entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
XABIER GARTZIA IRIZAR 2003-02-04

TAPIA ETA LETURIA zuzenean lubakietara

Joseba Tapia trikitilaria Joseba Tapia trikitilaria
Duela gutxi Tapia eta Leturia taldeak Hain Zuzen disko berria plazaratu du. Aurretik egindako ibilbidea jarraitzen dute, zuzeneko soinuak ematen duen freskotasunaren laguntzaz. Disko berriaz eta beste kontu batzuetaz hitz egin digu Joseba Tapia trikitilariak.


Hain zuzen diskoko kanta batean trikitixaren komertzialtasuna kritikatzen duzu. Iruditzen zaizu komertzialtasunaren auzia orokortu daitekeela beste esparruetan ere?

Nik uste dut baietz; gaurko gizartea ezin dugu hori gabe ulertu jadanik eta berak markatzen digun bidetik joan beste aukerarik ez digu uzten. Bortizki sartzen da telebista bidez, tabernetan, irratietatik,... eta hasieran protesta eragiten badu ere, gero hurrengo generazioak oso-osorik irensten du eta komertzioaren defendatzaile eta kontsumitzaile sutsu bihurtzen da gainera. Gero, kontrakoa esaten dutenak edo bortizkeri hau kritikatzen dutenak burutik daudela uste izaten dute eta etsai bihurtzen dira. Azenario komertzialaren atzetik itsuan doazenak balantzaka ikusten ditugu jadanik eta laster geldituko dira umezurtz. Lastima da, ezta?

Zure musikan tradizioak oinarri sendoa du. Hala ere, zenbaitetan egitura berriztatzaileak txertatzen dituzu. Zein da zure jarrera musikala?

Tamalez, gu ere kutsatuak gaude. Gaztetan harrapatuak eta ondo leziatuak izan ginen diskoetxe estatubatuar edo ingelesen indarrarengatik eta hortxe gabiltza kontradikzioa bizkarretik kendu ezinik. Hala ere, urte asko daramatzagu musikaren munduan eta jende askok ikusten ez duen maniobra zikin askotaz jabetzen gara. Irekia eta irrika sano edukitzea da garrantzitsua. Gero saltzen diguten guztia irentsi aurretik mesfidatia izatea ez legoke gaizki. Azkenik, ohiko medioetatik aparte informazioa biltzea beharrezkoa da. Oinarri tradizionala ez da kaltetan izan niretzat. Ikasi dut bere sekretua zein den eta lilura sortzen dit. Hala ere, ez dut beldurrik izan tradizioa manipulatzeko eta aldatzeko.

Naturalki uztartzen al dituzu musika alaia eta hitz zirikatzaile eta ironikoak zure lanetan?

Naturalki horretara jotzeko gaitasunak ere egin dezake horretarako joera. Gustuko dut ironia eta musikarekin nahasteko propio egina dirudi gainera. Musika berak beste zentzu bat hartzen du eta nahasketa horrek beste eragin bat lor lezake. Nik trikitixa ikasi nuen eta horrekin saiatzen naiz esan beharrekoa esaten. Nahiz eta trikitixa alaitasun eta folklore merkea eta topikoa izan kasu askotan, ezinbesteko tresna da niretzat eta nire zirikatzeko eta ironia erabiltzeko gogoa elikatzen du.

Noizbait esana duzu garrantzi handiagoa ematen diezula hitzei eta mezuari musikari baino. Hala ere, oro har besteen testuak erabiltzen dituzu. Zergatik?

Ez dut uste banandu behar denik hitza eta musika. Biak batera lortzen dutena da interesatzen zaidana. Biek batera izan daitezke garrantzitsu. Baina bietatik batek zikindu lezake bestea edota altxatu. Baina ez nintzateke ausartuko esaten formula orokor bezala, baizik eta kasu bakoitzean aztertu beharko litzateke hori. Norberaren eskribitzeko edo musika egiteko gaitasuna edo abilidadea frogatzea baino beharrezkoagoa da esan beharrekoa ondo eta dotore azaltzea. Beraz, bai musika edo bai testua besterenak erabiltzen ditut sarritan.

Koldo Izagirrek hainbat kanturako letrak egiten dizkizu. Nolakoa da zuen bion arteko elkarlana? Apoaren edertasuna bezalako lana errepikatzeko asmorik al duzue?

Nik oso gustura lan egin dut Koldorekin eta berarekin aritzeko ez dut irrikarik galdu oraindik. Apoaren edertasuna esperientzia izugarri bat izan zen niretzat eta aurrerago horrelako beste proiektu bat sortuko bagenu, gogotik helduko nioke zalantzarik gabe. Askotan jotzen dut Koldorengana zerbait behar dudanean edo kontsultarako. Literatura baliabide izugarria izan liteke musikariarentzat. Badago non aurkitu eta badago zer kantatu.

Leturiarekin egiten dituzun diskoak eta besteak desberdintasun handiarekin ikusten al dituzu, ala joera berdinak dituzte guztiek?

Leturia eta biok hemeretzi urte daramatzagu elkarrekin eta batez ere dantzaren arloa jorratu izan dugu. Hori izan zen gu elkartzearen arrazoi nagusia, erromeri talde bat osatzearena. Hala ere, proiektu ezberdinak proposatu izan ditugu izen horrekin estiloei eta kezkei dagokienean. Zaila izan ohi da gure lana definitzen askotan, nahiz eta horretara behartzen gaituen kazetari askok. Hala ere, bakarkako lanek ez dute xede hori izan. Ez ditut dantzarako egin kantu horiek. Beste kezka eta nahiek bultzatu naute horretara.

Hain zuzen diskoa zuzenean grabaturik dago. Zergatik? Beharbada estudioko lan zehatz eta neketsua ekiditeko? Ala tabernetako jai giroa agertzeko asmoa izan duzue?

Tapia eta Leturiak gaur egun duen zuzeneko soinua agertu eta argitaratu nahi genuen. Laukote bat garela adierazi nahi genuen eta hiru bat urtez tratamendu akustiko hori lantzeak eman duen fruitua erakutsi. Zuzenean grabatu izanak ez digu lana erraztu, konplikatuagoa gertatu zaigu azkenean. Tabernetan ez dago horrelako girorik tamalez. Baina ondo pasa genuen Azkarateko soziedadean eta bailarako jendea ere bero egon zen. Gero, kontzertua bukatu eta erromeri txiki bat egin genuen bertan eta denak dantzan
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.