entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Ion Etxebarria 2017-04-11

ROCK & ROLLAREN GURE TIRANOAK

Lotura erlazionatuak
Duela lauzpabost urte sortu zen Arratiako Eskean Krist boskotea. Eta asko poztu ziren garai hartan umezurtz zeuden euskarazko rock & roll zaleak. Maketa bat eta bi disko kaleratu dituzte ordutik. Berriena, Ezkurrik onenak (Baga-Biga, 2016) rock & roll pilula, laburra bezain anitz eta gordina da. Pello Artabe abeslariak gehiago kontatu digu.

Txerririk txarrenak ezkurrik onenak jaten al ditu?
Txarririk txarrenak ezkurrik onenak jaten jozak esamoldeari egiten dio erreferentzia diskoaren izanburuak. Arratian asko erabiltzen dugu. Primitiboa dirudi, baina badu gibelik: zuzena da baina sakona, pentsarazten du eta askotariko esanahiak izan ditzake. Gure disko eta abesti guztietan animaliak agertzen dira, eta hori ez da kasualitatea. Gizakiok animaliak baino animaliagoak gara sarritan. Gainera, Euskal Herrian animalia izenak askotan erabili ohi ditugu giza jokabideak deskribatzeko. Zergatik ote?

Minutaje zein kanta aldetik, disko laburra da.

Bai, sei abesti ditu, baina musikak eta letrek indar handia daukate. Konposizio eta soinu aldetik ere asebeteta gelditu gara. Abestei horiek jendeari erakutsi nahi genizkion, horrela kontzertuak ere aberasteko. Baina diskoa betetze hutsagatik abestiak egiteari uko egin diogu, behartuta ibiltzeak ez duelako inoiz efektu positiborik izaten. Sei abesti hartu eta zukutu ditugu, genituen onenak, gure urrezko sei ezkurrak.

Doinuei dagokionez, 70eko hamarkadako rocka ardatz, orain arteko diskorik anitzena kaleratu duzue. Apropos bilatu duzue?

Lan helduagoa da, kolore gama zabalagoa dauka, abardura gehiago. Azote kaldz! lehen diskoak bazeukan berehalakotasun bat, freskotasun bat. Ezkurrik onenak honek haren arrastoak dauzka, baina musikari modura bizi izan dugun bilakaeraren ondorio ere bada. Egia da 70eko hamarkadako rock & rolla dagoela gure sorkuntzaren oinarrian, baina hori gauza zabala da! Handik eta hemendik hartzen dugu, zuhaitzaren adar batetik bestera saltoka. Batzutan Black Sabbath astun eta iluna, bestetan Rolling Stones bizi eta mutiria. Denen zaleak gara, eta uztarketekin gozatzen dugu, dibertitu egiten gara.

Rock & rollak edozer esateko eta aldarrikatzeko balio du, horixe du bertute handiena

Maketa etxean grabatu zenuten. Lehen lana Andoaingo Garaten, eta mintzagai dugun bigarren hau Urdulizko Tio Peten. Probatzea gustuko duzue?
Arriskatzea gustatzen zaigu, onerako eta txarrerako. Bestela, ze zentzu dauka musikak? Metodologia berria izan da guretzat, abestiak zuzenean grabatu ditugulako, bost egunetan egin dugu dena. Etxeko lanak ondo prestatuta eraman ditugu estudiora, eta igarri da. Prozesu frenetikoa izan da, baina fundamentuzkoa. Asko ikasi dugu eta emaitzarekin oso pozik gaude. Tio Pete estudioak bost grabazio gela ditu, hortaz, aukera ematen du gela nagusian denak batera jotzen aritzeko, baina anplietako soinua beste gela batzuetatik hartzeko. Euskal Herrian ez dira asko aukera hori ematen duten estudioak.
Igor Delgado ekoizlearekin egin dugu lan. Igorrek gitarra jo zuen Eskean Kristren hastapenetan, eta lehen maketa hura ere berak grabatu eta nahastu zuen. Londonera musika ikastera joan zenean utzi zuen taldea. Ideia paregabea iruditu zitzaigun denok berriro biltzea eta Igorrek han ikasi duena gurera ekartzea. Bide onetik eraman gaitu, diskoaren soinua egiazkoa da.

Aurreko diskoan Niko Etxartek parte hartu zuen. Oraingoan berriz, Zaloa Urain, Bart Farrell eta beste zenbait musikariren laguntza izan duzue. Ze ekarpen egin dute?
Abestiek eurek eskatu dizkigute kolaborazio horiek. Otso basati abestiak Zaloaren ahots gartsua eskatzen zuen, eta Ezkurrik onenak kantak predikatzaile ipar amerikar bat behar zuen. Bestalde, Arratiako abesbatza abesti batean egotea derrigorrezko ikusten genuen. Ez dago azalpenik, Aita saldu nauzu entzutea besterik ez dago, abesbatzak goratu egin du. Kolaborazio gehiago ere badaude. Vicent Zaragozak eta Asier Garciak perkusioak sartu dituzte Ardigaldua abestian, eta Jorge Truebak diskoaren azken arnasa musikatu du pianoz. Denak goi mailako artistak dira, plazera eta pribilegioa izan da.


Gaueko pasadizo bat  kontatzen duen Mississippi zaporedun Gure bazterrak blues abestiak Mikel Laboa omentzen du.
Egia esan, pentsatu gabe etorri da. Asko maite dut Laboaren Gure bazterrak kanta, eta buruan izango nuen hor nonbait gurea egiterakoan. Blues iluna da, erritmo geldokoa, urduria, larria. Agian horrek guztiak ekarri dit gogora Laboa, eta haren letragintza. Eta bitxia da, Laboaren kantaren lehen hitzekin hasten da gure abestia ere, eta hortik atera dira beste estrofa endekatu guztiak. Dotore eta mamitsu geratu da.


Letra bihurriak gustatzen zaizkizue. Ironiaz, gauari zein amodioari abesten diozue. Rock&roll kanten ezinbesteko ereduak  dira?
Taldea beti izan da lotsagabea, gordina eta bihurria, gai unibertsalei ikuspuntu makurrago bat emanez. Gure abestiek, oro har, aura latz eta beltza daukate. Eta kontraesankorra dirudien arren, baita ironia eta komedia dosi handia ere. Rock & rollak edozer esateko eta aldarrikatzeko balio du, horixe du bertute handiena, eta guk modu zirikatzailean egiten dugu. Ez du zertan inolako eredurik jarraitu behar. Saguzarrak garelako eta bihozmin handia dugulako abesten diogu gauari eta amodioari.

Zuzenekoetan estetika ongi zaintzen duzue. Derrigorrezkoa da?
Habitat naturalik ez dago. Publikoa gurekin sentitzea gustatzen zaigu, hurbil paratzea, gurekin abestu, dantzatu eta izerditu dezatela. Eta publikoa gurekin badago, hazi egiten gara. Gaztetxe, taberna eta aretoen beroa ederra da, baita plaza beteena ere. Bestalde, espektakuluaren aldekoak ere bagara, kontzertuetan ikuskizuna eta irudia zaintzen duten taldeak gustatzen zaizkigu. Zentzuzko ikuskizuna eta zentzuzko irudia. Antzerki zaleak ere bagara. Horrek ez dio gure musikari edo proposamenari benetakotasunik kentzen, gauzak egiteko estilo bat da, gure burua aurkezteko modu bat. Kantak besterik gabe entzuteko, diskoa dago.

Esaten duten bezain hotza da publikoa Euskal Herrian?
Hemen, leku guztietan bezala, jende hotza, jende epela eta jende beroa dago. Batzuei musika mota bat gustatzen zaie, beste batzuei beste bat. Rockeroa rockarekin suspertuko da, eta dantzaria pandero eta trikitiarekin. Hala ere, estiloez gaindi, oholtza gaineko taldearen esku dago giroa berotzea. Batzuetan gutxi behar da, beste batzuetan, ordea, nahiz eta ahalak egin, artista bera ere izoztu egiten da. Gure kontzertuetan, oro har, erraz pizten da jendea.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • JALGI euskal kulturaren plaza ibiltaria egitasmoa: www.jalgika.eus
  • Red Hot Chili Peppers-ek Madril eta Bartzelonan joko du, irailaren 27 eta urriaren 1ean, hurrenez hurren.
  • DOCTOR DESEOk Madrilgo Caracol aretoan joko du maiatzaren 27an. www.baga-biga.eus
  • Suede, aurtengo BIMEko lehen kartelburua. The Divine Comedy, Horrors, Lambchop, Nacho Vegas... ariko dira ere.
  • Irueko Exnovios taldeak bere estreinako diskoa argitaratu berri du.

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!