entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Daniel Martirena 2005-10-15

MIKEL URDANGARIN hutsetik betetzeraino

Mikel Urdangarin Mikel Urdangarin
Mikel Urdangarinek disko berria aurkeztu zueneko biharamunean mintzatu zen gurekin, batak bertzearen aurpegia ikusi ezinean, telefonoak babesten duen ahots-dantzaren ataka gainditzeko beharrez. Urte betez mutu iraun ostean, abeslari ondarrutarrak lan berria baitakar gurera, sabela huts, odol zainak idortzear, dena eman guran jardun baitu, Dana izenburua paratu dion disko honen sortze-bidean.
Zure diskorik elektrikoena dela diote egunkariko lerroburuek eta horixe dela zuk zeuk ere nabarmendu izan duzunekoa susmoa dut. Zeren ondorioz?

Egia da nik ere horrelako aipamena egiten dudala disko berri honen inguruan hitz egiten dudanean. Alabaina, guztietan lanik elektrikoena izanagatik ere, ez dut uste hautsi dudanik aurreko lanek zuten akustikotasuna. Noski, elementu elektrikoak erabili izanak sekula baino leku gehiago hartu du oraingoan. Gitarra elektrikoen pisua handiagoa da bai, baina elektrikotasunaren kontu honek ez du lan berri hau nire aurreko bidetik erabat aldentzen.

Aitzitik, diskoa entzundakoan, ausart ninteke erratera desberdintasunik antzeman daitekeela zure aurreko kantuekiko.

Entzuleari arrotza suerta dakioken horrek niregan ez du horrelako pisurik. Hala eta guztiz ere, onartzen dut lan berri honek sonoritateari dagokionez aldaketa dakarrela. Hainbat kantutan bereziki, bestelako jantzia erakusten baitute. Kontzienteki egindakoa da hau guztia, naturaltasun eta bat-batekotasun batean. Diskoa norbaitek harriduraz hartzen badu ere, euren harridura ez dut uste arrotza izango denik.

Taldearen lana eta ekarpena inoiz baino handiagoa dela adierazi izan duzu.

Bi urte egin ditut diskoaren gainean. Lehendabiziko urtean bakarrik ibili nintzen, baina bigarrenean taldearekin jardun dut. Sekula ez dut kantu bat hainbestetan jo disko honetan bezala. Bai dedikazioz, bai denboraz ere, diskorik landuena da eta zentzu honetan, taldearen lana ezinbestekoa gertatu da. Disko bat jende gehiagorekin egingo duzula erabakitzen duzunean, gure arteko harremana giltzarria da. Musikariei ahalik eta gehien ematea eskatu diet, dena emateko alegia, hau zaila den arren zurea ez den gauza batean. Musikariek euren arimen zatitxo bat utzi dute nire kantutegi honetan. Lehendabiziko entsegutik grabazioaren azken eguneraino guztiz errespetuzko eta maitasunezko jarrera gailendu da.

Zerbaiten beldur zara? Jarraitzaileek nola erantzunen dute?

Egia esateko, disko berriarekin harridura eragin nahi nuen. Zaplazteko txiki bat eman nahi nuen. Dena dela, beti ere, harridura hau atsegina izan zedin. Ez dut zirt edo zarteko aldaketa baten aldeko apusturik egin. Niregan esnatu diren sentsazioak besteengan errepikatzeko xedea dute abesti guztiek. Hau da betiko gure guraria. Gure mundua ahuleziaz beterikoa da eta, horrenbestez, beldurrak ekidinezinak zaizkigu. Hala eta guztiz ere, erabat hustu egin naizenez, zintzotasunetik abiatu naizelako, kontzientzia lasai daukat.

Nolakoa duzu sormen prozesua? Tristeziatik? Alaitasunetik? Sufrimenduan oinarritzen den sortze-lanean ez duela sinisten irakurri nion berriki Manu Chaori. Bat zatoz?

Bere iritzia da. Asko estimatzen dut alaitasunetik sortzen duena. Nire kasuan, ez nuke esango oinazetik sortzen dudanik, kantu askoren atzean oinazea dagoen arren. Dena dela, oinazea baino gehiago, oinazea gainditzeko beharra dagoela nabarmenduko nuke. Oinazean gelditzen den abestirik ez dut. Kantekin nireganako eragin baltsamikoa bilatu ohi dut eta mina onartutakoan sendatzeko gogoa beti gailentzen da nire kantetan.

Zein konpromiso islatzen dute zure abestiek?

Kasu honetan, diskoa zabaltzen duen Ezin esan kantua adierazpen askatasunaren aldeko aldarria da, ez modu kolektiboan ulertuta, bakarkako joera batean baizik. Herri honetan etengabe urratzen zaigun giza eskubidea da adierazpen askatasunarena eta pertsonekin, maila bakarkakoenean ere, akabatzeko modu bat da. Isilarazten duzun pertsona bat pixkanaka-pixkanaka hiltzen duzu. Hala eta guztiz ere, berriz ere itxaropentsu bukatzen dut Dana izeneko kantarekin. Leihoak zabaltzen ditut. Halaber, nire herriarekiko harremana nola ikusten dudan azaltzen du Bihar kantuak. Sahara ere aipatzen dut beste batean. Lurralde honek sorginduta utzi ninduen. Haiek bizi duten egoerarekiko salaketa egin nahi izan dut. Etorkinen arazoari eutsi diot ere. Noski, asko dira nireak egin nahi ditudan konpromisoak. Hartara, beste batzuetan, emakumea xede duten abesti dezente ere bildu dut. Pertsonen arteko, gizon-emakumeen arteko harremanak inspirazio iturri zaizkit.

Laboa, Lertxundi eta Berzaitzekin batera ikusi zintuztegun orain dela gutxi eta musikan aitzindari izan diren hauen oinordekotzat hartu zaituzte.

Gaizki ulertu bat egon zen lauron artean disko berri bat argitaratuko genuela-edo. Ez dago horrelako egitasmorik. Gure bakarkako diskoak urtaro berdinean kaleratuko ditugulako bitxikeria zegoen erreportaje honen atzean eta hau dela kausa elkartu gintuzten. Gure artean ez dago inolako elkarlanik. Ederki pasatu nuen egun hartan. Haiek ezagutzeko aukera izan nuen. Zorionekoa sentitzen naiz bizitzaz haiekin hitz egiteko aukera izan nuelako eta lagunak ditudalako. Dena dela, aldi berean, beste musikari asko ere lagunak ditut, hain ezagunak ez diren arren, artista onak izanagatik ere. Noski, Laboak, Lertxundik eta Berzaitzek asko eman digute eta oraindik ere hala egingo dutelakoan nago.



2005, URRIA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.