasieran, gitarra akustikoak eta ahotsa besterik ez nuen erabili behar, baina pixkanaka gauzak sartzen joan naiz. Oso dibertigarria izan da. Halaber, inprobisazioari bere lekua ere utzi diot konponketak egiterakoan, gitarrekin batez ere, naturaltasuna bilatuz, era berean.

Irri eta solas izenburuak berak adieraz dezake mamia: une hunkigarriak, malenkoniatsuak, gazi-gozoak sumatu ahal dira, baina mezua azkenik baikorra da, argi-izpi bat antzeman ahal da.

Oro har diskoa baikorra dela uste dut. Amodiozko hitzak dira. Batzuk amodio gauzatuak dira. Beste batzuk bizitzen gorabeheren gainean solastatzen dira. Oro har, nahiko positiboa naiz, nahiz eta kantatzeko moduarengatik giroak triste samarrak izan ahal diren. Xabier Silveiraren Bizio bat bertsoan, momentu triste edo malenkoniatsu bat dago, pertsonalki hunkitzen nauena, joan diren lagunak aipatzen direnean hemen Beran galera batzuk ere egon dira, baina amaieran bizitzea bizio bat dela esaten du bertsoak, eta nik puntu hori ikusten dut. Estrofetan melodiak agian tristeagoak dira, baina gero leloek alaitasun puntu bat ematen diote kantuari. Nahiz eta estrofetan ezohiko melodia hori bilatu, gero leloetan argi pixka bat egotea dut gustuko.

Jendaurreko emanaldiak egiten ari zara jadanik, kantu horiekin.

Bai, era akustikoan, kantautore gisa. Besteak beste, abenduaren 3an Eibarko gaztetxean joko dut, abenduaren 10ean Zizurkilen, eta 11n Donostian, Bukowskyn.

Besterik, aurrera begira?

Urtarriletik aitzinera Do-rekin diskoa ateratzeko asmoa dut. Grabatuta daukat jadanik, eta zigiluarekin nago negoziatzen. Irri eta solas-ekin abendura arte egongo naiz, gutxi gorabehera. Lan hori udan egin nuen. Kantu horiek egin nituen, eta argitaratzeko gogoa nuen. Argitaratu ditut, jendearen erantzuna ikusi, eta beste gauza batekin hasiko naiz. Do-rekin, hain zuzen. Hori da nire asmoa. Hala ere, Irri eta solas diskotik kanpo geratu diren bost bat kantu baditut, eta agian beste disko bat egingo dut.

2004-05, ABENDUA - URTARRILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.