Diskoetxe berria martxan
Egunotan Musikherria deituriko proiektu bati buruzko artikuluak irakurri ditugu nonahi. Markinan izandako Gaztemugi topaketetan sortu zen, eta ia urtebeteko lana darama atzean. Egitasmoaren bozeramaile eta sortzaileetako batekin berba egin genuen horren inguruan.
Egitasmoa zena errealitate bihurtu da. Lan asko egon dela badakigu, eta ideia orokorra ez da batere txarra, baina... ez al da pixka bat arrosa kolorekoa edo idealista xamarra?
Nire ustez, proiektua dirudiena baino errazagoa da funtsean. Azken finean, badirudi “diskoetxe” baten barruan ez bazaude, ez zarela inor. Askotan hori behar da talde bat serio hartzeko. Euskal Herriko taldeek erlazioak dituzte beraien artean, baina gu harago joan nahi dugu: taldeen artean indarrak batzea, horrela indartsuago egiteko. Gertatzen dena da erlazio natural horiek oso murritzak direla, normalean faktore geografikoek mugatuta, horrela Goierriko taldeek Goierriko taldeekin bat egiten dute, eta ez bizkaitarrekin. Taldeak batu, indar gehiago edukitzeko, hori besterik ez da. Jendeak pentsa lezake egitasmoa oso idealista dela, baina are idealistagoa da musika eta diskoetxeen inguruko mundua, jende gehienak zera uste du: diskoetxe batek “fitxatuko” zaituela eta sekulako arrakasta izango duzula. Horrelako kasuak oso urriak dira Euskal Herrian. Bestalde, diskoetxeek eraikitako “diktadura” horrekin amaitzea da helburua, beraiek aukeratzen baitute zein taldek balio duen eta zeinek ez, beraien interes ekonomiko edo adiskidantzazkoen arabera, “eszena” guztia xurgatuz, eta kalitatezko talde asko aurrera atera daitezen ekidinez.
Eta talderen batek SGAE aldera pasatzea erabakiko balu diskoetxe batek zirikatuta?
Hori taldeak berak baloratu beharko luke. Diskoetxeak eskaintzen dizuna interesgarria bada, ba aurrera, baina talde hasiberriei egiten zaizkien eskaintzak ez dira beste munduko ezer izaten. Kontua da jendeak ez dakiela zer den SGAE, zertarako balio duen, nola lan egiten duen eta zertarako konpromisoa hartzen duzun. Musikherriak, aipatutako kontuez gain, “hezkuntza” lan bat ere burutu nahi du, “industria musikala” deritzon errealitatea ezagutarazteko. Musikherriak kopyleft formularekin bat egiten du, musika munduaz gain beste arteetan ere hedapen handia izaten ari dena. Euskal Herriari dagokionean, punta-puntako talde mordoa dago honen inguruan interesaturik, “industria musikala” deritzonak baldintza itogarriak ematen baitiete, eta horrelako egitasmoek “eszena” berri baten sorrera ekarri baitezakete. Musika hiltzen ari den mezu katastrofista gero eta gehiago daude, baina gero eta talde gehiago dago, eta Euskal Herriari dagokionean, gero eta kontzertu gehiago daude. Emule bezalako P2P sareek kultura musikalarentzat oso onuragarriak izaten ari dira, beste modura hona helduko ez litzatekeen musika heldu delako horrela.
Baina diskoetxe kontzeptua ez al dago Musiherriak eskaintzen duenetik nahiko urruti?
Azken finean lehen esaten nizuna da, indarrak batzea alegia. Autoekoizpenetik oso hurbil dago: etorkizuna “home made” kontzeptuan dago, bakoitzak bere kontuak etxean egitea, alegia. Musikherriak ez du Euskal Herrian dauden diskoetxe gehienek baino gutxiago eskaintzen. Gainera, guk ez dugu uste proiektu honekin sistema osoa aldatzera goazenik, baina aurrerapauso bat izan daiteke, Euskal Herriko hainbat zigilu txiki egile eskubideen kontua birplanteatzera heldu daitezkeelarik, adibidez.
Eta banaketa? Azken finean hori da autoekoizpena eta diskoetxe baten lana bereizten duena...
Etorkizuna Internet da, eta bertatik egindako banaketa erreza eta merkea da, Emule bezalako P2P sareak oso lanabes erabilgarriak baitira. Halere, oraindik ere CDaren inguruko merkatu edo eskari handia dago, eta hori da momentuko erronka handiena. Momentuz kontuarekin interesaturik agertu diren banatzaileekin berba egin dugu, agian lokalki lan egiten duten horietakoak. Bertan dauden talde askok pena merezi dutela uste dugu, eta aurrera aterako direla uste dugu gainera, lan interesgarriak baitakartzate besapean.
2005 – 2006, ABENDUA – URTARRILA