entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Inaxio Esnaola 2011-08-04

KHOUS mugarik gabe

Khous taldea. Khous taldea.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Bistakoa da. Musikariak dira musika salbatuko dutenak. Babesa izan edo ez, talde asko aurrera egiteko prest daude. Sormen lana zaindu eta erronka berrietan sinesten dute. Nafarroako KHOUS rock eta metal taldeak ere sinetsi du. Mugei erreparatu gabe etxean sorturikoa nazioartean landu dute, Loturak (Maldito Digital) emaitza etxekoei erakusteko. Burlata, Wiltshire, New York edo Ribe abentura ahaztezin baten geltokiak dira.

Pausaldia eta aldaketak. Boskote izatetik laukote izatera pasa zarete, eta osagarri bat alboratu duzue. Moldaketek zenbat eragin dute KHOUS taldean?
Andresek (DJ eta teklak) taldea utzi zuenean erronka zuzenekoetan izan genuen lehenik, sampler-ekin konpondu genuena. Horrela, saiatu ginen kantu berrietan elektronika sartzen. Konposatzerakoan, ordea, artifiziala geratzen zela ikusi genuen. Halere, lan berriko kanturen batean bada arrastorik. Bestetik, Raulek (bateria) ere taldea utzi eta bere lekua Aritzek bete zuen. Aritzek bere ukitua eman die kantuei, taldeari. Aldaketekin taldearen musika gogortu egin da eta kantuak zuzenagoak dira.


Ondo pentsatu eta landutako lana da Loturak bigarren diskoa. Abestien sormenetik diseinura arte zaindu duzue. Hori zen zuen asmoa?
Diskoa bere osotasunean ikusten dugu beti, musika entzun aurretik begiek erakarri behar dute hau dastatzera, eta erakarriko zaituen irudi horrek berebiziko garrantzia du. Azalak lehenengo pista emango dizu eta azkenean bi elementuen batuketa horrek lanari beste garrantzia bat emango dio.


Grabazioarekin amets bat bete duzuela adierazi duzue. Ingalaterrako Real World estudioetara joan zineten euskarazko kantu batzuk grabatzera. Zergatik bertara eta zer nolakoa izan zen esperientzia?
Ahaztezina izan da. Iñaki Llarena ekoizleak proposatu zigun. Bilera askoren ostean ondorio hau atera genuen: musikari batentzat, handi bihurtzeko garrantzitsuena ez dela estatusa, bitartekoak baizik. Diskoan sinesten genuen, esku tartean genituen kantetan sinesten genuen. Erronka berria kantuak grabatzeko bitarteko egokiak aurkitzea zen. Iñakirentzat Peter Gabrielen estudioetan grabatzea ametsa zen eta guretzat esperientzia berezia. Bertan bizitakoa Eymar Uberatagoenak zuzendutako dokumentalean ikus daiteke: http://vimeo.com/20556397


Apustu horrekin nahikoa ez eta New Yorkera bidali zenuten nahastera, ondoren Danimarkan masterizatzeko. Nazioarte mailako diskoa osatu nahi zenuten?
Erabat! Hau zen gure ideia, nazioarteko disko bat osatzea nahiz bagenekien zein arlotan mugituko genuen ostera. Drew Mazurek teknikariekin (Linkin Park, Him...) lan egitea Llarenak proposatu zigun. New Yorken aste batez nahastu zuten diskoa elkarrekin, baina Mazurekek beste buelta bat emateko baimena eskatu zigun. Atzerriko norbaitek zure proiektuan horrela sinesteak hunkitzen zaitu, azkenean tipoak hilabete oso batean zehar nahastu zuen, emaitzak konbentzitu zuen arte. Hori luxua da guretzat. Danimarkan Jacob Hansenek (Mercenary, Volbeat...) masterizatu zuen. Metal doinu gogorrak jorratzen dituenez egokiena ikusi genuen azkeneko ukitu basatiagoa ematearren.


Abentura honetan, Iñaki Llarena lagun eta ekoizlea izan duzue alboan. Nola deskribatuko zenukete berarekin duzuen harremana?
Bere alboan beti ikasten dugu. Maisu askotan, laguna beti, psikologoa zenbaitetan, edozertarako behar dugunean. Arlo profesionalean izugarria da, batez ere dakiena zure esku jartzen duelako. Gainera, gauzak hain argi izan arren oso irekia da lanerako.


Diseinuarekin bueltan, Xabi Angosek ederki baliatzen du Nafarroako musika eszena bere lanak plazaratzeko, ezta?
Artista hutsa da. Halere badu berezitasun bat: musika irudietara moldatzen daki bere ukitu pertsonala galdu gabe. Musikazale amorratua da eta berdin dio zein estilotan beti aurkitzen du eta musika irudi bihurtzeko bidea. Diseinurako harremana diskoa konposatzen ari ginela hasi genuen. Gainera bere eragina izugarria izan da, abesti bat bere kontzeptu artistikotik atera da eta.


Lehen diskoa Baga Biga diskoetxearekin atera zenuten, eta bigarrena Maldito Digital plataformarekin. Aukera justuago baten bila joan zarete?
Gaur egun ez dago diferentzia handirik diskoetxeen artean gure tankerako taldeentzat. Azkenean auto-ekoizpen hutsak dira. Baga Bigarekin pozik geunden, baina Valentziatik interes handiagoa zutela iruditu zitzaigun. Bertako hedabideetan indarra galdu dugun arren, interneten hedapena handiagoa izan da.


Orain laukote moduan kontzertuak ematen ari zarete. Taldea egonkortu duzue?
Taula gainean inoiz baino biziago gaude. Aritzek freskotasun eta ilusioa txertatu digu odolean eta Andres manager lanak egiteko itzuli da. Gaur egun, beste feeling bat dugu.
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Mundumira jaialdia asteburu honetan Leintz-Gatzaga eta Eskoriatzan. Programa hemen!
  • Manu Chaok Galizian joko du maiatzaren 17an eta 19an Reperkusión jaialdian.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.
  • Governors + Willy Toledo: Bertigo bideoa

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!