entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Myriam Garzia 2011-10-03

Jose Ignacio Lapido Nire auzokidearen txakur magikoa

Urriaren 7an, Kafe Antzokian izango dugu bere azken diskoa, “De sombras y sueños” aurkezten

Jose Iganacio Lapido 091 taldean aritu zen. Jose Iganacio Lapido 091 taldean aritu zen.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Badira zenbait musikari beti daudela hor, urtez urte eta diskoz disko gure arima harritzen eta gure imaginarioa elikatzen jarraitzen dutenak. Ez zaude beraien esperoan, baina disko berri bat ateratzen duten bakoitzean, argitxo bat pizten da zure barruan, eta zalantza sortzen da: beste garai batzuetako diskoek bezain beste aseko nau lan berri honek? Jose Ignacio Lapidoren kasuan (Granada, 1962), hala izaten da. 091, berak eta Antonio Ariasek (Lagartija Nick) sortutako talde mitikoaren Ultimo Concierto diskoaren berrargitarapena merkaturatzen den egunotan, Lapido ez da atzean geratu, ez du atzera begiratu.


Aldiz, bakarka hasi zenetik, Ladridos de Perro Magico (Producciones Peligrosas, 1999) diskoarekin, ibilbide hori pertsonala eta berritzailea izan da. 2005ean Pentatonia diskoetxea sortu zuen, eta ordutik abeslari, gitarra jole, konposatzaile, ekoizle eta disko saltzailea da. Espektroa ezin zabalagoa da.

Nola definituko zenuke zure azken lana? Nolakoa izan da sortze prozesua?
Ez da oso erakargarria izango esango dudana, batez ere ezagutzen ez nauen pertsona batentzat, baina azken disko hau “beste disko bat” bezala definituko nuke. Arraroa egingo zaizu agian hori esatea, baina aurreko mendeko 81etik nabil diskoak grabatzen eta dagoeneko badakit diskoak denboraren perspektibatik aztertu behar direla. Esan nezakeen “nire diskorik onena” dela edo “inoiz grabatu dudan diskorik onena” dela. Izan daiteke, baina ezin dut horrelakorik esan denbora tarte bat pasatu artean edo abestiok nola zaharkitzen diren ikusi artean. Beste diskoetan grabatu ditudan abestiak ondo zaharkitu dira, eta harro nago ia gehienetaz. Eman diezaiogun hauei ere denbora tarte bat, bere lekua bila dezaten. Bestela, esan daiteke rock disko bat dela. Badakizu... gitarrak, bateriak, pianoak... eta lantu melodikoa.
Bestetik, sortze prozesua beste diskoen antzekoa izan da: konposizioa etxean gitarra eta pianoarekin, entsegua taldearekin lokalean eta grabazioa estudioan. Horrela esanda erraza dirudi, baina urte beteko lana da.

Orain arte, beti ekoiztu dituzu zure diskoak, oraingo honetan, Paul Grau teknikariari utzi diozu erantzukizuna. Nolakoa izan da grabazioa?
Nire soinu espektroa zabaldu nahi nuen, eta hori soilik egin zezakeen nire zirkulutik kanpo zegoen norbait. Eta, egia esan, diskoa ekoiztea berriro ere, nagitasun apur bat ematen zidan. Paul, Granadako kostaldera orain dela 10 urte etorritako alemaniarra da. Kolonian zuen tresneria ekarri zuen eta Motrilen hasi zen lanean. Sonoritate berriak ekarri ditu eta zenbait ideia interesante. Eta, rocka grabatzen badaki, hori da garrantzitsuena.

80. hamarkadatik asko aldatu da musika eszena, nahi zenuen tokian al zaude?
Bada denbora nire burua zigortzen ez dudala galdera horiekin, non egon beharko nukeen edo zein den merezi dudan tokia. Absurdoa da damutzea edo kexatzea izan zitekeenaz eta ezin izan zenaz. Zailtasunen aurrean hazi beharra dago, eta nire ofizioan abestiekin eta kontzertuekin egiten da hori. Gero eta abesti gehiago eta hobeak. Gero eta zuzeneko gehiago eta hobeak. Horrela igarotzen dira urteak eta ia ez zara konturatzen. 1982 urtean 091 sortu genuen, norbaitek esan balu 2011ean jarraituko nuela grabatzen eta jotzen, ez nuke sinistuko.

Antzerkirako zein zinerako egin duzu lan, gozagarria al da eserlekuan esertzea eta zuk egindako musika entzutea?
Nire kontzertu batean ikusle bezala egotea nire ametsetako bat da. Ezinezko fantasia. Bideoan edota telebistan ikus dezakezu baina ez da gauza bera. Eszenatokiaren azpian, rock kontzertu bat ikusten duzun sentsazioa berezia da. Nire kasuan, ez badut nire burua klonatzen apur bat zaila ikusten dut. Ni izatea besteek entzuten duten musikaren interpretatzailea, horrekin konformatu behar. Ez dago batere txarto, bestetik.

"Bada denbora nire burua zigortzen ez dudala galdera horiekin, non egon beharko nukeen edo zein den merezi dudan tokia"


Pentatonia zuk sortutako diskoetxea dugu, horrelako lubakiak beharrezkoak al dira egun bizi dugun musika industriaren krisiari aurre egiteko?
Nire egoera profesionalari aurre egiteko aurkitu nuen irtenbidea izan zen orain dela bospasei urte. Ez nuen nire diskoak editatu nahi zituen diskoetxerik, eta nire kabuz egitea erabaki nuen. Lan gogorra da eta batzuetan esker txarrekoa, baina nire ustez musikariok dugun irtenbide naturala da, egun bizi ditugun garaioi aurre egiteko: autogestioa. Bizitzan badira hainbat une, aurrera pausuak eman behar dituzunak, zauriak mizkatzeari utzi eta mespreuei muzin egin eta zuk zeuk aurrera egin. Lan gehiago? Bai. Nahigabeak? Ere, baina horrela artearekiko duzun miresmenak nora eraman zaitzakeen harro adierazi dezakezu.

Zure diskoetako bat, Musica Celestial (Producciones Peligrosas, 2002) eta 091ren Ultimo Concierto (Pentatonia, 2006) berrargitaratu dituzu. Nola sentitzen zara berralgitarapen hauek entzuten? Zerikusirik badute orain egiten ari zarenarekin?
Bai. Eman beharreko urratsak dira, bere asmatze zein hutsekin. Modestia alde batera utzita, esan dezaket 091 taldearen adio kontzertua, Espainian inoiz grabatu den zuzeneko onenetariko bat dela. Errepertorio eta indar hori ez dituzu disko askotan aurkituko. Dena den, iraganari buruz hitz egitea arriskutsua da nostalgiak eramaten zaituelako, eta hortik beti ihes egin nahi izan dut. Hemen eta orain gaude, eta orain aldia eraiki beharra dago. Ohore zahar horiek, lapikorako utziko ditugu.

Egun zein musika mota entzuten duzu?
Batez ere, II. Mundu Gerraren aurreko blues akustikoa, eta 50. eta 60. hamarkadako rock and rolla.
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Fermin Muguruza & Kontrakatxa Hego Amerikan daude maiatzaren 16tik: Chile, Montevideo, Bogota, Mexiko...
  • Foehn zigiluaren udaberriko nobedadeak: BALAGOren Darder eta OSO LEONEren Mokragora.
  • Zaramak hiru abesti dituen disko labur batekin datorkigu: Sinestezina. Hemen entzun.
  • Jazzaldian euskotarrak: 18 talde, 9 dj, B. Achiary, I. Salvador, M. Azpiroz, Igelaren Banda... www.heinekenjazzaldia.com
  • SONISPHERE 2013: Madril (Mai 31) & BCN (eka 1). Kartela: IRON MAIDEN, ANTHRAX, MEGADETH, AVANTASIA...
  • Balerdi Balerdi taldeak Petti beratarra fitxatu du. http://balerdibalerditaldea.wordpress.com/

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!