entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Ion Etxebarria 2011-12-22

HIKARA Rockarekin jolasean

Hikararen disko azala. Hikararen disko azala.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak

Rock progresiboaren gerizpean, Eibar eta Azkoitiko bost lagunek osatzen dute Hikara. Urteak entseatzen jardun eta gero, ilusioa zuten sortutako kantu propioak argitaratzeko. Horrela, pasa den uztailean beraien lehenengo lana kaleratu zuten, aurrez entsegu lokalean maketa bat grabatuta izan arren. Taldearen izen bereko diskoa zuzenean aurkezteko hasiberrien egarria omen dute. Gu Josurekin izan gara.


Hiztegian begira egon naiz, baina ez dut Hikara zer den aurkitu. Beharbada japonierazko batean begiratu beharra nuen?

Taldearen izenaren jatorriak ez dauka misterio handirik. Euskarazko ikara hitzari, ukitu exotikoa emateko asmoarekin “H” hizkia gehitu genion, eta listo. Baina, egia da interneten Hikara hitza bilatuz gero, Japoneko karaoke tresna batekin egingo duzula topo, kar, kar, kar.

Taldean 20 eta 33 urteko bitarteko bost lagunek osatzen duzue. Koadrilakoak behintzat ez zarete.

Hikara ez zen bat-batean sortu, ez zen beroaldi edo egun bateko kontua izan. Erik eta Alexek aspaldi jotzen zuten elkarrekin, eta Koldo ezagutu zuten. Hirurek talde bat sortu nahi zuten, eta abeslari bat behar zutela iragarki bat argitaratu zuten. Horrela ezagutu zuten Aroa, taldeko abeslaria. Ondoren sartu nintzen ni taldean, Eibarko Musika Eskolan gitarra klaseak ematen dituen Akelarre taldeko Markos Juaristik bere ikasle ziren Erik eta Alexi ikasle berri baten proposamena eginez.


Zuen aurreneko lana grabatu duzue Eibarko Legarre estudioetan Ander Barriusorekin.

Esperientzia polita izan da. Gu hasiberriak ginen grabaketa kontuetan, baina Anderrek Musergo, Norman, Neubat eta bestelako taldeekin lan egin du. Beraz, hasiberrien urduritasuna, Anderrek igortzen zuen lasaitasunarekin nahastu zen. Gainera gure entsegu lokala Legarren Musika Elkarteko lokaletan bertan dago, Anderren grabaketa estudioaren ondoan, beraz, etxean bezala aritu ginen. Oso harreman ona izan dugu bererekin, oso gustura egon ginen. Grabaketa dela eta, esango nuke azken emaitza presupuestoarekin lotuta dagoela, baina orokorrean oso gustura eta harro gaude egindako lanarekin.


Diskoa 2010ko udan grabatu zenuten. Aldiz, 2011ko udan kaleratu duzue. Itxaronaldi luzeegiak merezi izan duelakoan nago.

Bai, esan bezala oso pozik gaude gure lehen lana kalean dagoelako. Egia esan, itxaronaldi horrek faktore askori erantzuten die: gure lehenengo aldia zela disko bat grabatzen; lana, ikasketa eta bestelakoek diskoarekiko zuten lehentasuna; diseinu egokia egitea... Baina, behin lana argitaratuta, oso pozik gaude.


Abestiak orokorrean luzeak dira, eta adibidez Ekaitzaren islada, Aintzinako piztia eta Bihotz beltzak kantuetan, pasarte musikal ezberdinak aurkitu ditzakegu, tempo ezberdinetakoak, abesti batean barnean beste azpi-abesti batzuk aurkitzen direla dirudi.

Guk rock progresiboa maite dugu eta abestiak ez dute nolabaiteko egitura edo eskema definiturik. Musikarekin jolastea gustuko dugu eta abesti bat konposatzen hasten garenean, ez dakigu abestiak amaiera non izango duen! Gainera, ez diegu doinu ezberdinei ateak ixten eta esango nuke diskoan ez dagoela estilo definiturik, rocka zein metala nagusitzen diren arren, jazza, salsa, funka eta bestelako doinuak ere presente daude.


"Guztiok maite ditugunak 70. hamarkadako talde progresiboak dira, Pink Floyd, Camel edota Jethro Tull. Itzelak dira! Pentsa, gosete edo gerra garai batean, Pink Floyeden diskoekin biziraun dezakezu, kar, kar"

Nolakoa izan ohi da abestiak konposatzeko prozesua?

Normalean Erikek ekarri ohi dute melodia eta riffak entsegu lokalera, musikan jantzien bera dagoelako. Ondoren, abestia definitzerako orduan, guztion artean lantzen ditugu. Hitzak eta abesteko ardura normalean Aroarena da, nahiz eta adibidez, nire alabaren inguruko Aiora ez dago kantuaren letrak nik neuk egin nituen.


Talde hasiberri askok bezala, zuen lana auto-ekoitzi duzue, autogestioaren aldeko hautua egin dizue beraz. Horrela nahi zenutelako, edota diskoetxeen ezetzaren ondorio izan da?

Gauza naturala izan da auto-ekoiztearena, gure abestiak kaleratu nahi genituelako. Ez gara diskoetxetara zuzendu, nahiz eta etorkizunean ez dugun baztertzen.


Euskal Herrian urtero hamarnaka talde sortzen dira, sorkuntza musikala krisian ez dagoen beste adibide bat. Horrek etenik ez du. Baina erakunde, komunikabide, diskoetxe, jai batzorde eta bestelakoek orokorrean ia betiko taldeak laguntzeak, nola eragin dezake zuek bezalako talde hasiberrietan?

Egia da Euskal Herrian nolabaiteko zatiketa bat dagoela, lehen maila eta bigarren mailako taldeen artean. Beraz, gu bezalako taldeak taberna, gaztetxe eta abarretan jotzera bulkatuta gaude. Eta jotzea lortzen badugu gaitz-erdi, Euskal Herrian, aretoetatik at ez dago eta oihutura askorik tabernetan maiztasun handiz zuzenekoak izatera.


Zuen webgunean bluesa, jazza eta funkaz gain, zuengan eragiten duten talde gisa Pink Floyd, Led Zeppelin, Metalicca, Lynyrd Skynyrd eta bestelako talde ezagunak irakurri ditut.

Bai, hala da, baina normala den bezala, bakoitzak bere zaletasun musikalak ditu. Dena den, badaude guztiok maite ditugun talde garaikideak. Adibidez Opeth suediarrak. Nahiz eta guztiok maite ditugunak 70. hamarkadako talde progresiboak dira, Pink Floyd, Camel edota Jethro Tull. Itzelak dira! Pentsa, gosete edo gerra garai batean, Pink Floyeden diskoekin biziraun dezakezu, kar, kar.

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Mundumira jaialdia asteburu honetan Leintz-Gatzaga eta Eskoriatzan. Programa hemen!
  • Manu Chaok Galizian joko du maiatzaren 17an eta 19an Reperkusión jaialdian.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.
  • Governors + Willy Toledo: Bertigo bideoa

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!