Mamba Beat. Argazkia: David Herranz.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Bilboko Mamba Beat taldeak bere hirugarren lanarekin datorkigu The (Part 1), Bartzelonako Tsunami Music zigiluaren eskutik. Elektronika ariketa librea, 2010 urtean zehar sarean jarritako singleak biltzen dituen EPak, bigarren atal indartsu baterako promesa iradokitzen du.
Sugeak ez ditu gure belarriak eta oinak bakean utziko, probokazio printza batez bustiko gaitu eta, dantzalekuan eroak izan gaitezkeela esaten digu. Sinteak eta programazioak nagusi dira
The honetan, ohiko beste musika tresna batzuekin batera (saxoa, baxua edota bateria) eta, musika dantzagarria euskaraz ere egin daitekeela frogatzen digute
Gaua abestiarekin. Mikel Pirisek (ahotsa, saxoa, sinteak eta programazioen egilea) erantzun ditu gure galderak.
EP berriarekin zatozte, 2007an Mamba Beat sortu zenetik, hirugarren diskoa jada. Zergatik EP bat eta ez luze bat? Ez zarete geldirik gelditzen direnetakoak...
Bai, sugeari gaua eta jaia asko gustatzen zaizkio baina… langilea da baita ere! Urte hauetan gauza asko egin ditugu... 2010etik gabiltza singleak Interneten botatzen eta 4 single horiek Ep batean biltzeko unea zen, eta hori zen formatu naturalena.
The (part 1) (Tsunami Music, 2011) izena jarri diozue, zein unetan dago Mamba Beat? Disko berriak beste luzeagoa baten aurrerapena dirudi.
Bai, hori da, Ep-ari
The (part 1) ipini diogu izena. Izan ere, oraingo 4 abestiak
The bildumaren lehenengo laurak dira, baina aurrerago pista gehiago aterako ditugu beste gai batzuen inguruan. Orain, Mamba Beat garai sakonago batean dago, existentzialagoa edo… eta gai handiei musika ipini nahi izan diegu. Abesti guztiak ingelesezko artikulu horrekin idazten diren kontzeptuak dira:
(The) Life bizitzaren magia madarikatu horri buruz,
The Faith sinisteko gauza berriak bilatzearen beharraz, eta nola ez!
The Dance eta
Gaua (The Night) bi horiek Mambaren genetikaren parte direlako.
Dancera egin duzue salto zalantzarik gabe, aurreikusita zenuten aldaketa hau?
Eboluzio baten barruan gaude, izpiritu eta erritmo berdinarekin, baina soinuan aldaketak dauzkagu, elektronikaren presentzia gero eta nabariagoa da, sinteak, gitarrak, ahotsak gero eta zuzenagoak… Sugea klubean jaio zen, baina ordutik hona 100 kontzertutik gora doaz, gero eta eszenatoki handiagoetan (Lanzaroteko Festibala, Granadako Fusibles fest, Bilboko Aste Nagusiko eszenatoki handia…) eta soinua gogortuz joan da. Potenteagoa da.
Ingelesez dira abesti gehienak baina baita ere euskaraz abesten duzue. Gaua abestia ez da oso ohikoa, ohituta gauden euskal musikaren artean.
Abesti gehienak ingelesez dira baina euskarazko singlea ere badaukagu, noski. Abesti hori hainbeste maite dugun gauari omenaldia da, akelarre eta rave baten arteko nahasketa,
flash argiak haragian kobazuloan bere bizio eta morbo guztia barnean daraman gaua.
Azala nahiko deigarria da. Ez da zuen asmoa inor harritu gabe uztea...
Ep-aren azalean gauaren amaierako eszena deskontrolatua besterik ez da agertzen.
Bartzelonako Tsunami Music zigiluarekin atera duzue diskoa. Zuen izaerarekin bat egiten du zigilu honek?
Oso pozik gaude zigilu honekin abiatzeaz. Zigilu honek gure estiloko musika aktiboki defendatzen du, eurek ere odolean daramatelako. Bestalde, taldeari bide berriak zabaldu dizkio, bai penintsulan baita Europa mailan ere, ez bakarrik banaketa aldetik baizik eta promozio eta kontzertu aldetik ere bai, ze... dakizuenez, Mambak Euskal Herritik kanpo irteteko aukerak dituenean, furgonetaren motorra martxan ipintzen du berehala. Iaz Berlinen izan ginen, aurretik Frantzian ere bai, eta abentura berriak prestatzen ari gara.
Kontzertuak, bira, bideoa, proiektuak...
Ep berria kaleratzeaz gain bideo berria ere kaleratu dugu. Eta kontzertuetarako set berria prestatu dugu: abesti berriak sesioekin kateatuta, ikus-entzunezkoak, elektronika, sinteak, gitarrak… Potentzia.
Bira hasi berria daukagu, apirilean Galizian hasi ginen asteburu ero batekin, gero Bilboko Kafe Antzokiko aurkezpena heldu zen eta hemendik aurrera birak Gasteizera, Bartzelona eta Madrilera eramango gaitu besteak beste.
Kontzertuen datak:
* MAIATZAK 20AN GASTEIZKO IBU HOTS ARETOAN
* MAIATZAK 21EAN BILBOKO BLACK FEVER ARETOAN + La Suite Bizarre
* EKAINAK 9AN BARTZELONAKO APOLO ARETOAN + Monoculture