entzun.com


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2012-04-12

Doctor Deseo "Iragana background-a da, pilatutako esperientzia, besterik ez"

Doctor Deseo. Doctor Deseo.
Doctor Deseo zuzenean.
Lotura erlazionatuak
Bilboko taldearen hamahirugarren diskoa dugu Al Amanecer seguir soñando (Baga Biga, 2012), eta ametsen eta desiren eremuan murgildu dira, berriro ere, Doctor Deseo taldeko kideak. Disko berriaren aurkezpen mundiala egin zuten Bilborocken, rockaren familia handiak babestuta, aurreko martxoaren 13an, asteartearekin. 13ak, zenbaki madarikatuak, dirudienez, ez die batere beldurrik ematen-eta. Ez da arraroa, diskoa grabatu baino lehen, Euskal Herriko antzoki desberdinetara eramango dituen birarako sarrerak aspalditik daude agortuta. “Espero dugu, publikoak gugan jarri duen konfiantzaren pareko ikuskizuna eskaintzea”, esan digu Francis Diezek, taldeko abeslariak eta kanten egileak. Berarekin elkartu gara Bilboko Uribarri auzoko The Devil tabernan, gu ere, deabrua bera engainatzeko gai garen, froga egitearren.

Has gaitezen Bilbori buruz hitz egiten, hiri aldakor honetaz. Oraindik geratzen al da Bilbo berri honetan, Doctor Deseoren hastapenak (80. hamarkada) gogorarazten dizun izkinaren bat?
Bai, oraindik badira leku liluragarriak, nahiz eta ni ez naizen batere nostalgiaren aldekoa. Hala ere, ondo gogoratzen ditut garai haiek... Bilboko Gaztetxeko garaiak, orduan hura zen kontzertuak egiteko eta entzuteko leku bakarra, gaztetxea eta Gaueko taberna. Egun, aldiz, astebururo aukera asko daude kontzertuak ikusteko Bilbon eta inguruan. Bere garaian, nahiko sinesgaitza iruditzen zitzaidan gure hiriaren inguruko berregitea... Ibaia zikin zegoen, hura garbituz gero, Bilbo ez zela bera izango pentsatzen nuen (kar, kar). Euskalduna ontziola itxi zutenean ere, ez nuen uste burua altxatuko genuenik horrelako kolpe batetik... Egun, onartu behar dut, ibaiari itsas usaina darionean, atsegin dudala Bilbo hau ere. Iragandako aldi guztiak ez baitira hobeak, soilik iragandakoak baizik.

Hala ere, garai horietan jaio zen Doctor Deseo, eta ordutik soinu bereizgarria eta gaurkotua, mantentzen asmatu duzue.
Gu 1987an sortu ginen, beraz, 80. hamarkadako azkenetan, baina egia esaten badizut ez naiz jarri kontatzen zenbat denbora iragan den ordutik. Gure denboraren taldea gara, eta gure denbora beti da oraina, eta pertsona zein musikari bezala egindako bilakaera, batera joan daitezen nahi izan dugu. Musika zaletu amorratuak gara, eta beti saiatu izan gara, garaiak garai, une horretako eraginak zurrupatzen. Gu eta gure musika elkarrekin doaz. Ez dugu egin nahi izan aldaketa fiktiziorik, gauetik goizera ez gara hip hopera edota elektronikara pasatu, esan bezala pertsona bezala eta musikari bezala egin dugun bidea, bera izatea garrantzitsua iruditu zaigu beti. Orainatik eta egindako azken lanetik abiatu nahi izan dugu betidanik. Iragana background-a da, pilatutako esperientzia, besterik ez.

"Guk ez baditugu gure ametsak amesten, iruditzen zait beste norbaitek egingo duela gugatik"

Nola definituko zenuke azken lan hau, Al amanecer seguir soñando (Baga Biga, 2012), hamahirugarren diskoa? Zenbaki madarikatua da?
Hori ospatzea nahi genuen, hamahirugarrena! Bereziki, herri honetan, non Ez dok Hamairu mugimendu kulturalak ukatzen zuen zenbakia denez gero (kar, kar). Hamahirua zenbaki ederra iruditzen zait, aldaketa eta eraldaketa egitekotan, diskoaren azalean ere agertzen den zenbakia, ez dugu ukatu nahi izan. Mimo handiarekin egin nahi izan dugu hamahirugarren hau, eta lagun pilo erakarri, zeinekin kopa batzuek baino gehiago lotzen gaituen. Hauei esker taldearen kontzeptua zabaldu egin da. Euren lana erabat askea eta irekia izan da, G.K.Chesterton-en zita (“Maitagarrien ipuinak erabat benetakoak dira: ez bakarrik herensugeak daudela sinistu arazten digutelako, baizik eta garaitu daitezkeela esaten digutelako”) eta diskoaren izenburua baino ez genien eman, beraiek nahi zutena egiteko. Ez bakarrik diskoa apaintzeko baizik eta honen kontzeptua eta ikuspuntua zabaltzeko.
Aurreko diskoan, Deseo: Cartografia Imposible (Baga Biga, 2010), desiraren eremuan murgildu baginen ere, oraingoan gertuko eremu batean sartu nahi izan dugu, ametsen aberrian. Normalean, esanahi ezkorra izaten du, “...ametsetan dago”, galduta dagoenari. Ez da hau gure asmoa. Guretzat garrantzitsua da iratzarrita amets egitea, errealitate berriak asmatzeko eta hauek lortzeko ahaleginak egitea, nahiz eta batzuetan ahalegin horiek akatsak izan. Guk ez baditugu gure ametsak amesten, iruditzen zait beste norbaitek egingo duela gugatik. Hobe guk geuk egitea. Diskoak arnasa eta laztana izan nahi du bizi ditugun garai hauentzat.
 
Jesus Mari Lazkano, Roscubas anaiak, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Edorta Jimenez... Asko dira parte hartu duten idazleak eta margolariak.
Ez genuen nahi mp3 soila egitea. Horregatik ere, diskoak liburu itxura du. Lazkanoren irudi bat aukeratu dugu azalerako, Desiraren ametsak izenekoa, izen ezin hobea disko honentzat. Eta, gainera, elkarrekin betidanik ikusi duguna islatzen da, Atxartera elkarrekin eskalatzera joaten ginenean, Anboto, Alluitz eta Aitz Txiki mendien irudia. Kirmen Uribe, Itziar Ziga, Edorta... Jende asko, lagun asko daude disko honetan...

Musikari lagun berriak ere, agian sonoritate berriak eransteko disko honi?
Hasieratik disko desberdina izatea nahi genuen, honen soinua desberdina izatea. Horretarako lagun berriak erakarri ditugu gurera: Joe Gonzalez adibidez, berak sartu ditu saxo tenorra eta klarinetea, Leire Maturana ahotsetan, Jon Piris baxuan... Eta baita ere, estudio berri batera jo dugu, Mungiako Gaua estudiora, Cesar Ibarretxek, gure soinu teknikariak aukeratutakoa. Bera izan zen Metamorfosis (Oihuka, 2006) diskoa nahastu zuena, eta, beraz, ondo ezagutzen du gure alderik antzerkizaleena. Cesarrek ezin hobe islatu du gure lehenengo asmoa: belarrira xuxurlatzen diren abestiak, dena burbuila batean, laino batek estalia bezala eta era berean musika tresna guztiak parean izango bazenitu bezala entzuteko modukoa izatea. Nik uste dut erabat asmatu duela. Asko minatu gaituzte Gaua estudioetan, eta Cesarren inplikazioa erabatekoa izan da.

"Gure kontzertuak katarsis antzekoak izatea nahi dugu, zerbait gerta dadin gugan eta gure publikoarengan"

Diskoaren aurkezpenari jarraituko dion bira ere, zerbait desberdina izatea nahi duzue, lehen aipatzen zenuen zuen alderdirik antzerkizaleena erakutsiz.
Aurreko birak leku askotara eraman gintuen eta publikoaren harrera ezin hobea izan zen. Oraingoan arrisku berriekin jokatzea nahi izan dugu. Bi musikari berri, Joe Gonzalezek, haize tresnetan eta Virginia Fernandezek, ahotsetan, lagunduko gaituzte eta eszenan irudiak eta ikus-entzuneko muntaiak izango dira, film baten barruan egongo bagina bezala. Metamorfosis biraren antzekoa, baina eremu berrietara zabalduz, beste maila batean. Denok, publikoak eta guk geuk amestu ahal izateko. Antzokietara zuzenduko gara printzipioz, baina udari begira herriko plazetan ere izango gara. Hala ere, antzokietan ematen den giro berezi hau gauzatu ahal izatea nahi dugu. Taldearen intentsitatea, antzerkizaletasuna eta gure alderdirik kabareteroena islatu nahi dugu.
Guretzat oso garrantzitsuak dira zuzenekoak, larrua uzten dugu kontzertu bakoitzean eta horregatik, agian, mugatzen dugu kontzertuen kopurua, nahiz eta musikari garen heinean eszenatokitik ez ginateke jaitsiko. Gure kontzertuak katarsis antzekoak izatea nahi dugu, zerbait gerta dadin gugan eta gure publikoarengan, desberdin atera gaitezen antzokitik.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • KRAFTWERK 3D 2015eko apirilaren 22an BCN-n (GRAN TEATRE DEL LICEU). Kontzertu bakarra estatuan
  • Info7 irratiko app-a deskarga dezakezue dagoeneko. Doan. Aplikazio sinplea baina erabilterraza.
  • Nick Cavek Bartzelonan (2015/03/21) eta Madrilen (22) joko du. Sarrerak salgai urriaren 3an hemen.
  • Rock or Bust, AC/DC-ren estudioko disko berria abenduaren 2an argitaratuko da.

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!