"Onisciente colectivo", trashcore eta 80ko metala
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Ratos de Porao aski ezagunak dira Euskal Herrian: gurean kontzertu ugari egin dituzte (gainera, betiko ohiturari eusten diote eta, hona datozenean, areto handietan jotzeaz gain leku txikiagotan iragarri gabeko emanaldiren bat edo beste egiten saiatzen dira), Euskal Herriko hainbat taldek RDPren bertsioak jo izan dituzte (Beer Moshek eta Soziedad Alkoholikak, esaterako) eta, orokorrean, lotura handia dute, Euskal Herriko musika panoramarekin ez ezik, gure errealitate soziopolitikoarekin ere, duela bost bat urte Entzun!-en egin genien elkarrizketan frogatu bezala. Orain, disko berria dute esku artean, Onisciente Coletivo izenekoa, eta, hori dela-eta, eurekin mintzatu gara berriro.
Gordo, iaz osasun arazo batzuk izan zenituen eta hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan zenituzten. Zer moduz zaude orain?
Bai, gizentasun, odol-zirkulazio eta diabete arazoak ditut. Joan den udan, Viña Rock-en, Euskal Herrian eta Alemanian jo ostean guztiz gaixo nengoen eta Brasilera itzuli behar izan nuen. Orain, urtarrilean, urdaila txikitzeko ebakuntza egitea erabaki dut. Beraz, litekeena Euskal Herrira itzultzen naizen hurrengoan Soziedad Alkoholikako Juan bezain argal egotea. Ebakuntzaren osteko prozesua zail samarra da, baina maiatzetik aurrera berriro jotzen hastea espero dut.
Disko berria duzue, Onisciente coletivo izenekoa. Zein desberdintasun dago aurreko diskoen aldean?
RDPren disko peto-petoa da, baina aurrekoak baino askoz politizatuagoa. Thrashcorera itzuli gara, eta 80ko metalaren eragina ere badago, gustuko dugun guztiarekin nahastuta: crust-etik power violence izenekora, grind edo old school hardcoretik igarota.
Zertan nabaritu da Alex Newport-en ekoizpen-lana?
Alex Newport-ek
And just another crime in Massacreland diskoa ekoitzi zigun duela hamar urte, baina denbora tarte honetan 80 disko baino gehiago ekoitzi ditu, horien artean Samian, At The Drive In edo Melvinsenak. Alex erradikala da, modernokeriak eta errazkeria digitalak gorroto ditu. Sistema analogikoa baino ez du erabiltzen. Emaitza bikaina da, musikalki pisu handikoa.
Abesti pare batean irailaren 11ko gertaerak aipatzen dituzue. Zein da horien inguruan duzuen iritzia?
Bi abesti horietan (
Terror declarado eta
Proximo alvo) gertaerak deskribatu baino ez dugu egiten, ez dugu iritzirik ematen. Nire ustez, amerikarrek inperialismo urte luzetan ereindakoa jaso dute, baina horrek ez du errugabeen heriotza justifikatzen. Bush zein fanatiko musulmanak putakume batzuk dira.
Necrochorume abestian kontatzen duzuena benetan gertatutakoa da, ezta?
Bai, egia santua da. Sao Pauloko auzoetako hilerrietan oinarrizko higiene-zerbitzurik ez dagoenez, lur azpian dauden ur-korronteak kutsaturik daude, eta uholdeak daudenean gorpuen hondakinak azaleratzen dira. Zoratzeko modukoa da!
Onisciente Coletivo abestian Rappin’ Roodek parte hartzen du, eta zuen web orrian irakurri dut 7 Notas 7 Colores edo Doble V asko gustatzen zaizkizula. Rap eta hip-hop-aren eraginik badu RDPren musikak? Zeintzuk dira estilo horretako zuen talderik gustukoenak?
RDPrentzat rap-a eragin bat da
Brasil diskoaren garaietatik. Aspalditik harreman zuzena daukagu Brasilgo rapperrekin. 80ko hamarkadan punkek egiten zuten gauza bera egiten dute, protesta-testuak eta ekintza sozialak auzoetan. Asko gustatzen zait gaztelaniaz kantatutako rap-a, uste dut hizkuntza sendoa dela, eta ingelesa baino hobea.
Zer gogoratzen duzue Brasilgo hardcore eszenaren hastapenetatik?
RDP hasi zenean, 80ko hamarkadan, diktadura militarraren menpean geunden. Errepresio militarrak zanpaturik geunden, ez zegoen informaziorik, diru faltak musika tresnak erostea eragozten zigun, punk mugimendua bazterketaren mugan zegoen, eta auzoetan indarkeria erabiltzen zuten taldetan sakabanaturik zegoen. Indartsuek baino ez dute irauten, eta azken 20 urteotan RDP-k ez dio inoiz jotzeari utzi. Garai hartan talde asko zegoen, baina onak, gutxi. Guri Colera, Olho Seco, Inocentes, Fogo Cruzado eta Lixo Mania gustatzen zitzaizkigun, gainerakoak kaka hutsa ziren.
Roadrunner diskoetxean zeundetenean, zuen diskoen ingelesezko bertsioak egiten zenituzten. Orain, ordea, portugesez baino ez duzue kantatzen, azken diskoan ingelesezko kanta bat (Fragments of Conquest) sartu duzuen arren.
Ez dakit ingelesez ondo hitz egiten. Ingelesez kantatzeko nire saiakera guztiak barregarriak ziren, gaurtik begiratuta kaka bat da. RDP portugesez dira onak. Amerikarrek uste dute gazteleraz kantatzen dugula, baina onartzen dute, zarata horrekin guztiarekin ez delako ezer ulertzen.
Orain, Alternative Tentacles diskoetxearekin grabatzen duzue. Horrek AEBetako ateak zabaldu dizkizue?
Alternative Tentacles oso ona da giro underground-etan. Banaketa ona da, eta diskoa heldu behar den lekuetara heltzen da, hau da, underground-eko fanzine eta dendetara. AEBetako ekialdeko kostaldean bira bat egin genuen, eta beste bat egin nahi dugu mendebaldeko kostaldean.
Zein desberdintasun daude Roadrunner eta gaur egun Alternative Tentacles edo Beat Generationekin duzuen harremanaren artean?
Roadrunner-en garaia kaka bat izan zen. RDPren diskoak kaleratzen zituzten Hego Ameriketan merkatuaren zati bat eskuratzeko, baina ez zuten ezertxo ere egiten taldearen alde. Leku okerrean geunden.
Duela gutxi Lula da Silva Brasilgo presidente berri izendatu dute. Uste duzue pobreziaren kontra borrokatzeko eraginkorra izango dela?
Brasilgo herria ez ezik, gu guztiok ere itxaropenez beterik gaude, eta gauzak hobetuko direla espero dugu. Herriko gizon pobre bat boterera heltzea inoiz ikusi ez dugun kontua da, eta aldaketaren hasiera izan daiteke. Presidente moduan hartu duen lehenengo erabakia zera izan da, hegazkin militarren erosketa galarazi eta dirua gosea eta miseria borrokatzeko erabiltzea.
Zelan dago Brasilgo gaur egungo panorama?
Sao Paoloko eszena oso ona da, duela 20 urte gertatu behar ziren gauzak ari dira orain gertatzen; talde asko, irrati-saioak, jotzeko lekuak, diskoetxeak eta abar. Hori dela eta, hainbat talde zahar bueltatu dira, baina nik power violence talde berriak gomendatuko nituzke: Presto?, Discarga eta AreYouGod?, esaterako.
Gordo, duela urte batzuk zure argazki bat ikusi nuen Internet-en, eta bertan Ramonesekin agertzen zinen kantatzen. Noiz ateratakoa da argazki hori? Zer sentitu zenuen Joey eta Dee Dee hil zirela jakin zenuenean?
Argazki hori 1992ko maiatzean ateratakoa da, Ramonesekin hiru kontzertutan jo genuenean. Azken egunean
Commando kantatzera gonbidatu ninduten. Uste dut nire bizitzaren egunik zoriontsuena izan zela, emozioz negarretan amaitu nuen. Oso triste sentitu nintzen albistea jakin nuenean, baina bizitzak aurrera jarraitzen du.
21 URTEKO IBILBIDEA
Dagoeneko, Ratos De Porao muturreko doinuen klasiko ukaezinak dira. Brasilgo hardcorearen aitzindariak, metal eta hardcorearen arteko fusioaren maisuak, 20 urte baino gehiago eman dituzte diskoak grabatzen eta kontzertu basatiak ematen, eta zaila da hain ibilbide luzea laburtzea. 1983an lehenengo lan luzea argitaratu zuten,
Crucificados pelo sistema, Hego Ameriketako hardcorearen klasiko bat (duela gutxi berriro grabatu dute Alternative Tentacles zigiluarentzat,
Sistemados pelo crucifa izenpean). Beste disko pare baten ostean (
Descanse em paz, 86koa, eta
Viviendo cada dia mais sujo e agressivo, 87koa) Roadrunner etxe indartsuak fitxatu zituen, eta geroztik disko ugari grabatu dituzte. Garrantzitsuenak baino ez ditugu aipatuko:
Brasil (89) eta
Anarkophobia (91) thrascorearen esparruan egindako bidearen mugarri izan ziren; 92an zuzeneko bat argitaratu zuten,
RDP Vivo;
Feijoada Acidente? (95) izenaz bertsioz beteriko bi disko kaleratu zituzten; lehenengoan kanpoko eraginei omenaldia egiten zieten, eta Minor Threat, Black Flag, Saints edo Poison Idearen abestiekin batera Eskorbutoren
Mucha policia ere jotzen zuten; bigarrenean, Brasilgo punk eta hardcore talde aitzindarien bertsioak egiten zituzten. Azken urteotan, Roadrunner-etik alde egin ostean,
Carniceria Tropical (97) eta
Guerra civil canibal (00) kaleratu dituzte. Ibilbide luzea izanagatik, RDP-k jakin du soinu fresko, indartsu eta oldakorrari eusten, eta belaunaldi berrien begirunea irabazi dute: horren lekuko, 1999an 20 taldek grabatutako omenezko diskoa,
Traidô izenekoa.
2003, OTSAILA-MARTXOA