entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Aritz Sound System 2005-10-02

MAKALAREKIN hondartzan

Makala Makala
Udara iristear da eta Mikel Unzurrunzaga Schmitzek, Makalak, iazko uda amaieran ateratako diskoarekin bueltaka dabil han eta hemen. Makala eta lagunentzat urte osoa da uda.


Eta nor ote da Mikel Unzurrunzaga Schmitz? Musika beltzaren zaletu amorratuak garenontzat ezagunagoa da Makala ezizenaz eta ezagutzen ez dutenei, musikaren abiadurari neurria hartu dion musikazalea dela esango diegu. Disko jartzaile ezaguna, ekoizlea, baxu jolea, kontzertu eta festen bultzatzailea, e.a. Novophonic diskoetxearen altxorrekin osatutako disko-sesioa izan zen bere lehen lana eta orain berak konposatutako eta lagun askorekin batera osatutako kantuekin dator.

Nola sortu zen egitasmoa egiteko aukera?

Aspaldidanik nik konposatutako musikarekin diskoa kaleratzeko gogoa nuen eta orain, Metak zigiluari esker, diskoa kaleratzeko aukera sortu zitzaidan eta ez nuen aukera galdu. Egia esan, Metakeko jendearekin harreman ona dut aspaldidanik eta nahiz eta nik egiten dudan musika ez zen diskoetxean normalean kaleratzen ziren diskoen estilokoa aukera eman zidaten bere garaian Selektah Kolektiboa edo Afrikarekin gertatu bezala.

Diskoa Makala bezala aurkeztu duzue baina egia esan, zurekin batera lagun ugari aritu dira diskoan.

Bai, kolaboratzaile asko izan ditu diskoak. Zerrenda luzea da eta talde desberdinetako jendea aritu da. Ttakunpa perkusio taldeko Aran eta Mikel; 12 Tribu reggae taldeko Ladis baxuan; Borja saxofoian; Txato baterian; Javi Pez Orquestrako Jon Tronbon, Ferminekin ibilitakoa; Basque Dub Foundationekin haize sekzioa osatu duten lagunak, e.a. Lagun asko benetan.

Diskoaren produkzio lanak egiteko Euskal Herriko reggae zaletuen artean oso ezaguna den Roberto Sanchez aukeratu duzu. Nolakoa izan da harremana?

Lan asko egin dugu. Abuztuan sartu ginen grabatzera eta Santanderrera bidai asko egin ditut. Atsegina izan da reggae musikaz eta grabazioetan horrenbeste dakien pertsonarekin aritzea.

Ez da zure lehen diskoa, aurretik Novophonic diskoetxearen katalogoarekin sesioa osatu zenuelako, baina lehen aldia da zure konposaketekin diskoa kaleratzen duzula. Nolakoa izan da esperientzia?

Bai, esperientzia desberdinak dira, noski. Aurrekoak bere lana zuen kantuen aukeraketan, nahasketan eta abar. Baina oraingo honekin denbora asko daramat (urte eta erdi). Kantu guztiak nik konposatutakoak dira, ez dago bertsiorik, baina lau bost kantuetan sanplerrak erabili ditut. Ea jendeak asmatzen duen zein kantutik hartu ditudan.

Argi dago zure ametsetako hondartzan aspertzeko denborarik ez dagoela, estilo aldetik behintzat aniztasun handia dago eta.

Betidanik esan dut eklektizismoa dela nire gaixotasuna eta ezin dut disko bat norabide bakarrean eraman. Nire etxeko zigilua da estilo aniztasuna eta, azken finean, pintxatzen ditudan musika estiloak nabarmendu daitezke diskoan: latin, disko, reggae, funk, afro-funk, e.a.

Arabiar musikari keinu bat ere egin diozu.

Fuego Amigo kantua cancin protesta da. Irakeko inbasioaren kontrako kantua da eta bertan fuego amigo deritzan hori zer ote den zalantzan jartzen dut.

Diskoan lantzen dituzun estiloak kontutan hartuta, zer nolako harrera espero duzu Euskal Herrian?

Egia da estilo hauek ez daudela oraindik oso barneratuak Euskal Herrian, baina ez naiz ni aitzindaria izan honetan, jende gehiago aritu da musika hauek egiten nire aurretik. Niretzako klabea izan da Afrikaren diskoa, azkenean norbait ausartu delako acid-jazz, soul eta funk diskoa euskaraz egiten eta kalitatearekin. Hemengo panorama musikala gaurkotu egin beharra dago, ordenagailuekin egiten den bezala.

Birusen kontrako babesa ere jarri beharko da ziurrenik. Dena den, disko jartzailea zarela kontutan izanda, dantzarako erritmo azkarren falta nabarmendu dugu diskoan. Entzun daitezkeen erritmo gehienak nahiko lasaiak dira eta horrek harritu gaitu.

Adina izango da. Orokorrean disko lasaia da eguneko edozein unetan eta edozein lekutan entzuteko aproposa. Ziurrenik eguraldi onarekin gehiago gozatuko da. Udaberri udararako disko aproposa da.

Diskoan musikari askok parte hartu dute. Horrek zuzenean aurkezteko zailtasunak emango dizkizu?

Diskoa kaleratu eta gero lehenik eta behin biratxoa egin nuen disko jartzaile modura. Raslarekin batera sound systema osatu eta Euskal Herriko hiriburu eta hainbat txokotan, Bartzelonan, Madrilen eta Alemanian ibili ginen. Hiru hilabetetan, bi astebururo emanaldiak eta prentsarekin harremana. Orain berriz, taldetxoa osatu dugu, boskotea edo seikotea gehienez, bateriarik gabe, zerbait sinplea leku txikietan jotzeko.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.