entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Iñaki Esnaola 2006-12-16

JOSEBA TAPIA kantautore erreala

Lotura erlazionatuak
Leturiaren alboan ezagutu arren, Joseba Tapiak duela hainbat urte ekin zion bakarlariaren bide paraleloari. ‘Apoaren Edertasuna’ izan zen lehena. Orain ‘Real Politik’ izeneko laugarren bakarkako lanarekin dator. Hitz ederrez betetako lan iribila. Trikitilari eta kantautorearen aldea nabarmentzen duen disko osoa. Lasartekoaren lana gertutik ezagutzeko protagonistarekin izan gara.


“Real Politik” izan da laugarren pausua. Zeharo bete zaituena?

Bai, oso pozik nago. Bakarkako ibilbidea hasi nuenetik hona asko eboluzionatu dut, erronka berrietan sartu naiz... hazi egin naiz. Harrokeria ere izan liteke hauxe esatea, baina aitortu egingo dizut, ni ez beste batzuek ere esana baitute: Tapia egon zitekeen lasai erromeriak egiten, txaloak aseguratuak zeuzkan, baina bide berritan barrena ibiltzea bururatu zaio... Eta bide horretan produktu onak eta bereziak eskaini ditudala uste dut: ipuin-kantu diskoa, Quebeceko kantuen antologia, gure kantutegi antifaxista... Bestalde, proiektu horietan soinu txikiari beste estatus bat ematen diodala uste dut, kantu-tresnarena, erromerietatik apartekoa.

Egia esan, makina bat pauso eta dena delakoak emandakoa zara zu. Non ez duzu zuk jo?

Jo izan dut elizetan, baina ez dut inoiz sermoirik bota. Jo izan dut ekitaldi politikoetan, baina ez dut eman mitinik. Ez dut neure jarduna kontsignen inguruan moldatzen. Ez naiz errealista.

Real Politik terminoarekin zer adierazi nahi izan duzu?

Errealismoak ez du balio errealitatea ikusteko, are gutxiago aldatzeko. Bestelako politika bat behar dugu, nik “irreal” esan diodana, hain zuzen. Baina hori ironia da, benetan irrealak direnak hemen hartzen diren erabakiak baitira: klima aldatzen ari da, lehortea dator, eta gu piszina partikularrak egiten kostan bertan, kiroldegian piszina publikoak dauden herrietan... Eta horrela edo antzeko, maila guztietan. Real Politik kantua izan zen serie honetan aurrena landu nuena, eta horrexek eman dio izena diskoari.

Politika aipatuta, zein politikariren arratsaldea goxatuko zenuke eta zeinena zapuztu?

Politikari bat goxatu? Utikan! Hori kantuaren suizidioa izango litzateke!

Aurreko lanetan ideia orokor bat landu zenuen. Oraingo honetan, aldiz, testu ezberdinak musikatu eta lana josi duzu. Zer dela eta aldaketa?

Oraingoan kantuen disko bat egin nahi izan dut. Jendeak horrela kontsumitzen duelako nagusiki, kantuka. Horrek beste aukera batzuk eman dizkit. Disko bariatua egiteko aukera alde batetik, eta bestetik bukatzen ez den soka bati eman diot hasiera: hurrengo urteetan egingo dudanaren erakusgarria da.

Horrenbeste testu gustuko izanda diskoa irekia izatea erabaki zenuen?

Bai, horrelaxe izan da. Pentsatu nuen hemengo eta kanpoko autoreak kantatu behar nituela. Lehengo poetak eta oraingoak hautatuz kantutegi eder bat osatuko nuela ziur nintzen, eta diskoa ere orekatuago geldituko zen horrela. Oso testu ederrak dira eta guztiek badute gustatzen zaidan kezka eta kontatzeko modu bikain bat. Eta egia esan, ez nuen “kantari tematikoa” izan nahi, diskoak gaika eginez. Homologazio nahi bat ere badago azpian.

Bereizgarria da testu egileen bibliografiak eta batez ere testuak egokitzapenik gabe batu izana diskoaren liburuxkan. Lana osatze aldera?

Diskoetan ez gaude ohituak beharbada horrelako aurkezpenetara, baina liburuetan ohikoa da. Justiziazkoa iruditu zitzaidan kantuak nondik atereak ziren azpimarratzea, horrela jendeak jarraipena egiten ahal dio idazle bakoitzari. Testua bere osotasunean jartzea ere ona da, jendeak alderatu lezake nik egindako egokitzapena eta autoreak berak idatzitakoa... Letragileari zor zaion errespetua ere bada. Liburuxkak garrantzi berezia hartzen du disko honetan. Ahalegin handia egin dugu horretan. Juanba Berasategi aritu da lanean, eta ederki asmatu duela iruditzen zait. Proiektuan sartu da bete-betean eta bere aportazioa begi-bistakoa da.

Aipatu bezala, autore ezberdinen letrak hautatu eta musikaz jantzi dituzu. Ondoren entzuleak eransteko. Zergatik autore horiek eta ez beste batzuk, kanpokoak zein bertokoak, baina beti ere gertutasuna emanez?

Oraingoan hauek hautatu ditut, baina testu eder gehiago ere gorde dut, lanean ari naiz. Hitz ederrak jarri nahi nizkioke trikitixari. Hautatu ditudan testu eta kantu guztiek daukate zeuk esaten duzun gertutasun hori, bai. Eta hala ere, hortxe geratu dira, zokoan bezala. Zergatik ez genuen ezagutzen Bilintxen alderdi sozial-ironikoa, horren polita izanik? Hainbeste folk eta falk, eta azkenean ez dugu geure tradizioa partzialki besterik ezagutzen.

Idazleen artean, Koldo Izagirre aipatzea arrunta genuke dagoeneko. Bere letrek ez ezik, bere laguntasunak heldutasunera bideratu zaitu?

Kantuarenganako zaletasunak batzen gaitu Koldo eta biok. Gustu eta tradizio desberdinak dauzkagu, horrek ere badu bere garrantzia. Gero, bere bitartez, idazle mordoa ezagutu dut, pertsonalki esan nahi dut, eta harreman sare bat osatu dut ia oharkabean. Lagun handia dut Iñigo Aranbarri, esaterako. Josu Landak oso kritika interesgarriak egiten dizkit, baita Gorka Arrese editoreak ere... Susa argitaletxea daukat erreferentzia hainbat kontutarako, laguntza handia da. Baina zure galderari erantzunez, heldutasuna... ez dut uste inoiz helduko naizenik. Lehenago usteldu, igual.

Hamalau kantetatik osatzea zein kostatu zitzaizun gehien? Izan ere, formulak aldatu eta musika letretara egokitu duzu.

Gehien kostatzen zaizkidanak testu irregularrak dira, neurri jakinetan errenditu gabeko testuak. Baina oso interesgarria da, A-8 autopistan ibiltzetik Lizarrustiko maldan ibiltzera dagoen aldea da: erosotasunak aspertu egiten du. Alegia, askotan zailen zaizkidan kantuak betetzen nautela gehien. Badauka logika bat.

Honez gain, trikitixari eman diozun erabilera ezberdina izan da zure bakarkako bidean. Diskoko zenbait kantutan ohiko doinuak aurkitu arren (kopla zaharrak, triki poparen esentziaren bat...), beste hainbat kutsu ematen ere saiatu zara. Horra hor ‘Umearen ehiza’ eta ‘Bilbaoko Iretargi’ abesti ezberdinak. Baita Karibeko doinuak ere. Aniztasuna aldarri?

Aldarri ez ezik, premia ere bai. Trikitixa ez da izan inoiz buruaskia, eta kantagintza ere ez. Kendu diezaiogun gure kantagintzari aire zelta duen oro, puska ederra kenduko genioke! Ni egoera berdinean nago, besteen premia daukat neure burua eraikitzeko. Eta ez daukat aldez aurretik hartutako joera edo jarrera jakinik: denetik jaten dut. Zer gustatu huraxe hartu, berdin zait Teodorakis edo Kurt Weil izan.

Beste hitz batzuetan esanda, zer da trikitixa bat zure alboan edo Kepa Junkera zein Iker Goenagarekin alderatuta? Sinpleagoa zara. Aurrerantz doana, baina bide ezberdinetatik. Musikarekin guztiz baino hitzekin jolasten duzu. Tradizioz eta modernitatez. Baliteke?

Nik uste dut bide bat baino gehiago dagoela lan egiteko, eta denak dira interesgarriak. Ni benetan betetzen nauena kantua da. Kantaria naiz “sortzez”, eta nire kantuak trikitixarekin egin eta kantatzen ditut. Beharbada ez gaude ohituta trikitixa dantzatik kanpo ikusten, baina ni ondo moldatzen naiz, oso tresna egokia iruditzen zait konposatzeko. Modernitatea den edo ez, arduratzen ez nauen kontua da, benetan sinesten dudana da folklorismoak ito egingo gaituela. Baina diru-emagarria da eta hortxe pozik.

Bakarkako disko osoena dela uste duzu?

Izugarri desberdinak dira nire bakarkako lau diskoak. Baina asko gustatu zait azken diskoak ekarri duena, berehala txertatu da jendearengan, bariatua delako, piper-gatzez tamainan dagoelako, diskoa bera, objektua alegia, produktu artistikoa bezala landu dugulako, promozio bereziak egin ditugulako...

Grabaketa azken aldian egokien bilakatu den modura egin duzu. Etxean eta lasai. Abantaila da lan baten esentzia eraikitzeko?

Probatu nahi nuen, eta aukera neukanez, etxean grabatu dut. Teknologia berriek ekarri duten posibilitatea da. Lasaitasuna daukazu, ez duzu aurrekontuaren presioa gainean, nahi beste errepikatu, zuzendu eta orraztu zenezake... Baina teknologia ez da ezer teknikari onak ez badituzu inguruan. Jonan Ordorika soinu ingeniariaren laguntza ezinbestekoa izan dut disko honetan. Lan izugarria egin du, bere ofiziotik haratagoa izan da hartu duen inplikazioa.

Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin lan egin ondotik, bidean zeure burua bakarrik jarri eta auto-ekoizpenaren alde egin duzu. Emaitza, Zakurraren Biolina. Zer dela eta erabaki hau?

Promozio pixka bat egin dut, bai... Aukera izan dut produkzioaren atal guztiak lantzeko, eta orain neure buruaren jabeagoa naiz, hobeto ezagutzen dut diskogintzaren ostean dagoen mundua. Ikasitakoarekin gero eta hobeto egin eta zaindu ahal izango ditut neure lanak. Horixe zen helburua, industriaren katramilak ezagutzea, libreagoa izateko.

Gogorra da dena bakoitzak egin behar izatea, ezta?

Azken finean nekazaritza bezalakoa da diskogintza mota hau, geuk landatu, gero fruituak bildu eta merkatura joan jakia saltzera. Gustura nago hautu horrekin, baina aitortu beharra dago konplikatua dela, nekagarria oso, eta nork berak egiteko gehiegitxo ere bai. Lagunak dauzkat inguruan, bistan da.

Zakurraren Biolinak esanahi zirikatzailea bilatzen du. Norberaren ispilu, diskoaren sinonimo?

Joko handia ematen du lokuzio horrek, ironia eta umorea ditu bere baitan. Zakurrak jotako biolina zen garai batean trikitixa... eta orain berriz gauza, erakunde, diskurtso eta sasi-ideia mordoari utikan handi bat egiteko modua dugu, “Zakurraren biolina!”

Behin laugarren lana kalean, errepidera zoaz. Bidean plaza zein aretoa bisitatuko dituzu. Bira dezentea egiteko gogotsu?

Hasia naiz dagoeneko eta gogoz eta indarrez ateratzen naiz eszenatokira. Ni plazako idia naiz eta hazi egiten naiz jendaurrean. Jendearen erreakzioa aztertzen dut aldioro eta gero erabakiak hartzen ditut hurrengorako. Horrela osatu egiten dut emankizuna. Baina horretan ere gainean egon beharra dago, promozioa ongi egin den, baldintza egokitan jardun ahal izango dudan... Erne egon beharra dago, gutxien espero duzunean zabarkeria ageri baita.

Leturiarekin, ostera, noiz hasiko zara lanean?

Udan Leturiarekin ibiltzen naiz eta erromerietan aritzen gara jo eta fuego. Hogeita hiru urte daramatzagu elkarrekin eta dantzarekin lotura zuzena du talde horrek. Oraingoz ez dugu disko asmo gogorrik, baino beharbada datorren urtean hasiko gara berritasunen bat prestatzen. Beharbada gabe ere bai. Hago lo eta jango duk mehe!





2006 – 2007, abendua – urtarrila
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Munster Records-ek 30 urte bete ditu. Zorionak!
  • Derrame Rock jaialdia Ourensen eginen da ekainaren 28 y 29an. www.festivalderramerock.com
  • EHZ festibala motorrak berotzen!!! Ekainaren 28, 29 eta 30ean Lekornen. www.ehz-festibala.eu
  • Leñoren biografia idatzi dute Kike Babasek eta Kike Turronek. Ekainaren 25ean aterako da. WWW.PAGINA-1.ES

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!