entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Ion Etxebarria Kortabarria 2015-09-23

Oliba Gorriak "Kontzientziak astintzeko inoiz baino arrazoi gehiago izanda, kontraesankorra irudi daiteke itzulera honekin agur esatea, baina esan beharrekoak esan eta egin ostean, garaipenera arte agurtzen gara"

Azken bira egingo du talde bizkaitarrak irailaren 26tik abenduaren 26ra arte

Oliba Gorriak taldea. Oliba Gorriak taldea.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Ideien guda
Garaipenera arte!
Lotura erlazionatuak
Zortzi urte eszenatokirik zapaldu gabe egon ostean, iaz, urte berean, bi disko kaleratu zituen boskote errebeldeak: Ideien Guda eta Garaipenera arte! Sorkuntza prozesu zinez ezberdinak izanagatik, %100 Oliba Gorriak dira biak ala biak. Orain, agur esatera datoz.
 

2014 urtea Ideien Guda diskoa grabatzen hasi zineten. Amaitu berriz, bigarren disko bat aurkezten: Garaipenera arte!
Ideien Guda gure abeslaria espetxean zegoela gorpuztu genuen, ezintasunak eta oztopoak abagune bilakatuz. Horretarako, beraien ibilbide konprometitu eta errebeldearen ondorioz erreferente bilakatutako 25 abeslarirekin komunikazio gerrilla kolektiboa osatu genuen. Ideien Guda kaleratzeak, Enekok askatasuna berreskuratzearekin bat egin zuen. Abeslaria gure artean izaki, barne prozesu pertsonal eta kolektibo batean murgildu ginen, Oliba Gorriak talde gisa segitzearen existentziaren arrazoiak, zilegitasunak eta bestelakoak hausnartuz. Hala, Garaipenera Arte!, Oliba Gorriak taldearen itzulerarako ofentsiba politiko-musikal berria da.

"Talde gisa aurreikusitako helburuak erruz bete eta gainditu ditugu (...), iraultzari integraltasunez abestu diogu Euskal Herri osoraino hedatuz mezua"

Baina, zuen ibilbideko azkena izango da... 
Ezer eta inor ez da betiko. Bizitzan, momentua iristean, dogmarik gabe, inteligentziaz eta malgutasunez faseak eta ateak ixten zein zabaltzen jakitea garrantzitsua deritzogu, dialektikaren oinarrietatik abiatuz, azkena lehena bilakatu daitekeelako. Talde gisa aurreikusitako helburuak erruz bete eta gainditu ditugu, lau gazte zororen ametsa errealitate bihurtu dugu, iraultzari integraltasunez abestu diogu Euskal Herri osoraino hedatuz mezua, alternatiba letra larriz eta gorriz idatziz. Oihukatutakoa eta transmititutakoa hor geldituko da, hemerotekan, eta zoritxarrez gaurkotasuna izaten jarraituko dutenaz ziur gaude etorkizunean iraultza sozialista bat gauzatu artean. Kontzientziak astintzeko inoiz baino arrazoi gehiago izanda, kontraesankorra irudi daiteke itzulera honekin agur esatea, baina esan beharrekoak esan eta egin ostean, garaipenera arte agurtzen gara.

Musikalki beti kokatu izan zarete punk-rock eta hardcorearen artean. Bi disko hauek aurrekoen ildo berean daude, nahiz eta beharbada biziagoak izan, oldarkorragoak. Ados zaudete? 
Hemen ere ez dago dogmarik, erraietatik ateratzen zaiguna islatzen dugu. Garrantzitsuena, egiten dugunaz gozatu eta taldearen funtzioen eraginkortasunaren bide emankorrena bilatzea da. Ildo honetan, musika ezberdin eta anitza entzun arren, taldearen funtzioak betetzeko balio diguten elementuak egosteko espazioan bat egiten dugu. Bertan, abiadura, intentsitateen kudeaketa, jarrera eta bestelakoak mezuei osotasuna emateko osagaiak dira. Hardcorea? Punka? Rocka? Hala izango da, baina euskal musika politiko militantea egiten dugula deritzogu, sorkuntzak beti barnebiltzen duen nartzisismo eta egozentrismo puntu batekin nahastuta. Hala ere, datu objektiboa da Gaizka batu denetik musika gehiago dagoela, kolore eta abagune gehiago ditugu eta.


"Punka? Rocka? Hala izango da, baina euskal musika politiko militantea egiten dugula deritzogu, sorkuntzak beti barnebiltzen duen nartzisismo eta egozentrismo puntu batekin nahastuta"
Hitzei ere beti eman diezue garrantzia. Zuzenak dira, gordinak, eta mezua dute. Musika ideien bozgorailu gisa ulertzen duzue, adierazpen tresna bezala?
Gure bizi propioetan, Oliba Gorriak antolakuntzarako eta borrokarako beste marko bat da, gozoa, erosoa, koldarra eta erraza Euskal Herriko askapen nazionalaren eta klase borrokaren historiaren gordintasunarekin alderatuz, noski. Baina azken finean, Oliba Gorriak komunikaziorako, agitaziorako eta kontzientziarako herriaren eskuetan dagoen eragile bat da. Oliba Gorriak taldearen existentziak ez luke arrazoirik izango bere funtzio eta ezarritako helburuetatik harago.

2015an bi diskoak aurkezteaz gain, agur esateko urtea izango da. Zuzenekoak emateko gogotsu egongo zaretela imajinatzen dut.
Egia da bi disko berri ditugula aurkezteko, baina era berean 8 urte daramatzagu eszenatokietatik kanpo. Bira batekin gure mugetatik harago astintzeko planteamendu aberats eta anbiziosoa dugu, bidai honekin gure bizi propioen eta subjektu musikal honen zikloa duintasunez itxi, jarraitu eta ireki nahi dugu. Eta faktore guzti hauek kontutan hartuta, argi dugu azken bi diskoez gain, ibilbide oso baten isla izan beharko direla emanaldiak. Pertsonalki gogotsu gaude, urduri, errespetuz eta ilusioz. Beldur eta erantzukizun puntu batez ere bai, bideratu gabeko bizipen, sentimendu eta sentsazioen anabasa kaotiko bat garelakoan gaude. Munduari su eman nahi diogu, baina oraindik, oholtza erraldoi ikusten dugu eta gure buruak txiki.

Baina hitz egin dezagun bi diskoei buruz. Ideien Guda diskoan 25 kolaborazio izan zenituzten. Zergatik hainbeste kolaborazio eta nola koordinatzen dira hainbeste lagunen agendak?
Ideien Guda diskoaren kontzeptua bere planifikaziotik egikaritzeraino, prozesu luze eta sinestezin bat izan zen, oso osorik gure abeslaria espetxean zela garatu genuelako. Hau dela eta, beraien jarrera eta konpromisoaz gerrilla musikalaren erreferente izan diren 25 abeslari ahotsik gabeen ahots bilakatu ziren, Oliba Gorriak kolektibo bilakatuz. Espetxeko isolamendua gainditu eta garaipen pertsonal eta kolektiboa erdietsi genuen. Buruhauste bat baino gehiagoren ondorioz grabaketa uste baino gehiago luzatu zitzaigun, nahiz eta sortu zen kolektibitatea, harremana eta azken emaitza bera, ondo egindako eta merezitako lanaren argazki bilakatu ziren.

"25 abeslari ahotsik gabeen ahots bilakatu ziren, Oliba Gorriak kolektibo bilakatuz. Espetxeko isolamendua gainditu eta garaipen pertsonal eta kolektiboa erdietsi genuen"

Garaipenera arte! lanean berriz, apenas izan duzue kolaboraziorik. Zergatik planteamendu ezberdin hau? 
Arrazoi nagusi bezala Eneko berriz gure artean delako eta, gainera, hain lan parte-hartzaile baten ondotik, gure potentzial propioa islatzeko beharra ere sentitzen genuen. Garaipenera Arte! diskoan, batetik, soinu elektronikoak sartzeko Tea Party bikotearen laguntza izan dugu, eta bestetik, Yukoren ahots gozo eta maitagarria ere. Osaketan hain ezberdinak izan arren, Ideien Guda eta Garaipenera Arte! txanpon beraren bi aurpegi dira, Oliba Gorriak-en diskografian eta biografian aurreikusten genuen trilogia baten osagarri definitiboak.

Garaipenera arte! diskoan, BAP!!-en Plastikozko janariak lanaren moldaketa sartu duzue. Ez da lehen aldia bertsio bat egiten duzuela, zergatik?
Disko guztietan sartu ditugu bertsioak, ez soilik musikalak, hitzen aldetik ere keinu ugari egin izan ditugu, modu batean, gure bizitzaren soinu banda izan diren taldeei begirunea adierazteko, omenaldi gisa. Gainera, disko bati kolorea eta arnasa eskaintzeko ere balio dute. Herriarekin izandako loturaren ondotik sortutako sorkuntza propioa berriro herriarena egitea oso prozesu ederra eta onuragarria deritzogu. Ahoz ahoko herriaren historia bizia, gurea bezalako hizkuntza eta kultura gutxituetan ezinbesteko arnasa.


Oharra: elkarrizketa hau Entzun! liburuaren 64. zenbakian argitaratu zen lehen aldiz.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.