entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Sagardantza 2014-03-03

Birle Sendo, urrats bat aurrera

Mungiako Birle taldea. Mungiako Birle taldea.
Lotura erlazionatuak
Behar bada, beren eremu naturaletik at, Birle izena ez da ezagunegia izango. 30 urtetik gorako laukote bizkaitarra da. Aitor, Gudi, Rober eta Gari musikariek osatzen dute. Hardcore punk melodiko amerikarraren traza hartu diogu berriki argitaratu duten lau kantuko EPari. Ardatzak du izenburua eta rocketik ere asko dauka. Popa ere osagai dute. Melodia-zaleak dira, baina gogor jartzen direnean egurra ematen ere badakite. Soinu sendoa erakusten du grabazio honek.



2010ean argitara eman zuten Bidea da helmuga estreinako diskoa guztiz gainditu dutela esan genezake. Ardatzak lan berriak gure jakin-mina piztu du eta haiengana jo dugu. 

Noiz eta zergatik sortu zenuten Birle taldea?
2007 urte inguruan hasi ginen Rober, Gudi eta Gari abesti berriak lantzen. Arrazoi nagusia musikarekiko dugun lotura da, abestiak idazten eta zuzenean jotzen jarraitu nahi genuen gure aurreko taldea desegin zenean.

Aurretik beste taldetan jo izan duzue hortaz...
Aitor abeslariak XXL eta beste taldetan jo izan du, beste hirurok berriz, 5 kontra taldean jo genuen zenbait urtez. Hala ere, aurreko hamarkadan Mungian finkatutako beste zenbait taldetako partaide ere izan gara.

Nortzuk osatzen duzue egun taldea?
Aitor (abeslaria), Gudi (bateria), Rober (gitarra) eta Gari (baxua).

Aurretik Bidea da helmuga diskoa argitaratu zenuten. Soinuari dagokionez, Ardatzak-ekin alderatuz salto nabarmena eman duzue. Ados zaudete?
Guztiz ados! Pozten gara hori entzuteaz. Bidea da helmuga, nahiz eta estudio batean nahastua izan, guk geuk lokalean grabatutako lana da. Horrela egitea aukeratu genuen grabatzeko denbora nahikoa eduki ahal izateko eta abestiak guk nahi beste lantzeko. Soinuaren kalitatea ez zen prioridade bat. Bigarren lanerako ordea, pausu bat urrunago jo nahi izan genuen eta horregatik estudio batean egin genuen lan guztia, teknikari batekin eta ekipo egokiarekin.

Hardcore iparamerikar eta melodikoa izan da zuen lehen eragin iturria? Zein izan da zuen bidea soinu gustuei dagokienean? Zein da zuen unibertso musikala? Ze talde entzuten duzue?
Hardcore melodikoa/punk rocka da betidanik gustatu izan zaigun musika eta nolabait bihotzean daramaguna. Talde bezala eragin komun bezala dugun musika dela esan daiteke, hala ere, estilo ezberdinak ere gustora entzuten ditugu. Taldekide bakoitzak bere gogoko estilo ezberdinak dauzka doo-wop bezalako doinu melodiko esta lasaietatik hardcorea edo metala bezalako musika gogorretaraino doazenak. Taldeen izen batzuk aipatzearren: Bad Religion, Pennywise, Ignite, Alkaline Trio, All, Down by Law, Hellacopters, Social Distortion, Thrice, Sick of it all ...

EParen lau kantuen artean, "azukre edo/eta melodia" gutxien duena (bueno, zuzenean ez duena) Izenik gabe izenburukoa da. Beste hiruetatik deberdinena zalantzarik gabe... Zer kontatzen ahal diguzue kantu honi buruz?
Esan bezala, nahiz eta punk melodikoa gure eragin nabarmenena izan, hardcore eta punk musikak ere oso gogoko ditugu. Izenik gabe bezalako abestiak bi arrazoi nagusi direla-eta idazten ditugu. Alde batetik, mezu batzuk nahi dugun gogortasunarekin abestu ahal izateko eta beste alde batetik, gustoko dugun hardcorearen adar horri omenaldi txiki bat egiteko.

Eta Mungia? Nola dago kontu musikala? Mugimendurik al dago herrian? Taldeak? Kontzertuak?
Duela urte batzuk Mungian musika mugimendu nabarmena zegoela esan daiteke. Ordutik hona egoera apur bat lasaitu da, zenbait taldek euren jarduera gutxitu edo utzi egin dute. Hala ere, badaude jarraitzen dutenak eta jende gazteagoa ere badabil musika egiten (Belako taldea da ziurrenik jende guztiak ezagutzen duena). Kontzertuen inguruan Azken Zarata Rock Elkartea aipatuko genuke. Birle-ko taldekide bat elkarte horretako partaidea da eta urtean zehar bai bertoko eta bai kanpoko taldeen kontzertuak antolatzen dituzte.

Nola dakusazue zuzenean jotzeko kontua? Zaila duzue? Erraza? Zein izan da zuen esperientzia?
Orain arte zorte ona izan dugula esango genuke. Eszenatoki handietan zenbait kontzertu emateko aukera izan dugu eta areto edo toki txikiagoetan ere kontzertuak aurkitzeko gai izan gara. Gure eskualdean kontzertuak jotzeko lekuak ugariak dira eta ez da zailegia bertan jotzea. Hala ere, gaur egun dauden aisialdi aukera guztiekin zaila izaten da jendearen arreta lortzea. Gogorrago egin behar dugu lan kontzertuetara jende gehiago etor dadin lortzeko. 

Lau kantuko EPa Bandcampean jarri duzue. Disko fisikoa non eskura daiteke?
Gure helburu nagusiena abestiak jendeari helaraztea da, horregatik Ardatzak Ep berria Bandcamp bidez dohainik eskaintzeko erabakia hartu genuen. Hala ere, erromantizismo kutsu batengatik edo, zenbait CD argitaratu ditugu azkenean. Norbaitek kopia bat erosi nahi izanez gero, jar dadila gurekin kontaktuan.


bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.