entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Urko Ansa 2014-09-22

Mikel Markez "Gure egoa eta gure lanbidearen asunto guzti hori kentzen baduzu, hemen balio duen gauza bakarra kantua bera da, ez egilea"

Mikel (Errenteria, 1971) elkarrizketatzea beti da plazera, baina horrelako disko bat aurkezten ari denean, plazer hori bikoiztu egiten da. Indar bat dabil hor diskoa (Elkar, 2013) bere ibilbideko onena dela uste dut, heldutasun artistikora iritsi baita, eta bete-betean asmatu baitu bere mundu aberatsa abesti eder eta sakonetan txertatzen. Ia musika eta hitz guztiak bereak dira; sentsazio eta sentipenik ederrenen adierazle hutsak.


Elkar estudioetan, Donostian, daukagu hitzordua Mikelekin. Harrigarria bada ere, puntuala izan naiz oraingoan. Kafe bat hartu eta sofan eseri gara. Laster jarri dut grabagailua martxan, Mikeli ahalik eta galdera gehien egin nahi baitizkiot. Goazen!

Bi urte bakarrik pasatu dira zure aurreko lanetik (Hiri hartan izan zen, Elkar 2011). Aurrekoarekin tarte handiagoa behar izan zenuen.
Bai, baina tartean bilduma bat ere egon zen (Zure begiek, 1988-2008). Nire hasierako garaietan, oroitzen dut 1992tik 1999ra 6 disko atera nituela, baina ez dut sekula presiorik izan, ez dut disko etxe batekin kontraturik izan 4 urtean 3 disko atera behar dituzu esaten duena. Tarte horretan hainbat kolaborazio ere egin nituen. Eta azken bi disko hauek (Hiri hartan izan zen eta Indar bat dabil hor) gauza dezente komunean dauzkatela esango nuke. Aurrekoa, nahi baduzu, beste pelikula bat da. Baina, alde batetik, estetika musikalari dagokionez (Arkaitz Miner eta hainbat elementuren parte-hartzea barne) biek batera ikusten ditut. Eta bestetik, bietan dago poesia, bertsoa eta Mikel Markezen sorkuntza. Kanpotik begiratu eta esan daiteke azken bi lanetan bide bat finkatu dudala, eta bata bestearen urratsean doala.

Niri azkeneko lana aurrekoa baino oraindik gehiago gustatu zait. Xabier Amurizaren Indar bat dabil hor hunkigarria da (oharra: musika Mikelena da). Badauka abesti horrek halako aura bat, Xabierrek ematen diona.
Bai, himnotxo bat da. Han eta hemen kantatzen dudanean ikusten dut. Badago disko horretan beste kantu bat ere, jada bere aldetik buzeatzen ikusi dudana: Konplize ditut eta.

Aire ahizpekin.
..
Hori da, horrek ere bere bidea egiten du Mikel Markezez aparte. Uste dut sarean badaudela jada lau bat bideo jendeak egin dituenak.

Nik bideo ofiziala ezagutzen dut...
Bai, baina karaokeak egiten dituen honek bat egin du, emakumeen argazkiekin. Billabonako udaletxekoek emakumeen inguruko bideo bat egin dute, bideo korporatibo bat bezala eta azkena, eskola bateko haurrek baimena eskatu zidaten beste bat egiteko, eta eman nien, noski. Jendeari kantuek balio behar diote bizitzeko, esateko, konpartitzeko, maitatzeko, hiltzeko eta gure helburua, gure egitekoa, kantuak jendeari pasatzea da. Eta jendeak erabili egiten ditu, eta hori da politena. Gizarteko sektore ezberdinetatik datoz (udaletxetik, funtzionarioen mundutik, eskola bat e.a.) eta esaten duzu ostia! hor osmosia bezala, kantua badoa zuloa egiten, eta pasatu egiten da. Gure egoa eta gure lanbidearen asunto guzti hori kentzen baduzu, berez eta nobleki begiratzen baduzu, hemen balio duen gauza bakarra kantua bera da, ez egilea.

Maila batean, Benito niretzat konkretuki kantaria ere den heinean, heldulekuak ematen dizkidan norbait da

Indar bat dabil hor-i garai baten abestia izateko potentziala ikusten diot, belaunaldi baten abestia bihurtzekoa. Xabierren ukitua magikoa da. Bere ahotsa sartzen denean, Iparraldeko zein abeslari ote da hau? pentsatu nuen.
Badakizu niri zer pasatzen zaidan Iparraldearekin? Gero eta gutxiago ikusten dudala aldea. Kantuaren esparrua hartzen badugu, nik esango nizuke Hegoaldeko kantariok, neurri handi batean eta gehienbat belaunaldia konpartitzen dugunok, izan dugula eta daukagula sustrai komun bat. Ni hazi naiz entzuten ozaze jaurgainian bi zitroin dorat (Atharratzeko gazteluko kantua), edo ezagutzen dut zehatz-mehatz Etxahun Iruriren obra guztia e.a. eta berdin etorri zaizkit Benito Lertxundi, Iparragirre, Nafarroako jotak edo Bizkaiko Oskorriren garai bateko kantuak. Guk kantuaren munduan badaukagu eskola bat. Ez da esaten sekula Iparraldeko euskal kantua eta Hegoaldeko kantua.

Berez ez dauka zentzurik.
Euskal kantua da. Niri esaten didatenean zu asko ibiltzen zara Iparraldeko kantariekin, nik ez, ez, ni asko ibiltzen naiz kantariekin, euskal kantariekin!. Niretzat Mikel Urdangarinekin kantatzera joatea eta edo Erramun Martikorenarekin joatea gauza bera da! Biekin kantatzen dut Baratze bat nahi deizt egin!

Badakizu niri zer pasatzen zaidan Iparraldearekin? Gero eta gutxiago ikusten dudala aldea. Kantuaren esparrua hartzen badugu, nik esango nizuke Hegoaldeko kantariok (...) izan dugula eta daukagula sustrai komun bat

Ulertzen dut Mikel, baina zuk Iparraldeko kantariekin izan duzuna
Baina begiratu ezazu Hegoaldeko zenbatekin kolaboratu dudan! Ia denekin egin dut, kar-kar-kar!

Beste batzuek Iparraldea nahiko urrun ikusten dute. Ez dakit Hegoaldeko zenbat kantarik daukaten hainbesteko harremana Iparraldearekin

Ez dakit Ni mugatik 7 kilometrotara jaio naiz (oharra: Errenteria/Oreretan). Nik 18 urterekin Danel Landart laguna nuen, guk antolatzen genituelako Iparraldearen inguruko jardunaldiak. Adibidez, Erramun Martikorenarekin lehen kantaldia egin nuen nire lehenengo maketa atera nuenean, 17 urterekin.

Oraindik bikote moduan jarraitzen al duzue?
Bai, bai. Nik hango kantagintza nirea sentitzen dut. Niretzat kotxea hartu eta Baionara joatea, Bilboraino joatearen erdia da!

Indar bat dabil-eko koruek Erabil nazazu diskoko zatiren bat oroitarazten didate.
Izan liteke Han bazegoen Mendi-gaa izeneko kanta bat, maite ditut gailurrak zioena, pixka bat korala. Emakume eta gizonen ahots asko sartzen dituzunean, beti ematen du horrelako koru zera bat. Desberdintasuna izan liteke han benetako koru bat zela, beti kantatzen duena, eta armonia bat egina zegoela, bereziki koruentzat prestatu zena. Iaki Salvadorrekin egin genuen konponketa bat izan zen. Oraingoan berriz, sinpleki nik neronek diseinatu nituen bi ahots eta diskora etorri ziren partaide guztiek kantatu zuten. Denek.

Denek? Harkaitz Miner, Alaitz Telletxea
Bai, bai, denek. Iosu Zabala, Xabier Amuriza, Gotzon Barandiaran

Disko honetan ia musika guztia zurea da, bat izan ezik, eta noski, No time for love izan ezik. Gainera, ia hitz guztiak zureak dira. Soilik hiru abestitan sartu dituzu beste batzuen hitzak. Zure bigarren diskotik (Oroitzapenak oparitzen ditut, 1994, Elkar) ez duzu hainbeste letra sartu zure lan batean.
Bizitzan askotan zirkuluak egiten ditugu, eta jende askok esan dit: Disko hau entzun eta lehen diskoko Mikel iruditzen zait, eta bai, nik ere hori onar dezaket, gehiago itzuli naizela berriz kantautore, autore zentzu zabalenera. Bere hitzak eta bere musika egiten dituen kantariaren puntura.

Orain esperientzia gehiago daukazu...
Bai, eta 25 urte gehiago!!! Kar-kar-kar!!

Zure lana askoz ere osatuago dago, helduagoa da. Niretzat momenturik onenean zaude...
Eskertzen dizut. Egia esan, disko honekin oso ondo sentitu naiz kantu guztietan esaten den guztiarekin. Diskoa oso borobila ikusten dut.

Deskubritzeko diskoa da. Lehenengo bi abestiak oso erraz sartzen dira, bigarrena Benito Lertxundiren errezitaldi horrekin (Gauza xumeetan), baina hortik aurrerakoak ere oso ederrak, oso konpletoak dira, harrapatzen zaituzten horietakoak. Ez da aski kantako pianoa, adibidez. Satxa Soriazuren soloa sekulakoa da.
Gainera, piano hori oso xumea da, ez da barbaritate jazzistiko bat. Hortxe, kontuz, kantuari laguntzen ari da. Eta klimax bat lortzen du. Batzuetan musikariekin gertatzen da, gauzak egiten dituzte eta gero ez dute ondo oroitzen zer egin duten. Grabaketa amaitu eta handik hilabete eta erdira edo, nahasketak bukatu eta Satxa estudiora etorri zen entzutera eta esan zuen: Ostia, ez nuen gogoratzen hau egin nuenik!.


Gaur egunkaria hartzen baduzu sirena garraixi bakarra gauean Ukrainian, Kongon edo Euskal Herrian kantatu dezakete. Hemen ere oraindik gauez etxeetako ateak botatzen eta jendea eramaten jarraitzen dute

Erresumarik zabalena-ren musika Itziar Iruretagoienarena da. Nor da neska hori?
Lubaki banda oroitzen duzu? Literatur talde bat zen. Gaztetxoak ziren, 90. hamarkadako erdialdean, hor zeuden Harkaitz Cano, Gari Berasaluze, Asier Serrano, Josu Goikoetxea (gaur egun bertsolari munduan gai jartzailea dena) eta hainbat poeta gazte. Ixiar ere banda horren parte zen. Herriz herri emanaldiak egiten zituzten, manifestu bat egin zuten e.a. eta abesti hori garai hartan, emanaldi haietarako egin zuten, beste batzuen artean. Joseba Tapiak eta nik maketa bat grabatu genien, Inkomunikazioa. Pena handia ematen zidan kantu eder hori hor ahaztuta egotea, eta azkenean grabatu egin dut.

No time for love Hertzainaken bidez ezagutuko zenuen
Bai.

Denok bezala...
Bai, denok bezala. Kantatu izan dut askotan afalostetan eta lagun giroan Sirena garraixi bakarra gauean, eta beti pentsatu izan dut bertsio bat egitea. Orduan, Hertzainakek eramaten zaitu Christy Moore-ra. Josu Zabalak Irlandan ikasi zuen kantu hori. Era berean, Christy Moorek Jack Warshaw-ri ikasi zion, alegia, abestiaren egilea zenari. Jack irlandar jatorria zeukan estatu batuar bat zen.

Beraz, ez da abesti irlandar bat, kar-kar.
Ez. Beno, irlandarra da, azken finean irlandar jatorriko batek egin zuelako. Sacco eta Vanzettiren kasuaz hitz egiten du. Italiar jatorriko bi anarkista ziren, borroka sindikalak e.a. izan ziren eta hauek atxilotu eta hiltzera kondenatu zituzten 1927an. Haien exekuzioak sekulako mugimendua sortu zuen eta hor kokatzen da kantu hura. Sirena garraixi bakarra gauean. Ez dute uzten maitatzen gauean. Toque de queda, alegia.

Kuriosoa da euskaldunok nola kantu hau gurea balitz bezala sentitzen dugun, Hertzainaken bidez ezagutu dugulako.
Kantu unibertsala da, poliziak eta ejertzitoek gauez jendearen etxeetara joan eta ateak botatzen jarraitzen dute Afrikan, Asian, Ozeanian, Europan, Ipar eta Hego Amerikan. 1900, 1920, 1940an, 1960an Gaur egunkaria hartzen baduzu sirena garraixi bakarra gauean Ukrainian, Kongon edo Euskal Herrian kantatu dezakete. Hemen ere oraindik gauez etxeetako ateak botatzen eta jendea eramaten jarraitzen dute.

Egia esan, disko honekin oso ondo sentitu naiz kantu guztietan esaten den guztiarekin. Diskoa oso borobila ikusten dut

Liburuaz hitz egin nahiko nuke (Pako Aristik eta Mikel Markezek berak Benitori egindako hainbat elkarrizketen ondorioa, Plazer bat izan duk, Benito). Liburu oso kuriosoa da, Benitok berak esan du hemen ez dela halako libururik egin.
Ez, ziur gainera.

Eta mundu mailan ere ez duela horrelakorik ezagutzen. Lehen, zure etapa berri hau aipatu didazu, azken bi diskoak etapa berri honetan sartzen dituzu. Liburuaren egitea eta Benitorekin azken urteetan egindako bileren ondoren, hark bizitza ikusteko daukan moduak zure obran eragin al du? Zure letrak aldatu dira
Bai, noski, berak eragin du gugan. Azkenean bizi duzun guztiaren ondorio zara. Dauzkazun esperientziak, lagunak, harremanak, irakurtzen duzuna guztiak egiten zaitu maila batean. Neurri batean, liburu horretan ateratzen den guztiaren parte gara. Maila batean, Benito niretzat konkretuki kantaria ere den heinean, heldulekuak ematen dizkidan norbait da. Nik ez nuke esango maisu bat, ez dut guru-etan sinesten edo berak hau esan du eta hau egin behar da edo sinesten dut berak esan duen horretan. Gauza guzi horiek soberan daude. Gehiago da bere mundu ikuskera horretan dauden ideia batzuk nik nire filtrotik pasatzea. Ideia horiek balio didate bizitzeko, egiteko edo portatzeko.

Desikastearen kontzeptua, adibidez.
Bai, eta beste gauza asko: transzendentziarena edo kantu tradizionalen errespetuarena e.a. Berak nik baino 30 urte gehiago dauzka, beste garai batzuk bizitu ditu eta esperientzia guzi horrek ekarri diona oso aberatsa, baliogarria eta ederra da guretzat.

Galdera hau egin gabe ezingo dut joan: Liburuak noizbait bigarren zati bat izango al du?
Ez, ez.

Ehunka ordu egongo dira grabatuta.
Bai, suertez ez dira agian irrati batean emititzeko modukoak. Zaratak daude, askotan bazkalostean grabatuta Ez dugu zaindu grabaketa txukunak egitea, isiltasunean Hori ez zen helburua. Helburua ideiak tak zetozen bezala jasotzea zen, ingurune informal batean, ahaztuta grabagailua hor zegoela.

Duela bi urte izan genuen elkarrizketan Kantu erotikoak diskoaz hitz egin genuen. Aspalditik katalogoz kanpo dago eta berrargitalpen posible batez aritu ginen.
Bai, baina gaur egun Spotify eta gauza guzti horiekin Hori jada egin dugu, Spotifyn jarri dugu Elkarren bidez. Pasatu zait sukarra, berrargitalpenarena. Jendeak ez du gaur egun ia diskorik erosten. Erreferentzialak dira gehiago, lan berri bat egin duzunean, euskarri fisiko bat behar duzu, baina gero eta zentzu gutxiago dauka maila horretan berrargitalpenak egiteak.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.