The Uski's. Argazkia: Iker Barbero.
Ostirala heldu da mundura, eta sentipen zirraragarri batek astintzen du zure gorputza, oinetatik hasita buruko azken ileraino. Sentipen horrek askorako eman du rockandrollaren historian, eta Euskal Herrian bertan badugu oinordekorik. Beach Boys eta The Ramonesen artean dagoen lerroa estua urratu du The Uski´s bizkaitar taldeak, bere azken lanean: Tximinotan (Baga Biga, 2012).
Bizkaieraz abesten dute, rockaren hit klasikoetan murgilduta, eta oraingoan countrya, bluesa, funkya eta surf rockarekin ausartu dira. Uda honetan, behin baino gehiagotan ikusiko ditugu plaza eta herriko jaietan, euren musika horretarako baita, munduko ostiral guztietan ondo pasatzeko. Oier Lakarekin (gitarra, baxua, timple, organua) partekatu ditugu zenbait gogoeta.
Nola definituko zenuke disko berria, Tximinotan?The Uski´sek orain arte egindakoaren ildo beretik jarraitzen du, Rock&rolla erraza eta zuzena, alaia eta freskoa, beti musika melodikoan oinarrituta, entzutean ondo pasatzeko helburuarekin.
Natxo Lyvertirekin grabatu duzue Muxikon estudioetan. Zer moduz grabazioa? Pilatutako esperientzia nabaria da?Iñigo eta Jorge Etxebarrietarekin egin dugu lan oraingoan Muxikon estudioetan, lehenago Natxo Lybertiren Lamiña estudioa zena. Aurreko disko guztiak Lamiñan grabatu genituen Natxorekin eta
Katuek bezala diskoan (Baga Biga, 2010) Jose Lastraren presentzia ere egon zen. Betidanik eduki izan dugu Iñigorekin grabatzeko gogoa, izan ere, gure zuzeneko teknikaria izan zen hasierako urteetan eta beti geratu gara oso pozik bere lanarekin, beraz aurtengo aukera ezin hobea zen, betiko estudioan betiko teknikaria eduki dugulako.
"Guk izkutuko arma bat daukagu, geure herrietako euskara, ahalmen handia ematen diguna hitzak laburtu edo luzatzeko"
Disko hau rockzaleagoa atera zaizuela esan duzue, produkzioagatik akaso? Rock hit klasikoaren adar askorekin ausartu zarete, abesti countryren bat ere badago, Mendebalderantz abestia kasu.Bai, gehien bat produkzio aldetik dago aldaketa nabarmenena. Gitarra soinu klasikoagoetara jo dugu, rockabilly kutsukoak, garrasitan daudela ematen du, desagertu egin dira aurreko diskoetako distortsio modernoak. Bestalde, bateria ere, aurrerago ipini dugu eta horrek ahotsen presentzian eragina izan du, urrundu egin behar izan dira. Nahiz eta disko honetan lau ahots, inoiz baino gehiago egon, ez dira hain nabarmenak. Bigarren galderari dagokionez, rock estiloa zabaldu dugu, ildo beretik goaz baina beti fluktuazioekin, oraingoan countrya, bluesa, funkya eta surfa ikutu ditugu, estilo zabal horren bila.
Rockzale bai, baina amodio abestiekin ere aursartu zarete Ze berri abestian. Bestela, gainerako gaiak, rockaren ohiko gaiak dira: neskak, gaua, asteburua eta rock and rolla.Bai, amodio abesti edo baladatan nahiko murgildu gara,
Ze Berri-k, adibidez, joan egin zaigun lagun bati buruz egiten du berba edo
Azkanin alkarregaz abestia, benetako amodio istorio bat da. Beti egin diogu kantatu amodioari, baina izan liteke oraingoan maiteminduagoak egotea, karkar.
"Gitarra soinu klasikoagoetara jo dugu, rockabilly kutsukoak (...) Desagertu egin dira aurreko diskoetako distortsio
modernoak"
Ahotsen tratamendua garratzitsua da zuen musikan. Nola lortzen duzue hain maila altua izatea? Ordu asko ematen duzue entseatzen?Familia edo betiko lagunak gara taldekideak, askotan batu izan gara bazkari edo beste moduko ospakizunetan hamabost-hogei pertsona, horrenbeste gitarrarekin eta denok abesten. Gehien bat hegoamerikar abestiak, rantxerak, habanerak... hor ikasi dugu abesten, berez datorkigu ahotsekin jokatzeko gogoa eta askotan inprobisazio hutsez egiten ditugu.
Surf musika euskaraz egitea zaila da? Ala zerbait naturala da, rocka bera bezalakoa?Berez, surf musikak oinarri instrumentala dauka, nahiz eta, estiloa zabala izan eta abesturiko musika asko egon. Egia esateko, edozeinek musika egin dezake, edozein hizkuntzatan. Ingelesa errazena da, hitz asko monosilaboak direlako eta bertsoak betetzerako orduan hitz osoen bitartez egin daitekeelako. Guk izkutuko arma bat daukagu, geure herrietako euskaran egiten dugulako eta horrek ahalmen handia ematen digu hitzak laburtu edo luzatzerako orduan. Adibidez, "Egin dizut" esateko bi silaba behar baditut "Eintsut" idatziko dut, hiru badira "Ein dotsut", eta lau badira "Egin dotsut". Tranpati itzelak gara!