entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Urko Ansa 2014-05-08

Benito Lertxundi "Kantautore politikoak gu ginen, inor baino gehiago"

Argazkia: Entzun! Argazkia: Entzun!

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Hemen da azkenik, Orioko musikariari egindako eta atalka argitaratzen ari garen elkarrizketaren hirugarren eta azken zatia. Gogoratuko duzuenez, lehen zatia Entzun! liburuaren 62. zenbakian argitaratu genuen. Oraingo honetan, solasaldia musikan ardaztuta dago hasieratik bukaeraraino. Ez Dok Amairu, Larraitzeko Akelarrea, Gu Gira kontzertu sorta... ditu hizpide Benitok.


Egun ohikoa da disko osoak zuzenean jotzea. Noizbait Zuberoa edo Altabizkar oso-osorik emango zenituzke kontzertu batean?
Egin liteke, inbertsio handi bat eginez, musikari pila batekin... Lan handia hartuta, lan izugarria. Momentu honetan nire burua edo nire arima ez dago horretarako; beste estadio batean nago orain. Beste batek nahi izango balu, egin dezala. Libre da egiteko.

Larraitzeko akelarrea deiturikoaz hitz egin nahi nizun. Nola gogoratzen duzu egun hura eta gero prentsan atera zena? (Oharra: 1971ko Urriaren 31n egin zen jaialdia, Larraitzeko zelaietan, Benito, Mikel Laboa, Artze Anaiak eta abarrek parte hartu zuten eta prentsa frankistak Akelarre basatia izan zela esan zuen)
Txerri-boda bat bezala. Azkenean edozer gauza izan zen, akelarrea ezik. Kontzertu txar bat, kaka bat. Megafonoak ez zuen funtzionatzen, edonor igo eta bere diskurtsoa botatzen zuen... edozer. Txarriboda. Eta gero, betikoa. Biolentziaren eta propagandaren monopolioa estatua da, guretzat Espainia, eta hortik atera zen era guzietako inperialismo, indarkeriazko dominazioaren propaganda.

Akelarre komunista... eta abar.
Benito: Edozer. Era guzietako sistemak elizatik hasita hasten direnean gezurrekin eta manipulazioarekin, bestelako irudia emanez... Liburu potolo bat editatu zen Madrilen: El aquelarre de Larraitz. Pensamiento Navarron artikuluak argitaratu ziren... Gauza nazkagarri bat. Denborarekin, dena haizeak eramaten du.

Mestizaia musikalari buruz, bere garaian esan zenuen etiketa hori moda bat zela, mestizaia berez datorrela, bortxatu gabeko gauza bat izan behar duela. Hitz horren izenean astakeria izugarriak egin dira, eta gaur egun ere jarraitzen du...
Horren atzean sormen falta egon liteke, eta maskara horren pean onespena lortzea, edo baliogarria den zerbait dela adierazi nahi izatea. Edonork esango luke batek zerbait hutsetik egin duela, inoren kutsadurarik gabe! Bach-ek eta klasiko guziek, orain arte musika egin duten guziek besteen eragina izan dute. Musika esperientziaren eta urratsaren ondorioa da. Nahita horren bila joatea... Nahigabe aterako zait! Klixe bat da, etiketa baten bila joatea.

"Mestizaiaren atzean sormen falta egon liteke, eta maskara horren pean onespena lortzea, edo baliogarria den zerbait dela adierazi nahi izatea"

Gu Giran parte ez hartzeko arrazoiak Entzun! liburuan azaldu genituen. Argudio horiek berak al dira zuk telonero edo hasierako gonbidaturik ez eramatearen arrazoia?
Hala da. Gainera hasierako gonbidatuekin injustizia asko egiten dira; soinuarekin tranpa... e.a. Baina nik jotzen dudanean, hau da nik eskaintzen dudana: ez dago beste gauzarik, hau da nire markoa, nire tenplua eta nire gunea. Eta nire unea.

Entzun! liburuan ere, Matalaz abestiarekin izan dituen pasadizoez hitz egin genuen. Horretan sakonduaz:
Behin gazte bat etorri zitzaidan, eta esan zidan: Gaur entzun diat lehen aldikoz Herri behera-ren bertsio jatorra. Ah bai?. Bai, Elizondon, Baztandarren Biltzarrean, eta oso ezberdina duk hire bertsiotik. Hori duk. Eta beratan utzi nuen.

Ez zenion erantzun?

Ez, ez. Nire arrebari, kantatzen duen koral batean, zuzendariak Herri Behera-ren partitura batzuk eman zizkien. Eta arrebak: Hara, hau nire anaiarena da!, eta koristek ez, hau ez da zure anaiarena, berak bertsio bat egin du. Zalantza sartu eta niri deitu zidan: Beno, gutxienez nik kobratzen ditut egile eskubideak, esan nion. Kar-kar.

"Nik ez dut irudikatzen Ez Dok Amaitu gabe gaur egungo egoera hau egongo zenik. Hark nahitaez egon behar zuen orain dagoena egoteko"

Ez Dok Amairuren garaian, bazegoen sektore batzuen partetik kontrako jarrera bat, gitarra jotzeagatik...
Bazeuden recalcitrante batzuk esanez (Zeruko Argian adibidez) honek zer ikusteko dauka Euskal Herrian? Vade retro! (azken hau Benitoren espresio bat da) Gitarra, hori ez da gurea, hori andaluza da.

Ez Dok Amairuren banaketaren arrazoiez ez da asko hitz egiten. Alde tradizionalista eta beste progresistago bat zegoela esan izan da.
Ez ezazu ezer sinetsi. Ez dugu inoiz kontatu eta ez dugu egingo.

Baina, horrela geldituko da hori?
Bai, eta zergatik ez?

Baina iritzi ezberdinak izango zenituzten.
Bai, baina iritzia zeren inguruan? Bah! Errezelo txarrak... ez dira benetan heldutasunari dagozkion gauzak.

Arazo pertsonal batzuk egon zirela esan daiteke?
Bai, baina errezelo batzuk, politikoak ere bai...

Ideologikoak ere bai, agian?
Bai egon litezke. Baina ez pentsa, nik esango nuke nahasmenaren ondorioa zela. Nahasmen horrek zertan datzan, ez daukagu gogorik kontatzeko.

Kantautore politikoak deiturikoak gero etorri ziren.
Baina kantautore politikoak gu ginen, inor baino gehiago. Kontzeptu txatxu bat da. Esan daiteke hor hasi zela aro panfletario bat, politikoa baino gehiago. Merkea.

Hor egon ziren jarrera intransigente askok zerikusia izan lezakete Ez Dok Amairuren amaierarekin?
Baita ere. Modu batera edo bestera. (...) Bestalde, nik ez dut irudikatzen Ez Dok Amairu gabe gaur egungo egoera hau egongo zenik. Hark nahitaez egon behar zuen orain dagoena egoteko. Ez Dok Amairu ez da talde bat, aro berri bat da. Eta hor ez da musikagintza bakarrik sartzen. Horren ondorioz idazten ere hasi ziren, antzerkiak eta dantzak egiten eta abar. Ez Dok Amairu denbora baten sorrera da. Denbora moderno baten sortzea.

Oteizak proposatu zuen izena. Esan genezake, nolabait Oteiza Ez Dok Amairuren parte dela?
Bai... Eta Oteiza eta Ez Dok Amairuren parte dira gaur kantagintzan aritzen diren guziak. Azken finean haren ondorioa dira, haren umeak.
                                                                                                        
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.