Nor da Gaizka Peñafiel? Aurkeztuko diguzu zure burua mesedez?
Lezamar gazte bat naiz, musikaria afizioz eta irakaslea ofizioz. Betidanik musikarekin lotura estua izan dut eta musika tresna bat baino gehiago jotzen ditudan arren, trikitixa da nire ohiko bidailaguna. Iazko udaberria aldentzen ari zenean 10 kanta azaleratu ziren eta uda Balea grabazio estudioan eman ondoren, diskoa kaleratu berri dut “Lagunartean” izenburupean. Horretaz gain teknologia berriekin ere aritzen naiz eta www.infernukohauspoa.com bloga kudeatzen dut, beste egitasmo askoren artean. Informazio gehiagorako, nire webgunera hurreratu zaitezkete: www.gaizkapenafiel.com
Bigarren disko luzea duzu hau, baina ez du lehenengoarekin zerikusirik, ezta?
Ez, lehendabizikoa Mikel Zarate idazle lezamarraren omenez kaleratu genuelako eta oraingoan nire diskoa da guztiz, nire bizipen eta mezuekin sortutakoa. Edukiaz gain estiloz ere oso ezberdinak dira lanak elkarren artean, lehendabizikoa folka zuelako oinarri eta oraingoa poperoa geratu zaigulako. Horretan eragina izan dezake aurreko lanetan soinu txikia erabili izana konposatzeko eta oraingoan gitarra erabiltzea. Nahiz eta bigarrena izan lehenengotzat jotzen dut lan hau, bertan hutsitu egin naizelako eta artisauak moduan hasieratik dena lantzen joan naizelako esku artean izan arte. Prozesu guzti horretan bidaikide izan dudan Asier Olazar lehengusu eta lagunari eskainia dago diskoa, beragatik ez balitz ez zelako posible izango.
Erratzen ez bagara, musika tradizionaletik zatoz. Trikitixa irakaslea zara... Nola egiten duzu enkontrua poparekin musika egiterako tenorean?
Nik uste jatorriak markatzen gaituela baina ez digula mugatzen, etengabe ikasten ari garelako eta dena aberastu daitekeelako. Nire jatorria tradizionala den arren, denetarik entzun izan dut txikitatik eta estilo uztarketa hori islatzen da diskoan ere. Parte hartu duten musikariek ere ardura zati bat dute lortu dugun soinu honetan, izan ere esperientzia handiko profesionalak kolaboratu dute: Xabi Solano, Kepa Junkera, David Nanclares, Iratxe Mugire, Alain Asenjo edo Iñaki Aretxabaleta esaterako. Gainera inoiz ez genuen pentsatu zein etiketa eramango zuen lanak grabatzen ari ginen, proiektuan geundenok gustura gelditzea zen xedea eta hori behintzat lortu dugu.
Erraz entzuten den arren, ez dut disko sinplea kontsideratzen, askotan konplexutasuna bilatuz kantuek izaera galtzen dutelako moldaketa prozesuan. Horretan berebiziko garrantzia izan du Asier Ercillak, musikalki ekoizpen paregabea egin duelako eta nahasketak nire iritziz ezin hobeto egin dituelako. Beraz momentuko freskotasun hori mantentzen saiatu gara eta sortu zirenetik abestiek eboluzio bat jasan duten arren, ez dute galdu hasierako zapore hori. Alabaina ororen gainetik disko koherentea egitea zen bilatzen nuena; musikatik hasita hitzetara, diseinutik jarraituz testuetara, lan borobila eta aldi berean zintzoa izatea alegia.
Letretan aldiz, gizakia, pertsona, da ardatza eta abiapuntua.
Zergatik?
Egia esan inolako planifikaziorik gabe idatzi nituen letrak eta hasiera baten probetxuzkoak ez zirela izango pentsatu nuen, finean bizitzan idazten nituen lehendabiziko estrofak zirelako. Lagun hurbil batzuk eta moldaketa lanetan lagundu ninduen Beñat Gaztelumendik irakurri zituzten hitzok eta orduan jabetu nintzen kontatzen ari nintzena bazuela mamia. Izan ere, ezagutzen nautenek badakite emozioak anplifikatu egiten ditudala, horrez gero maitasuna, bizitza, heriotza, adiskidetasuna... gizakion arteko harremana laburbilduz, izan da abiapuntu eta helmuga.
Azken urteotan, kantu egileen belaunaldi jendetsu eta berria agertu da Euskal Herrian. Ados jarri zarete? Kointzidentzia? Zer dela eta hainbeste jende gogotsu eta “bakarka” leku eta une jakin batean?
Taldeak babes eta aniztasuna ematen du, baina bakarka aurkezteak nire ustez mezua sintetizatu egiten du. Alabaina, ez dut uste lehen baino gehiago izango garenik bakarlariak, baina gaur egun medio gehiago ditugu grabaketetarako, lanaren hedapenerako, etab. Nik behintzat, nahiz eta barnean kantari sena betidanik eraman, nahigabe heldu naiz kantautoreen mundura, orain dela urte bete planteatu ere ez nuelako egiten. Normalean kanta egileek ibilbide baten ondoren atera ohi dutelako diskoa eta nirea sorpresaz iritsi delako, aurrekari garbirik gabe, nire inguru hurbilena ere harrituz.
Hala ere, zure bigarren diskoa “lagunartean” egin duzu izenburuak ongi dioen bezala. Zuzenean ere lagunartean defendatzen duzu edo bakarka?
Diskoaren aurkezpenean formatu akustikoan eskaini genituen diskoko 3 bat kanta, zaila delako kolaborazio disko bat era berean zuzenera eramatea. Hala ere, planteatzen ari naiz kalitatezko zuzeneko bat preparatzea, jendeak diskoa zuzenean disfrutatzeko gogoa duela helarazi didalako.
Zein da Euskal Herrian gehien miresten duzun musikaria? Edo gehien eragin zaituena?
Zaila da bat aukeratzea askok izan dutelako eragina nire ibilbidean zehar. Trikitilari moduan Kepa Junkera izan da niretzako erreferente nagusiena baina disko honetara heltzeko uste dut pizgarria haurtzaroan bilatu beharko nukeela. Sasoi haretan Xabier Camarerok gidatzen zuen Urtz taldearen jarraitzaile sutsua nintzen eta pentsatzen dut hori izan dela bizitzan gehien markatu nauen musika, gaur egun ere kantu horrek biziki maite ditudalako.