Noizean behin
Egia esateko, ez genuen horren soinu gizen eta erabatekoa aurkitzea espero Inoiz kontatu ez nizkizunak diskoaren barruan. Iritziak iritzi, esan genezake euskal metalaren onena bere baitan bildu eta lan potoloa –estreinakoa– argitaratu duela Bizkaiko talde honek. Soinu gorpuztua, neurtua baina indartsua entzun dugu, metalzalea bai, baina rockzaleek gozatzeko osagai aski dituena, konposizio eraginkorrez eta detaile politez jantzia baitago. Ez da egi txikiagoa onartzea diskora bildu dituzten hamar abestietatik ez dela bat bera ere sobratzen eta ez dagoela ezer lekuz kanpo. Ander (bateria), Alex (gitarra eta ahotsa), Ibai (gitarra) eta Hegoi (baxua) dira erantzuleak.
Nola eta noiz sortu zen taldea?
2001. urtean sortu zen Gatikan. Orduan Ibai, Ander eta Alex elkartzen ginen Anderren etxean entseatzeko talde bat sortzeko asmoz. Hasieran norabidea argi ez bagenuen ere, kontzertuak prestatzen hasi ginen. Horrela, aurrera egin genuen eta 2004 urtean taldeak behin betiko norabidea hartu zuen. Alde batetik, Natxo Liberty ezagutu genuen, diskoaren ekoizlea, eta bestetik, Hegoi, baxu jolea. Natxo Liberty ezagutu genuenean taldearen nahia maketa on bat grabatzea zen. Lanean hasi eta gero, Natxok disko bat egiteko nahiko materiala zegoela ikusita, pausu hori emateko animatu gintuen eta hor sortu zen, elkarlan horren ondorioz, Inoiz kontatu ez nizkizunak.
Zer aurkituko du entzuleak disko honetan?
Talde berri bat aurkituko du, ez estilo propio bat, baina bai musika estilo bat bere ikuspuntutik lantzen duen taldea. Beti jartzen digute “metal” etiketa hori, eta egia da metala egiten dugula, baina uste dugu entzuleak metal soila baino gehiago aurkituko duela, gitarra gogorrak, pisutsuak, baina melodia askorekin estribiloetan, riff metalzaleak, rock edo pop tokeak ere bai... Batez ere disko landu bat aurkituko du. Zentzu horretan oso pozik gaude gure lanarekin eta baita ere Natxo Libertyk egindakoarekin. Beti esaten dugu estreinako diskoa izateko espero genuena baino gehiago lortu dugula, eta soinuaren aldetik berdin, ez genuen espero horrelako soinua lortzea, baina horrek izen propio bat dauka: Natxo Liberty ehuneko ehunean!
Otu zait diskoa entzuterakoan lan metalzalea izan arren, rockzaleek eta bestelako publikoak ere entzuteko modukoa dela. Ongi hartuko dutela alegia. Zuek zer uste duzue?
Bada bai, hortik joan daiteke. Egia da diskoa oro har metalzalea dela, baina lehen esaten genuen bezala, hori baino gehiago da, estilo ezberdinen batuketa. Horren arrazoia lokalean dago, taldeko bakoitzak bere estiloa du, batzuk metalzaleagoak gara beste batzuk rockzaleagoak, eta lokalean elkartzen garenean guzti horren nahasketa sortzen da, eta hori da Noizean Behin.
Euskal metal talde askoren gauzarik onenak hartu eta zuenean juntatu dituzuela ematen du baita ere: Pi-LT, Eraso!, Berri Txarrak… Gehiegi esatea da?
Bueno, zuk aipatzen dituzun guzti horiek Euskal Herriko talde indartsuak dira, beti entzun ditugun taldeak eta gustatzen zaizkigunak, baina igual bai da gehiegi esatea. Konposatzen duzunean zure influentziak nabaritzea eta igartzea normala da, entzuten duzun musikak beti baldintzatzen du egiten duzuna. Guk saiatzen gara originalak izaten, ez errepikatzen eginda dagoena, nahastea gustatzen zaigu, eta agian bai igartzen dira diskoan talde horien eraginak, baina onena juntatu dugula esatea… ufffffff… larregi!
Zein talde dituzue inspirazio eta eragin iturri?
Musika asko entzuten dugu bai Euskal Herrikoa bai kanpokoa: Metallica, Sevendust, Helmet metalzaleen artean; Finch, Velvet Revolver edo Alterbridge rokeroagoak direnen artean edo, adibidez, Queens Of The Stone Age eta System Of A Down moduko taldeak. Euskal Herriko taldeen artean zuk aipatutakoak batez ere: Eraso!, Pi-LT, Berri Txarrak, Su Ta Gar baita ere… Hala ere, talde bat eman behar badugu erreferentzia moduan eta taldekide bakoitzaren gustu musikalak kontutan hartuta, Metallica izango litzateke guztion artean komunean dugun talde bat!
Giza harremanak, sentimenduak… nabarmentzen dira diskoan. Zer esan nahi duzue lanaren izenburuarekin?
Izenburu hori diskoari zentzu bat emateko sortu zen. Abesti guztiak jasotzen zituen izenburu bat topatzea zen gure asmoa. Zuk esaten dituzun gai guzti horiek, sentimenduak, egoera pertsonalak, gizartean gertatzen diren eguneroko horiek, “Inoiz kontatu ez nizkizunak” horren barruan barneratzen direla uste dugu.
2006, EKAINA- UZTAILA