entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Daniel Martirena 2005-02-12

MIKEL MARKEZ trobadorearen konpromisoa

Mikel Markez Mikel Markez
Mikel Markez trobadore lanetan dabil berriz ere, bortz urtez isilik egon ondoren bere bidean zazpigarrena den disko berria karrikaratu baitu orain dela deus. Erabili nazazu izenburua paratu dio eta gazterik hasi zen kantaria izanagatik ere, argi du bi udatako txoria izan nahi ez duela, oraindik ere saskian baduelako zer kantatua.
Heldutasuna?

(Irri) Ez nuke heldutasunera sekula iritsi nahi. Hau hiltzea bezalako zerbait da. Nahiago nuke beti ikasten jarraitu. Dena dela, egia da gure hau ofiziotzat hartzen dugunok egiten hari garen horrek nolabaiteko garrantzia baduela sentitu behar dugula. Egungo zurrunbilo honetan, bai konpaktuak, bai liburuak ere kleenex baten modura ulertzen dira, behin erabili ondoren berehala zakarrontzira jaurtikitzeko. Honen aurka irauli nahi dut, betirako diren diskoetan sinetsiz. Zentzu horretan, bada, heldutasunerako diskoa da, gainontzekoak ziren modu berberean, kanposantura iritsi bitartean kantaria izango naizela uste baitut.

Aitzitik, bortz urtetako isilune hori zerbaiten adierazgarri da?

Hasi nintzenetik seigarren diskora arte ia kasik etenik gabe jardun izan dut. Momentu batean nire burua galduta ikusi nuen. Ez nekien zergatik, norentzat, nola hari nintzen kantuan. Hartara, 1999an gelditzea erabaki nuen, Pako Aristirekin Tribuaren Hitz Galduak ikuskizunaren emanaldiak bukatu genituenean. Isilik iraun dudan tarte honetan nire buruari zergatik, norentzat eta horrelako galderak egin dizkiot eta erantzunak aurkitu bitartean mutu egon naiz.

Hartara, zergatik dabil kantuan Mikel Markez?

Zerbait esateko dudalako. Hau da nire azken aurkikuntza. Esateko dudan guzti hori adierazteko egin dut zazpigarren disko hau eta hori entzun nahi duenak hortxe ditu horiek guztiak entzungai. Kantuak ez ditut debalde egin. Kantuak kantariaren bila etortzen dira, markatzen gaituzte, arrasto bat uzten digute. Nik nahi duen guztiarekin arrasto hau partekatu nahi dut.

Abestiei erreparatuz, Pako Aristi, Sonia Gonzalez, Joseba Sarrionandia, Xabier Lizardi edota Joan Mari Irigoienen olerkiak musikatu dituzu. Noiz antzematen diozu maileguan hartzen duzun olerki bati musikarako gai-tasuna?

Poema liburu bat hautatu eta irakurtzen ari naizenean berehala konturatzen naiz kantu izan behar duen poema horrekin. Izan ere, poema irakurri eta hori musikatu behar dela ikusten baldin badut, berdin zait zer dudan egiteko, dena bazter batean utzi eta poema hori musikatzen hasiko bainaiz, behintzat poema horren abestiaren bizkarrezurra egin arte.

Zuk propio idatzitako hitzak ere inguratu dituzu diskora. Hitzak ala doinuak, doinuak ala hitzak, zerk du garrantzi handiagoa?

Gehienetan, lehendabiziko hitza eta gero musika josi ohi dut. Dena dela, noizbait alderantzizko bidea egin dut, musika asmatu ostean hitzaren bat hortxe ahokatzen ahaleginduz. Alabaina, hitza zein musika plastilinaren antzekoak suertatzen zaizkit, moldatzeko modukoak dira, eta hitza musikara molda dezakedan bezala, musika hitzaren arabera itxuraldatu dut hala egin behar izan dudanean.

Victor Jararen Nola ahaztu Amanda aski abesti ezagunaren egokitzapena egin duzu. Nolatan?

Batzuentzat ezaguna izanagatik ere, beste batzuentzat ezezaguna dela konturatu naiz. Azken hilabete hauetan elkarrizketa dezente eman ditut eta hedadura mailan bederen hedabide garrantzitsuenetakorako lan egiten duten hiru kazetari gaztek ez zuten Victor Jararen abestirik ezagutzen. Azken buruan, guri ere Gerra Zibilarekin gertatu zena gertatzen dela iruditzen zait. Nolabait, gure gurasoek orain dela gutxi gertatutako hori estali nahi izan dute. Victor Jara 1973an hil zuten. 30 urte pasa diren honetan zenbait jendek gertatutako hori ahaztu nahi izan du. Dena dela, nik ez dut kantu hau hori guztia birgogoratzeko egin. Niretzat, Nola ahaztu Amanda haurtzaroan entzun dudan kanta da, oso era normalizatuan. Hortaz, gustura gelditu naiz egindako egokitzapenarekin.

Nola dago plazaz plaza, antzokiz antzoki ibiltzearen panorama?

Plazaz plazako egoeraz kexatuz ez dugu ezer lortzen. Egia da gizartea aldatu dela. Gazteei irratitik esaten zaie zer entzun, zer jantzi eta nola larrua jo behar duten. Guzti hau diruarekin eta industriarekin zuzenduta dago. Arren, hau horrela izanda, ahalik eta modu txukunenean abesten jarraitu behar dugu. Kantaldiak eman nahi ditut. Jende pixka bat etorriko da, ziur. Jende gutxiago joaten da zuzeneko emanaldietara. Diskoak ere jende gutxiagok erosten ditu. Tira. Hau 2005. urteko egoera da. Aldiz, ziur naiz hamabost urteren bueltan berriz ere antzokiak beteko ditugula.

2005, OTSAILA - MARTXOA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.