entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

XABIER GARTZIA IRIZAR 2003-08-09

SANT PAU 44 QUARTET kaleko egongela

Jazza lantzen duen taldea Euskal Herrian Jazza lantzen duen taldea Euskal Herrian
Errabal zigiluak euskal jazzaren bere bigarren erreferentzia plazaratu berri du, Sant Pau 44 Quartet taldearen estreinako disko dotorea. Taldeko bateria joleak, Hasier Oleagak, erantzun dizkigu luzatu dizkiegun galderak.


Nola eta noiz sortu zen Sant Pau 44 Quartet taldea?

Orain dela sei bat urte hasi ginen elkartzen Gasteizko Luis Aranburu Udal Musika Eskolan. Hasiera batean ikastea zen helburua, orain lez, jazz errepertorio klasikoaren ikasketaren bitartez. Jazz estandarrak bezala ezagutzen diren kantak hasi ginen jotzen. Beraz, lantalde bat sortu genuen, jazz hizkuntza ikasteko laborategia. Ikastea zen helburu eta ikastea da helburu. Hizkuntza batetaz ari gara, hortaz, beti izango dugu zerbait ikasteko, gure burua hobetzeko, hobeto komunikatzeko. Garai hartatik, Gasteizko lehenengo garaitik, Bartzelonako garaira. Iosu, Koldo eta hirurok Bartzelonara abiatu ginen, musika ikasketekin jarraitzera eta mundu pixka bat ikustera, etxetik kanpo jazz musikaren esperientzia bizitzeko asmoz. Bien bitartean, Raul Boston-en zegoen, bertako Beklee College of Music-en hasi zituelarik Jazz Konposizio ikasketak. Tarteka elkartzen ginen jotzeko, Gasteizen bueltan ginenean. Esperientzia atzerritarrak amaitu ziren eta gure kantuak hasi ginen jotzen jarraipen gehiagorekin. Bideak elkartu egin dira eta horretan gaude.

Errabal zigiluan diskoa grabatzeko aukera nola sortu zitzaizuen?

Errabaleko familia lehendik ezagutzen genuen. Iosu eta biok “Gaztelupeko” jendearekin lanean aritu ginen, Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabalen Bar Puerto eta Mikelen Heldu artean proiektuetan hain zuzen ere. Xarrarekin erlazioa Soraluzen zeukan tabernara jotzera joaten ginenean sortu zen, orain dela urte dezente. Diskoa grabatzeko proposamena egin ziguten, Errabal zigiluaren sorrerarekin bat zetorrena, etxean egindako jazz bilduman parte hartzeko. Momentuan egiten ari ginena grabatu genuen, benetakoa izateko, zerbait naturala izateko. Argazkia bota, irribarrea bota eta aurrera! Diskoetxearen lana azpimarratzekoa da. Bizi garen momentua ikusita, egiten ari diren esfortzua txapela kentzekoa da.

Diskoa zuzenean grabatu duzue. Zergatik? Erraza izan al zen grabaketa?

Bai, zuzenean grabatu dugu. Horrela izan da jazza horrela grabatzen delako, hizkuntza da eta momentuan gertatu egiten da. Pop edo rock disko bat grabatzea kontu ezberdina da, grabatu behar den musika guztia edo ia guztia aurrez pentsatuta dago, egin nahi dena gauza ezberdina da. Juanan Ros soinu teknikari bezala aritu zen. Beraz, izan genuen ardura bakarra musika izan zen. Jazz grabaketa batean lasai jotzeko egoera lortzea da gauzarik zailena eta esperientziarekin garatzen den ahalmena da.

Grabatutako abestiak zuen konposizioak dira, bertsiorik ez dago. Uste al duzue badagoela batasun bat abesti desberdinen artean?

Alde batetik, taldea berdina dela esan behar dut, Alejandro Mingot gitarra jolea izan ezik, pare bat kantetan bakarrik baitago. Hori dela eta, lortutako soinua, klima, giroa, berdintsua da. Urteak dira elkarrekin, eta hori nabari da. Komunean bizitako guztia ateratzen da hor.

Zeuen eragin musikalak jazz musikakoak al dira bakarrik?

Denetarik entzuten dugu. Jazza, popa, rocka, funkya, folka, disko musika, heavya... Benetako musika entzuten dugu, bihotzetik ateratzen dena interesatzen zaigu hain zuzen.

Euskal Herriko beste jazz musikariekin harremanik ba al duzue?

Bai, mundua txikia da, eta Euskal Herria txikiagoa, inguruan gaudenek ezagutzen dugu elkar eta noizbehinka gustatzen zaigu jam session-en batean elkartzea.

Betiko galdera. Zuentzat zerk du garrantzi handiagoa, konposizioak ala inprobisazioak?

Momentu ezberdinak dira, bietatik bata ez da bestea baino inportanteagoa.

Mikel Urdangarinekin jotzen ibili zarete, ezta? Beste norbaitekin ere?

Bai, gaur egun musika munduan bidea egiteko promiskuitate maila altua behar duzu izan, hortaz, proiektu ezberdinetan aritu behar izan dugu. Elkarrekin edota bakoitzak bere aldetik, jende ezberdinarekin egin dugu lan: Maixa Lizarribar, Gari, Ortophonk, Ruper Ordorika, Betagarri, Raúl, Malú eta abar.

2003, ABUZTUA-IRAILA
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Munster Records-ek 30 urte bete ditu. Zorionak!
  • Derrame Rock jaialdia Ourensen eginen da ekainaren 28 y 29an. www.festivalderramerock.com
  • EHZ festibala motorrak berotzen!!! Ekainaren 28, 29 eta 30ean Lekornen. www.ehz-festibala.eu
  • Leñoren biografia idatzi dute Kike Babasek eta Kike Turronek. Ekainaren 25ean aterako da. WWW.PAGINA-1.ES

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!