entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Antton Iturbe 2008-08-12

El Desván del Macho "Mikel Laboaren garaitik ez du inork musika hoberik egin, inork ez du euskal musika bilakatu eta aurrera egin arazi Akauzaztek egin bezala"


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Azaroak 24, Bilboko MEM jaialdia, muturreko musika, ordenadore eramangarriak, zarata elektronikoa… El Desvan del Macho-ko mutilak eszenatokira ateratzen dira eta joeraren kontra erabat, gitarra/bateria bikote formatu batean eta tramankulu elektriko-analogiko pare baten laguntzaz inprobisazio bihurri eta liluragarri bat eskaintzen dute.

Ahotsik gabe, kantu estrukturarik gabe, 90. hamarkadaren hasieran Hermana violencia diskoarekin ezagutzera eman zen post-punk kutsuko talde ilun haren arrastorik aurkitzea zaila da. Aldi berean, erakusten duten freskotasun eta ezinegonak une sendo batean bizi den talde batenak bakarrik izan daitezke. Baina, nola iritsi dira honaino? Zer jazo da indie musikaren leherketaren, Nirvana eta noisepop-aren garai urrun haietatik? Hilabete beranduago, JG Izkue talde buruarekin Arrasaten elkartu ginen guzti honetaz hitz egiteko asmoz, eta hauxe kontatu zigun:


Lehenengo eta behin taldea eta bere historia kokatu nahi nuke, oinarriak eta bilakaera ezagutu.
Jose Anituarekin batera hasi nintzen Jugos de Otros izeneko taldean. Ez genuen kontzerturik eman, estetika eta kontzeptu mailan funtzionatzen baikenuen gehienbat. Baina niretzako musika mailan bizi izan dudan garairik hoberena izan da, ikaragarri ikasi bainuen Joseren ondoan. Ikuspegi ezberdinak geneuzkan hala ere, eta pixkanaka bakoitza bere aldetik lanean hasi ginen. Jugos beste bi talderen enbrioia izan zen, alde batetik Cancer Moon (non baxu jole moduan aritu nintzen denbora batez) eta El Desvan del Macho.
El Desvan 1990. inguruan sortu nuen eta lehenengo urte eta erdiz entseatzera dedikatu ginen soil soilik. Egunero entseatzen genuen, asteburuak barne, eta ondorioz, diskoa grabatzeko ordua ailegatzerako soinua eta abestiak ikaragarri landuta generamatzan. Diskoa entzutean (nahiz eta produkzio nahiko arraroa izan) garbi ikusten den gauza da. Ez genuen kontzertu gehiegirik eman garai hartan. Talde zaila ginen, zalantzarik gabe, ez baikenuen jende gehiegi erakartzen eta gainera garai hartan talde anitzeko jaialdiak oso ohikoak ziren eta gure soinu eta estetikaren pareko talderik aurkitzea ez zen lan erraza.
Diskoa Nuevos Medios-ek atera zuen. Aspalditik miresten nuen zigilua zen hura, ekoiztu eta banatzen zituen erreferentzien kalitate maila altuagatik. Zoritxarrez, gu iritsi ginen garaian flamenco rock-erako soinuetan zebiltzan gehienbat eta nahiz eta gure moduko talde bat ateratzeko gogoa izan, gauzak ez zuen ondo funtzionatu. Ale gutxi saldu ziren eta promozio aldetik ez zuten asmatu. Baina beno, ondo pentsatuta, Mar Otra Vez moduko talde batek, gurekin antzekotasun puntu bat izan zezakeena eta ikaragarri gustukoa dudana, ez zituen ale gehiago saldu. Beraz, nahi eta nahi ez, entzuleri murriztu bat zegoela ere onartu beharra dago. Proposamen minoritario bat ginela, alajaina. 1996an Patrullero Mancusoko Murky ezagutu nuen. Ordurako bigarren disko baterako material ugari prestatuta geneukan eta bere zigiluaren bitartez plazaratzeko aukera ikusi genuen. Baina ni beldur nintzen…


Zergatik?
Talde zaila garela onartzen dut eta ez diot inori “marroi” bat pasarazi nahi. Murky gehiegi estimatzen dut pertsona eta artista bezala horretarako, ez diot dirua galdu arazi nahi. Gai hau funtsezkoa da niretzako. Musika ez dut diruaren ordainean egiten (sosen bat ateratzen badut Edipo berria erosteko erabiltzen dut), ez naiz honetaz bizi eta ez dut nahi gainera. Nire ustez, gaur egun musika hoberena egiten duen jendea honetaz bizi ez dena da. Profesionalki beste zerbaitetara dedikatzen dira eta musikari bere espazioa uzten diote, bere erritmoan, presiorik gabe. El Desvan-en era honetan egin dugu lan beti.

Gaur egun, musika hoberena egiten duen jendea honetaz bizi ez dena da. Profesionalki beste zerbaitetara dedikatzen dira eta musikari bere espazioa uzten diote, bere erritmoan, presiorik gabe

Norberaren gozamena bilatuz. Musika bera helburu bihurtzen da, bizitzeko baliabide bat izan ordez.
Horixe da. Musika garbia da, kontzesiorik gabe. Zuk egin nahi duzuna. Euskal Herrian Akauzazte horren eredu paregabe izan daiteke. SGAEtik at beharrezkoa bada ere. Kidea naizela onartzen badut ere, “kanon” famatuarekin egiten ari direna lotsagarria iruditzen zait.

Erabat ados nago. Baina, harira bueltatuz, 96an utzi dugu zuen historia…
Bada, egia esan, ia gaur arte diskoa lantzen, grabatzen eta sortzen ibili gera. Kontzerturen bat edo beste eman dugu, baina batez ere musika berri asko entzutera dedikatu naiz eta horrekin batera diskoaren soinuari eta planteamenduari eman nahi nion norabidea moldatzen, zehazten eta perfekzionatzen. Diskoaren grabaketa ikaragarri luzatu da honen eta beste hainbat ezbeharren ondorioz (estudioa erre eta guzti) eta emaitza gustukoa dudan arren, ez nuke inoiz errepikatu nahi. Bizitza grabaketan uzteko zorian egon naiz! Gainera disko bakoitza modu ezberdinez planteatzea gustatzen zait eta dagoeneko hurrengoan lanean ari gara.


MEM jaialdian ikusi genuena horren adierazgarri izan al daiteke?
MEMeko istorioa nahiko berezia da eta aparte kontatzea merezi duena. Iaz antolatzaileei zinta bat pasatu nien eta hauek El Desvan moduan jaialdian jotzea eskaini ziguten. Baina MEM moduko planteamendu bat nahi zuten. Badakizu, bi tipo erabat hieratiko ordenadore batzuen aurrean, botoi bati eman eta hauen soinu bilduma erreproduzituz. Ondo iruditzen zait, baina esperimentazio musikalaren alorra ez da ordenadoreen eta zarata elektronikoaren esklusiba. Ordenadorea ez da esperimentatzeko baliabide bakarra. Badira beste hainbat modu eta ordenadore mundura murriztea, era honetako jaialdietan maiz errepikatzen den oinarri oinarrizko akatsa da, nire ustez.
Harira bueltatuz, MEMekoen azken erantzuna diskoa gustukoa zutela baina MEMerako balio ez zuela izan zen. Hala nola, aurten berriz ere deitu eta ohiko El Desvan del Macho moduan jotzea gustatuko litzaigukeen galdetu ziguten. Nik baietz esan nien, baina beste ideia bat neukan buruan eta hala aurkeztu ginen Bilbon. Alde batetik, baxurik ez genuen eraman, gitarra-bateria bikote moduan azaldu ginen. Horrekin batera, tramankulu elektroniko sinple pare bat (irrati zahar bat eta hari konektatutako filtroa, aspaldiko teklatu elektroniko bat). Softwarerik ez beraz, dena eskuz manipulatuta. Estruktura horren gainean oinarri musikal minimo batzuk ezarri eta haiek jarraituz inprobisazio hutsera dedikatu ginen. Gauza asko espresatu nahi nituen, baina aldi berean ez nituen zuzenean esan nahi, ez nuen esplizitoegia izan nahi. Planteamendu estetiko bat egiten ari ginen, ordenadoreena bezain baliagarria, baina ezberdina. Esan nahi nuena zera zen, planteamendu estetikoak nahi bezain arraroak eta bihurriak egitea erraza dela, benetan zaila abesti onak egitea dela. Komertzialtasunetik eta bere garaiko araudi musikaletatik at, estruktura ona, orijinaltasuna eta doinu erakargarri bat duen abesti bat egitea, horrek dauka meritua. Musika esperimentalaren dohaina gauza berriak bilatzeko eta eboluzionatzeko gogoa da. Baina horrek ez du esan nahi beti ona edo baliagarria denik. Ikusleak gozatzen badu zure MEMeko kasuan bezala, primeran, baina ez dauka hala izan beharrik.

Esperimentazio musikalaren alorra ez da ordenadoreen eta zarata elektronikoaren esklusiba

Ateratzera doan diskoa eta lantzen ari zaretena abestietan daude oinarrituta beraz?

Bai, hala da. Lantzen hasi naizen berri honetan grabazio sinple eta oinarrizkoa egin nahi dut, konposizioaren konplexutasunarekin, afinazioekin jokatu, baina oinarria bere pop-rock funtsean mantenduz eta, beti ere, abestiak eginez.


Zuen musika, eta batez ere hitzak eta estetika ikustean, bakarrik musikalak ez diren beste erreferentzia batzuk badituzuela iruditzen zait. Literatura mailan, arte munduan…
Poesia asko interesatzen zait. Estetika aldetik hitzekin jokatu eta imajinak sortzeko ahalmen horrek erakartzen nau. Lagun batzuen bitartez egileak ezagutzen joan naiz. Hitzak idaztea oso pozgarria, asegarria da niretzat, baina asko kostatzen zaidan gauza da, musika sortzeko dinamika errazagoa egiten zait. Baina bai, garrantzi handia ematen diet hitzei. Musikalki zerbait berezia eskaini nahi baduzu, hitzek maila mantendu behar dute, hainbat taldetan faltan botatzen dudan gauza da hau. Izen batzuk aipatzekotan, Clayton Eshleman, José Kozer, Leopoldo Panero edo Luis Riaza eta bere antzerki obra basatiak oso gustukoak ditut (taldearen izena azken honen lan batetik dator: El desvan de los machos y el sotano de las hembras).
Influentzia askotaz ez zara jabetzen lana bukatzen eta entzuten ez duzun arte, eta askotan gutxien espero duzun lekutik datoz. Hala ere, Lynch-en zinema eta bereziki Cabeza Borradora eta Terciopelo Azul moduko filmak eta bertan aditzera ematen diren mundu paraleloak, “normalitatetik” at dauden munduan. Baina zer da “normalitatea”, ohitura eta errepikapenaren ondorio besterik? Edozein gauza edo egoera normaltzat edo anormaltzat jo dezakegu zenbaterainoko ohikoa denaren arabera. Lynch-ek maisuki jokatzen du bi mundu horien artean eta guri hala egitea gustatzen zaigu. Hitzak idazterakoan erreferentzi nagusietako bat da, nire irudipenetan oinarritzen dira eta nahiz eta kriptiko xamarrak izan, badute bere interpretazioa. Noski, zeuk zurea eman dezakezu eta baliagarria izan daiteke.

Clayton Eshleman, José Kozer, Leopoldo Panero edo Luis Riaza eta bere antzerki obra basatiak oso gustukoak ditut

Elkarrizketan zehar hainbat musikari aipatu dituzu, baina badira zure ibilbidean izan duten eraginagatik bereziki aipatu nahi nituzkeen lau: Jose Anitua, Corcobado, Murky eta Akauzazte.
Aipatutakoetatik Corcobado da pertsonalki ezagutzen ez dudan bakarra eta alde horretatik ezer gutxi esan dezaket. Musikari bezala ikaragarria iruditzen zait, bereziki Demonios Tus Ojos eta Mar Otra Vez-eko garaian; Chatarreros-en egindakoa gustukoa dut, baina ez hainbeste. Hala ere, koherentzia handiko taldea izan zirela iruditzen zait. Betiko topikoetan erori gabe espainiar kutsuko folka eboluzionatu arazten jakin zuten bakarrak izan ziren.
Akauzazteren kasua antzekoa da euskal kulturaren esparruan. Mikel Laboaren garaitik ez du inork musika hoberik egin, inork ez du euskal musika bilakatu eta aurrera egin arazi beraiek egin duten bezala. Gainera Lotear, Ginsberg moduko poetak errebindikatzen dituzte. Koherentzia hutsa dira eta gainera geroz eta gehiago gustatzen zaidan taldea.
Murky, esan bezala diskoaren grabaketa dela-eta ezagutu genuen. Kontaktuan jarraitzen dugu, pertsona maitagarria da erabat, musikari handia izateaz gain. Patrullero Mancuso (noizbait klasikotzat onartuko den talde paregabea) desegitean Grimorio bikotean aritu zen eta orain Los Caballos de Dusseldorf taldean etxean fabrikatutako instrumentuak erabiliz, beti oso gauza interesgarriak eginez.

Jose Anituarekin batera Jugos de Otros sormenean eta bilakaeran pasatutako urteak, musikalki nire bizitzako hoberenak izan zirela uste dut

Azkenik Jose Anituarekin batera Jugos de Otros sormenean eta bilakaeran pasatutako urteak, musikalki nire bizitzako hoberenak izan zirela uste dut. Ikaragarrizko abiadan mugitzen ginen sortze-prozesu mailan. Mundua kamara geldoan zebilela iruditzen zitzaidan. Baina gehiegizkoa zen, taldea nire burua jaten ari zen, nire bizitza zuzentzen eta menperatzen eta moztu egin behar izan genuen gure osasuna mantendu ahal izateko. Jose, musikari moduan, gaitasun handieneko pertsona da. Gutxi ezagutu ditut bere parekoak. Oso lan dinamika ona eramaten du, beti gauza berrien bila, nahiz eta momentu honetan La Grieta – Josetxo Grieta moduan egiten ari dena ez oso gustukoa izan.


Eta aipatu nahiko zenukeen beste talde, musikari, artistarik..?
Nire betiko erreferentziak afterpunk-ean daude: Stranglers, Killing Joke, Damned… Estatu mailan, Mar Otra Vez, 713avo Amor, Decima Victima… baina garai guztietakoak ere ditut gogoko: Barry Adamson, Fugazi, John Zorn, Led Zeppelin eta Sonic Youth modukoak, jazz-a (Herbie Hancock..), klasikoa (Hoenegger, Schnittke), soinu bandak (Badalamenti, Goldsmith…). Estatu mailan Humbert Humbert, Asfalto, Golpes Bajos, Ginferno, Margarita… Azken urteetan zuzenean Liars-ek, Jesus Lizard-ek eta Today is The Day-k, Unsanek… txundituta utzi naute. Euskal Herrian Audiencce, Exhale, Dut, Lisabö… talde handiak iruditzen zaizkit eta esperimentazioaren alorrean Bizarra eta Oier Etxeberria erabat orijinalak eta kalitate oso altukoak direla uste dut. Internet dela-eta, inoiz baino eskaintza zabalagoa dago, batzuetan musika gehiegi dagoela pentsatzera iristen zara. Baina kantitatetik beti ere kalitatea ateratzen da.

2008KO URTARRILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.