entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Inaxio Esnaola 2012-08-27

Nodrama Pazientzia bertute

Nodrama, pazientziaz gauzak ongi egiten. Nodrama, pazientziaz gauzak ongi egiten.
Nodrama Bilborocken zuzenean.
Lotura erlazionatuak
Bost musikariek hartu zuten lasaitua adierazgarria izan zen. Aimar abeslariak bere amorrua esker onez azaleratu zuen. Sopelako NODRAMA taldeak hilabeteetan ereindakoaren uzta The Patient diskoan jaso eta plazaratu zuen. Bilbon, etxean, aurkeztu zuten hurbileko jarraitzaileekin, eta desio zuten hura topatu zuten. Esfortzuaren osteko eztanda, eta barealdia. Eztanda bikoitza izan da, nazioarteko metal eszenara jauzi egiteko aukera izan dutelako. Koldo Gorozika gitarra jotzaileak ere bere denbora hartu du erantzuteko.


Detailerik txikiena ere zainduta argitaratu duzue The Patient diskoa. Zergatik behar izan duzue horrenbeste denbora?
Nahiko luzea izan zen bidea. I Mind lana atera ondoren, kontzertu batzuk eman genituen eta abesti berriak prestatzen hasi ginen. Kantuak biribiltzen hiru edo lau hilabete eman genituen. Bidea pixkanaka egitea pentsatu genuen, emaitza txukunena izan zedin. Estudioan ere hiru edo lau hilabete pasa genituen Alberto Macias teknikariarekin. Izan ere, estudioa libre zegoen egunetan bakarrik joan gintezkeelako grabatzera. Gainera, Albertorekin grabatzeko denbora itxaron behar izan genuen. Egia esan, abestiak egiten eta diskoa grabatzen urte eta erdi inguru pasa dugu.

Izenburua esanguratsua da: pazientzia.
Hori islatu nahi genuen, jendarteak egun faltan duena. Dena berehala nahi dugu eta modurik onenean. Baina hori maiz ezinezkoa da. Gure sistema eta jendartea azkarregi doazela uste dugu, eta mezu hori da diskoa zehar jorratu duguna. Azken batean, pazientzia bertute moduan ikusten dugu. Konfiantzarekin eta nahi duzun horren alde eginez, sinetsiz, eta batez ere pazientziarekin dena lor daiteke.

“Pena da ikustea sekulako musikari eta taldeak besterik gabeko abestiak sortzen. Guretzako kantua da oinarria, eta behar bezala eraikitzen saiatzen gara”

Osatu duzuen diskoa zinez profesionala da. Gustura?
Ilusio, gogo eta lan asko gordetzen dituen diskoa da. Aurreko lanarekin alderatuta aurrerapauso bat eman nahi genuen, hala sormenari begira nola talde gisara. Uste dugu lortu dugula, eta oso pozik gaude. Dena dela, gogotsu gaude garapenari segida emateko, are gehiago biribiltzeko gure proposamena. Grabazioa Getxoko Pan-Pot estudioan egin genuen aipatu Alberto Macias teknikariarekin. Lan bikaina egin du.

Metal malenkoniatsua. Akaso horrela definitu daiteke zuen musika. Erritmo azkarrak eta pausatuak tartekatu dituzue, doinu gogorrak eta oso melodikoak. Oreka?
Guk beti berdina esaten dugu. Musikari bezala gure mugak ditugu, baina gure bertutea askotariko musika entzutea da, edozein dela estiloa. Aipaturiko malenkonia eta harmonia horiek betidanik egon dira metal musikan, eta bistakoa da gustuko ditugula. 90ko hamarkadan hazitakoak gara, eta entzuten genituen taldeek izan dute bere eragina. Metallica, In Flames, Katatonia, Opeth, Megadeth-ek... abesti ederrak idatzi dituzte. Gu, ordea, beti saiatzen gara kantuak barrenetik sortzen, inorekin alderatzeko beharrik gabe. Ez zaigu gure musika definitzea gustatzen, horretarako dago jendea. Gustuko baldin badute eta beraien bizitza alaitzeko baliagarria bada, gure esfortzuak merezi izan du.

Modernoa eta freskoa ere bada. Gaur egun metal musikak bizi duen sormenari erreparatuta, zuena bestelakoa dela uste duzue?
Baliteke gaur egungo metal eszenan lehia moduko bat egotea. Bortitzenak, oldarkorrenak, azkarrenak, pisuenak, melodikoenak diren gitarra solo, bateria, riff zein ahotsen txapelketa. Dena muturrera eramaten da. Sortzerakoan pazientzia gutxi dute askok. Hori dela eta, pena da ikustea sekulako musikari eta taldeak besterik gabeko abestiak sortzen. Guretzako kantua da oinarria, eta behar bezala eraikitzen saiatzen gara. Hainbaten helburua musikari onak direla erakustea da, abestia zeharo ahaztuta. Gure musika entzuterakoan askok metalcore edo death melodikoa jorratzen duen beste talde bat espero dute, baina akaso ez dute hori topatzen.

Italiako Coroner Records diskoetxeak argitaratu du zuen lana. Nola da posible?
Ettore Rigotti arduradunak orain dela urte batzuk Bilboko Rise To Fall eta gure taldea entzun zituen. Hain zuzen ere, Rise To Fall taldearen lehen diskoa gustatu eta taldea sinatzea erabaki zuen. Dirudienez, gure laneko abestiak ez zituen horren gustuko (barreak). Baina osatzen ari ginen diskoko abesti batzuk bidali genizkion Hugoren (Rise To Fall) bitartez, eta asko gustatu zitzaizkion. Gerora, guk ere Coroner zigiluarekin sinatu genuen. Normala den bezala, oso pozik gaude bi taldeek lortu dugunarekin.

Azken aldian, Euskal Herriko hainbat metal taldek nazioarteko zigilu baten babesa izan dute (Darkness By Oath, Diabulus In Musica, Rise To Fall, ...). Hori nahiko adierazgarria da, ezta?
Betidanik izan ditugu gurean kalitate oneko taldeak, ez bakarrik metal musikan baita beste estiloetan ere. Tamalez ingelesez abesten dugun taldeok ez dauzkagu euskaraz edo gazteleraz abesten duten banden aukera berberak. Halere, gure hitzak mundu zabalean uler daitezke eta horrek, hein batean, nazioarteko ateak zabaltzen dizkigu.

Bilboko Bilborock aretoan aurkeztu zenuten diskoa. Gau berezia izan zen. Taula gainean maizago aritzeko asmoa duzue, edo ohiko patxadarekin ibiliko zarete?
Gugatik izango balitz kontzertu asko emango genituzke, baina argi daukagu ez dugula dirua galduko hori egiteagatik. Denbora asko daramagu mundu honetan, gauza oso onak eta oso txarrak gerta zaizkigu. Gure ametsa talde honi ahalik eta denbora gehien eskaintzea da, baina hori ia ezinezkoa da. Kontzertuak eskaintzeko prest gaude, baina ez da erraza. Agian egunen batean Bilborock aretoko gau hartan bizi eta sentitu genuen magia gauero sentitzeko aukera izango dugu. Izan dezagun pazientzia.
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!