entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Joxi Ubeda 2015-09-15

Perlak "Elkarrekin jotzen hasi ginenean, dena horrela joango zenik ez genuen pentsatzen"

Perlak taldea. Perlak taldea.
Perlak bandcamp
Lotura erlazionatuak
Ustekabe ederra izan da Perlak taldearen diskoa. Altxor bat. Ilargi Agirre (bateria, ahotsak), Maite Martiarena (ahotsa, gitarra, teklatuak), Oihane Abarrategi (ahotsa, gitarra, teklatuak) eta Patxi Agirre (ahotsa, baxua, teklatuak) 2013an elkarrekin jotzen hasi ziren.


Denbora gutxian, hilabete gutxi batzuetan, diskoa kaleratu duzue, Gaztea Maketa Lehiaketako finalera iritsi zarete, Udaberri Fest jaialdian parte hartu duzue, eta emanaldi batzuk ere egin dituzue. Oro har, nola ikusten duzue hain denbora gutxian egindako hori guztia?
Ilusio handiz, egia esan. Talde gaztea izanik, bilakaera polita izan dugula iruditzen zaigu, zuk diozun moduan, hain denbora gutxian. Gure lehen kontzertutik hona musikalki asko hobetu dugu, eta hori diskoaren grabaketari esker ere izan da, egiten genuena serioago hartzen hasi ginelako, eta abestietan gehiago sakontzen.

Zer moduz diskoa? Gustura gelditu zarete?
Ez genuen horrelako emaitzarik espero, eta oso gustura gaude. Gainera, grabaketa prozesua sekulako esperientzia izan zen. Mungiako Gaua estudioan grabatu genuen, eta estudioaren alboan logelak eta sukalde bat ere dauzkate. Hantxe egon ginen taldekide guztiok astebetez bizitzen. Elkarbizitza ederra izan zen gure artean eta Gauako jendearekin, eta denboraren zentzua ere galdu egin genuen zenbaitetan, hainbeste sartzen zara musikan eta grabazioan... Bizitako sentipenekin geratzen gara, batez ere, helmugara iristeko egindako bide guztiarekin.

Zer esan dizuete diskoari buruz lagunek eta ingurukoek? Komunikabideetan eta Interneteko sare sozialetan?
Orokorrean, zoriondu egin gaituzte eta kritikak oso onak izan dira, askorentzat ezusteko polita. Orain arte egin dizkiguten kritikak oso positiboak izan dira; Argia, Berria, Urola Kostako Hitza eta Zarata Mondo Sonoro-n atera dira gure diskoari buruzko aipamenak. Trapagarango blogero batek ere elkarrizketa polita egin zigun. Musikari profesionalen batek eta musika munduan dabiltzan batzuk ere jarri dira gurekin harremanetan egin dugunarengatik zorionduz. Gure musika baloratzen dutela ikusi dugu, azken finean. Euskal Herrian eta euskaraz mota honetako musikarik ez dela egiten azpimarratzen digute, batez ere.

Zer moduz, oro har, orain arte egindako emanaldiak?
Denetarik egon da, esan bezala, talde gaztea gara, eta hasieran urduri samar jartzen ginen taula gainean. Baina pixkanaka hobetzen ari gara, oso ondo pasatzen dugu kontzertuetan, eta hori jendeari iristen zaiola uste dugu. Gustuko tokietan ari gara jotzen, gainera. Bilboko Kafe Antzokian, Donostiako Dokan edota Dabadaba aretoetan jotzea, esaterako, batzuk aipatzearren, guretzat aukera izugarriak dira. Oholtza gainean gero eta gehiago gozatzen dugula ikusten dugu, eta kontzertuak ateratzen zaizkigula. Ikusleen artean entzun dugun onena zuzenekoan diskoa gainditzen dugula izan da.

Diskoa Udaberri Fest jaialdian aurkeztu zenuten, Zarautzen, zuen herrian. Zer moduz? Horrelako jaialdi batean parte hartzea pozgarria da, ezta?
Kontzertu polita eta berezia izan zen guretzat. 2013an Udaberri Klub Maratoian eskaini genuen gure lehen kontzertua, eta urtebete beranduago diskoa aurkezten oholtza handian egoteak ilusio handia egiten zigun. Primeran pasatu genuen, eta jendearen harrera oso ona izan zen.

Intentsitate handiz eta ahal den gehien gozatuz bizitzea da garrantzitsuena

Zer moduz joan zen Gaztea Maketa Lehiaketako finaleko saioa?
Epaimahaiak aukeratu gintuen, eta hori izan zen guretzat pozgarriena. Esperientzia polita izan zen Bilborocken hainbeste jenderen aurrean jotzea, baina, aldi berean, presio handikoa. Hogei minututan, lau kanturekin, ez da erraza egiten duzuna ondo adieraztea. Musikarekin lehian ibiltzea ez da guretzat egokiena... Lehiaketak jende gehiagorengana iristeko balio izan digu, hala ere, eta hori primeran etorri zaigu.

2013an entseatzen hasi zineten, eta jadanik gauza asko egin dituzue. Pozik, gustura?
Oso pozik, bai. Elkarrekin jotzen hasi ginenean, ez genuen pentsatzen horrela joango zenik dena, diskoa, elkarbizitza, kontzertuak gustuko lekutan... Lehen esan dugun moduan, kontzertu batek beste bat ekarri digu gehienetan, eta ezin gara kexatu.

Euskal Herriko musikaren munduan egiten dena kontuan izanik, zerbait desberdina eta berezia egiten duzue. Zuen doinuak ilun samarrak dira baina koloretsuak, era berean. Modu natural batean elkarrekin jotzen, entseatzen, sortu dituzue, edo aurretik hitz egin zenuten zein musika egin nahi edo behar zenuten zehazteko?
Egia esan, ez genuen ezertaz hitz egin. Besterik gabe, elkarrekin zerbait egiteko gogoa geneukan, eta jotzen hasi ginen. Beranduago konturatu ginen zein ildo zen gustukoen genuena. Naturalki iritsi ginen bide horretara.

80ko hamarkadako post punk ukituak suma daitezke zuen kantuetan. Doinu horiek bereziki atsegin dituzue?
Asko gustatzen zaizkigu, nahiz eta musika mota ezberdinak gustatu eta entzun, guretzat garrantzitsuak izan diren garaiak gogorarazi eta ordezkatzen dizkigute.

Musika berarekin gertatu zaigun bezala, hitzak ere barnetik ateratakoak dira, helbururik jarri gabe. Sortzerako momentuan sentitzen genuena transmititu dugu

Hitzetan, edonork izan ditzakeen kezkak, emozioak eta egoerak transmititzen dituzue. Helburu zehatz batekin idazten dituzue, ideia, sentipen edo sentsazioren bat transmititzeko asmoz?
Musika berarekin gertatu zaigun bezala, hitzak ere barnetik ateratakoak dira, helbururik jarri gabe. Sortzerako momentuan sentitzen genuena transmititu dugu.

Tximeleten udako egun bat bezalakoa izan beharko luke gure bizitzak esaldia CDan idatzita ageri da. Horren inguruan zerbait azpimarratu nahi?
Diskoak izenik ez duenez, lauontzat esanguratsua zen esaldi bat jartzea pentsatu genuen. Film batean agertzen da esaldia, eta denoi gustatu zitzaigun. Gure pentsaera adierazten du, modu labur batean. Askotan ez gara ohartzen bizitzak amaiera duela, konturatu orduko pasatu egiten dela. Baina hala da. Horregatik, intentsitate handiz eta ahal den gehien gozatuz bizitzea da garrantzitsuena.

Besterik esan nahi baduzue...
Batez ere eskerrak eman gurekin egon diren eta dauden guzti horiei, izenik eman gabe, bestela beti norbait ahaztuko litzaiguke, beraiek badakite zein diren. Eta noski, zuri, gutaz oroitzeagatik elkarrizketa honetarako. Poza eta osasuna.


Oharra: Elkarrizketa hau Entzun! liburuaren 64. zenbakian argitaratu zen lehen aldiz.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.