Munduko soinu eta musika-tresnak biltzen dira Karidadeko Bentan
Duela urte pare bat sortu zen Karidadeko Benta. Proiektu honetan munduko musikek dute lekua gure bertso eta kopla zaharren alboan. Gure artean ohikoak ez diren hainbat instrumentu dira bertoko giroak sortzen dituztenak: elikoia, laute arabiarra, perkusioa, haize instrumentuak... Orkestra bihurri honen gidariarekin, Jon Maia bertsolariarekin, aritu gara solasean Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik kaleratu duten lehen lanaren berri izateko.
Nola sortu zenuten taldea?
Pretentsio handirik gabeko proiektua da, aitzaki batetik sortua. Bertso musikatu batzuk eskatu zizkidaten
Hitzetik Hortzera telebista saiotik. Betiko doinuak sartu beharrean perkusiogile lagun batzuei deitu nien eta nahasketa kurioso bat lortu genuen. Jendeari asko gustatu zitzaion eta hortik abiatuta sortu zen taldea poliki-poliki eta inolako asmo berezirik gabe.
Zer moduzko erantzuna izan duzue orain arte?
Ia beti harrera oso ona izan dugu. Askotan gure burua martziano moduan ikusten dugu. Euskal Herrian gure moduko talderik ez dugu ezagutzen eta egia esan, askotan jendeak gure kontzertu batera zertara datorren ere ez daki. Nire bertsoen erreferentziarekin etortzen da jendea: jubilatuak, umeak, jende gaztea eta abar… Gurea kioskoetako orkestren kontzeptua dela uste dut, formazio hori daukana: saxoa, perkusioa eta abar... Gustatzen zaigun kontzeptua kalean ahuntzarekin ibiltzen diren ijitoena da: boleroak, cha cha cha, bertso doinuak, Marokoko doinu herrikoiak... kantu guztiak ezberdinak dira haien artean.
Hortaz, erritmo guzti hauek batzen dituena bertsoa dela esan dezakegu.
Beharbada bai, esentzian ia kantu gehienek komunean dutena bertsoa da. Asko bertso berriak dira, nik idatziak, eta bizpahiru duela ehun urtekoak edo, kopla zaharrak ere aurki daitezke.
Letrei dagokienez, kontu zaharrez gain, gaur eguneko kontuak ere abesten dituzue: demokrazia, marea beltza...
Oinarrizko ideologia bat markatzen saiatu gara. Kantu gehienak istoriotxoak dira: Remedios Amaiaren istorioa, Joxe Azarola zumaiarrarena, Peio Errotaren Karidadeko Bentarena... Zentzu horretan, komiki baten moduan ikusten ditut letrak, hitz gutxiko istoriotxoak, baina oso sintetizatuta. Gainera, kaleko hizkuntza erabiltzen saiatu naiz bizitzako alderdi batzuekiko jarrera ere markatuaz.
Non ikusten duzu erosoago zure burua, bertsotan edo taldeko zuzeneko batean?
Diferentzia oso handia da, erosoago bertsotan sentitzen naiz: inprobisatzen memoriaz kantatzen baino. Nire logika naturala hori da: inprobisatzea eta memoriaz beti ahaztuko naizenaren beldurra izatea. Gu bertsolariok oso anarkikoak gara gure kantakeran, tonuan, erritmoan... bakoitzak nahi duena eramaten du. Bertsoan beran ere bizkortu edo mantsotu egiten dugu... Taldean berriz, dena neurtu beharra duzu. Hala ere, zuzenekoetan asko hitz egiten dut prosan, kantuak azaltzen, publikoarekin komunikatzen... Inprobisatzea gustatzen zait, jendartean sartzea, etab. Ez dut abeslaria izan nahi, taldearekin ere bertsolari izaera mantendu nahi dut.
Letrak idaztearena aurrez musikan landu duzun zerbait da, zer moduz sentitu zara fazeta horretan?
Ondo, asko gustatzen zait. Horrek asko eman dit, musika munduarekin eta musikari askorekin harremana izatea. Laurogei bat kantu idatzita ditut jada, Negu Gorriak-i 18 urterekin idatzi nizkion lehen letrak eta orduan mundu hori ezagutzen hasi nintzen. Bertsoa gaur egungo euskal musikara sartzeko zubi bat ere izan zen niretzat. Gainera, Negu Gorriak-ekin zuzenean bertsoak eskaintzeak beste publiko batera hurbildu zuen bertsoaren mundua. Horregatik, asko eman dit, batez ere musikaren mundura zubi bat izan da letrak idaztearena.
2003, URRIA-AZAROA