entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2017-05-18

Kokein SUSPERTZE OIHUA

kokein 1 Argazkiak: Galder Izagirre
Kokein taldearen Lurpekhari (Autoekoizpena, 2016) disko berria lurreko barrunbeetatik sortua da. 15 urteko ibilbide mamitsuak eta bost disko luzek gorpuzten dute eibartarren jarduera. Honezkero, Zaloa Urain ahots duen bandaren talentua eta esperientzia ez ditu inork zalantzan jartzen. Hain justu Zaloak hartu gaitu; musikagintzan ere emakumeok asmatzeko asko dugula erakusten du bere eztarri indartsuak.

Lurpekhari. Nondik dator izenburua?
Aurreko urtean batek baino gehiagok galdetzen zigun jotzeari utzi ote genion, taldea akabatuta zegoela pentsatzen zuenik ere bazegoen. Hortik tiraka sortu zen ideia. Urpekari kontzeptutik abiatu gara. Hor azpian lanean segitu dugulako, abesti berriak lantzen. Beste buelta pare bat eman eta kontzeptu berri bat sortu dugu: Lurpekhari. Diseinatzaileak Izukari emakume gisa pertsonifikatu du, bere lekua aldarrikatuz lur azpitik ateratzen dena. Horixe baita Kokeinen lan berria, aldarrikapen bat, suspertu garela iragartzen duen oihua.

Lehenengo entzunalditik iruditu zait abestiak ondo landuta datozela. Gogo berezia jarri duzue disko honetan?
Disko guztietan jarri dugu gogoa, grina, lana eta arima. Oraingo honetan ere bai. 15 urte daramatzagu elkarrekin eta bidean asko ikasi dugu maila pertsonalean eta talde gisa. Eta disko hau, bereziki, ikaskuntza horren isla delakoan gaude. Abestiei ikuspuntu desberdinak ematen, aldatzen, birplanteatzen, jolasten... saiatu gara. Sorkuntza prozesua bera plazer hutsa izan da.

Musikazale amorratuak zarete eta eragin asko ikusten dizkiot diskoari.
Asko gustatzen zaizkigu zuzeneko kontzertuak; jotzeko ez ezik, entzule bezala disfrutatzeko ere. Kide bakoitza gustu oso ezberdinekoak gara, eta horregatik antzeman daitezke gugan hainbeste joera: Frank Zappa bezalako klasikoak, metal ildoko Down, The Clash punkrockeroagoak, Muse garaikideagoak eta, baita ere, AEBetatik nahiz Ingalaterratik datozen Afghan Whigs edota PJ Harvey bezalakoen rock doinuak. Talde kutun ugari ere konpartitzen ditugu noski, are gehiago urteek aurrera egin ahala.  

Karlos Osinaga Txapekin grabatu duzue diskoa Bonberenean. Nolakoa izan zen prozesua?
Aspaldiko ezaguna da Txap, baina berarekin grabatu dugu lehen aldia da hau, eta prozesu ederra izan da. Oso ondo moldatu gara hasieratik eta horrela lan egitea askoz ere errazagoa da. Bonberenean grabatu ditugu instrumentu guztiak, bateria eta baxua elkarrekin horrek xarma berezia sortzen duelako, eta gitarrak. Lan handia egin dugu moldaketa zehatzak erabakitzen eta fintzen. Ahotsak, aldiz, REC estudioetan grabatu ditugu Haritz Leterekin. Taldeko bateria jotzailea izateaz aparte, teknikaria ere badenez, elkar hain ondo ezagutzeari zukua atera diogu eta benetan pozik gaude emaitzarekin.

Autoekoizpenera jo duzue prozesua sorkuntzatik hasi eta azken muturreino kontrolatzeko.
Halaxe da, bai. Gaztelupeko Hotsak etxearekin lan egitea esperientzia ona izan zen beti, baina aurreko diskoan (Izan, 2012) autoekoizpenaren aldeko apustua egin genuen eta oraingoan ere bide beretik jarraitzea erabaki dugu. Lan karga handiagoa dakarren arren, gustora gaude horrela. Dena dela, ez dugu diskoetxerik izan atzetik, eta edukita ere ezin jakin zein erabaki hartuko genukeen. Gurea bezalako talde batek LP+CD formatua ateratzea ez litzaieke oso errentagarria izango diskoetxe baten begietan, baina guk horrela egitea erabaki dugu. Ohiko CD formatutik aldenduta, berezitasuna bilatu dugu. 

Bosgarren diskoa duzue hau, eta ibilbide luzea euskal musikagintzan. Zeintzuk dira talde bat bizirik mantentzeko elikagaiak?
Azken 15 urteotan gauza asko aldatu dira musika arloan, baina pasioa eta harreman ona mantentzen badituzu, nahikoa duzu horrekin. Gu oso zorionekoak gara, badakigu ez dela batere erraza hainbeste urtez elkarrekin jarraitzea. Musika sortzeko elkartu ginen, eta lagun bihurtu. Urteek eta esperientziek familia bilakatu gaituzte, eta halaxe bizi dugu. Bost disko eta gero, ia denetarik bizi izan dugu elkarrekin,  eta horrek lotura berezia sortzen du ezinbestean. Bostok erakutsi dugu taldearekiko konpromiso maila bera, gorabeherekin noski, baina une honetan inoiz baino kohesionatuta gaudela sentitzen dugu.
Galder Izagirre

Zure ahotsak izugarrizko pisua du diskoan. Frontwomanak gero eta ohikoagoak zarete euskal  musikagintzan, baina iruditzen zait asko dagoela oraindik asmatzeko eremu honetan. Zuk bete-betean asmatu duzu Lurpekhari honetan.
Eskerrik asko. Ez dakit asmatu dugun ala ez, baina bihotzetik eta arimatik egin dugu disko berri hau. Bost diska eta gero, ni neu sentitu naiz abesti guztietan, eta instrumentuekin erabat bateraturik.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.