Kantuak egiteko makinaren jabe dira. Gogorrak tarteka, eta lausoak bestela. Hori bai, erritmoa dute oinarri eta edozein dela osagaia dantzarako rock kantu bizien jabe dira. Governors taldeak Collage hirugarren diskoa plazaratu zuen iaz, eta ordutik zuzenean aurkezten ari dira han eta hemen. Aldaketak aldaketa sendo dabiltza taula gainean. Gustura eta pozik harrapatu dugu Juan Sangre abeslaria
Bi urtetan bi disko. Nola da posible? Frenetikodrom bigarrena 2010 urte hasieran atera genuen, eta Collage 2011 bukaerakoa da. Beraz, urte eta erdiko tartea dago bien artean. Urte eta bi hilabete zuzenean aritu gara, eta azken bost hilabeteetan lan berria osatzen. Egia esan, atsedenik gabeko bi urte izan dira. Iaz kontzertu asko eman genituen, eta abesti berriak sortu nahi genituen zuzenean eskaintzeko. Erronka berriak ere gustuko ditugu. Horrela, beharrak dakar inspirazio puntua, elkarrekin doaz.
Oraingoan ere diskoaren izenburuak harreman zuzena du taldearen izaerarekin. Doinu lausoak, gordinak, bestelakoak... Bigarren diskoa diferentea da aurrenekoarekin alderatuta. Eta hirugarrena ere ezberdina da. Abesti berberak sarritan jo ondoren, konposatzen hasten zarenean bestelako ideiak sortzen zaizkizu, ohikotik ihes egiteko nahia. Ideia eta asmo freskoak dira, oinarria mantenduta bestelako eraginak jasotzeko. Noski, gustura gaude emaitzarekin.
Diskoan metal kutsua duten kantuak daude, eta pop rock gisakoak ere. Mutur batetik bestera ibiltzea gustuko duzue? Estilo aldetik mugarik ez dugu jarri nahi. Dena dela, lasai, hurrengo diskoan ez da reggaeton abestirik izango eta. Argi dago rock musikaren baitan askotariko estilo eta doinuak daudela. Horiek probesten ahalegintzen gara. Batetik, konposatzerako garaian dibertigarriagoa delako, eta pertsonalki sobera aspertzen nautelako diskotik diskora formula bera errepikatzen duten taldeek.
Oraingoan letra gehienak euskal idazleenak dira. Horrela behar zuen? Egia esan, bai. Aipatu bezala, kontzertuak etengabe eskaintzen aritu gara, kantu berriak sortzen eta lan berriaren eraketa beste modu batera egin dugu. Musikarien arteko distantziak prozesua moteldu du, eta letrak sortzeko laguntza behar nuela konturatu nintzen. Azkenean, beharra ideia on bilakatu zen. Izan ere, urteetan makina bat letra idatzi ondoren, baliagarri izan zait besteen hitzekin transmititzea nahi nuena. Gainera, idazle horien ekarpenak asko aberastu du gure proposamena.
Mugarik gabeko artearen erreferentea da Laboa (...) Aldiz, Sands borrokaren erreferentea da, sakrifizioarena
Diskoan bi pertsona nabarmendu dituzue: Mikel Laboa eta Bobby Sands. Mugarik gabeko artearen erreferentea da Laboa. Denok ezagutzen ditugun abestiak ditu, eta badira beste asko ideia berritzaileak jasotzen dituztenak. Aldiz, Sands borrokaren erreferentea da, sakrifizioarena. Berarekin batera, beste bederatzi lagun hil ziren Long Kesh kartzelan gose greba baten ondorioz. Irlandan Bik Macfarlane ezagutzeko aukera izan nuen. Berak kartzela berean eraman zuen aurrera bere borroka, egun beltz horietan. Beraien historia miresten dut.
Fjord iraganean geratu bada ere, Keu Agirretxea alboan izan duzu denbora batez Governors taldean. Bestelako diskoa osatu duzue bere laguntzarekin? Zalantzarik gabe. Keuk bere esperientzia, ñabardurak eta beste gehitu dizkio diskoari. Gitarra jotzeko era berezitua du, eta bere ekarpena igartzen da kantuetan. Berarekin lan egitea plazerra da, eta oso pozik nago berriz ere taula gainean elkarrekin aritu garelako. Orain, ordea, Yago Goronaetak hartu du bere lekua. Aspaldiko laguna izanik, berehala bat egin du taldearekin.
Taldekideen aldaketen aroa bukatu, eta banda finkatzea lortu duzue? Auskalo, ezin da asmatu zer gertatuko den. Governors taldean dedikazio maila altua da, ez gara 18 urteko ume koskorrak. Familia ardurak ditugu, lana, konpromisoak... Musikan ez dira urte askotarako kontratuak sinatzen. Konpromisoa diskotik diskorakoa da, eta abesti berriak sortzen hasi aurretik, bilera egiten dugu guztiok aurrera egiteko prest gauden jakiteko.
Bertigo kantuaren bideoklipa aurkeztu berri duzue. Eta zuk, ba al duzu bertigorik? Musikari askorentzat disko berri baten argitalpena tentsio handiko unea izaten da. Abesti berriek izango duten harrera jakiteko ordua da. Kantuei denbora asko eskaini ondoren, jendearen iritzia jakiteko ordua iristen da. Aurreneko aste horiek ez dira errazak izaten. Orduan, berebiziko bertigoa sentitzen dut.
Brutal Melody, Ekon, Fjord, Governors. Geldirik egon ezin duen horietakoa zara. Hobe da tarteka atseden hartzea, baina ez dakit nola egiten den hori. Beti pentsatu izan dut egunak motz geratzen direla, eta denbora inoiz baino azkarrago pasatzen dela. Ihesi doan denbora probesten ahalegintzen naiz, aita izango naiz aurki eta merezi duten denbora eskaini nahi diet. Hurrengo diskoari begira atseden hartu nahi nuke hainbat hilabetez. Tira, beti gauza bera diot eta gero ez dut betetzen.