entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Aritz Sound System 2006-02-03

THE PEPPER POTS 60. hamarkadaren ispilu

60. hamarkadako doinuak 60. hamarkadako doinuak
Askotan galdetu diogu gure buruari zergatik ote dugun musika beltzarekiko horrelako zaletasuna. Nola da posible horren urruti sortu den musika eta kulturalki ere, hasiera batean, horren desberdina dena, horrenbeste gustatzea? Gaixotasuna izango ote? Gu bezalako “gaixo” gehiago dagoela jakiteak lasaitzen gaitu, gutxi badira ere. The Pepper Pots taldeko kideei gaixotasun hori, itxuran ere nabari zaie, musika beltzaren zaletu amorratuak izateaz gain, 60. hamarkadako estetika mantentzen dutelako. Lurtarrak ote? Gerardek (saxo tenorea) erantzun ditu gure galderak



Gure artean nahiko ezezagunak izanda ere, diskoa entzunda argi geratzen da ez zaretela hasi berriak. Noiz hasi zineten eta zer nolako esperientzia izan duzue orain arte?

Duela hiru urte, musika beltza lantzen zuten hainbat taldeetako lagunak elkartu eta Pepper Pots taldea osatzea erabaki genuen. Urte hauetan, taldean hainbat aldaketa eman dira, horrenbeste partaide dituen taldeetan ohikoa denez, eta orain, taldea finkatu dugula diskoa kaleratu dugu. Gure musika, 60. hamarkadako musika beltzean oinarrituta dago, bereziki, Jamaikako reggae, ska eta rocksteady estiloetan. Urte hauetan kontzertu mordoa eskaini dugu eta horrek gure soinua zehazten asko lagundu digu. Zuzenekoetan, jamaikar musikaz gain soula ere lantzen dugu eta hainbat bertsio egiten ditugu: Sam Cooke eta abar.

Lagun asko zarete taldean. Zaila izango da entseatzeko zita jartzea. Nola egiten duzue profesionaltasunetik kanpo taldea mantentzea?

Zaila da. Taldean hamabi lagun biltzen gara eta entsegu eta kontzertuetan guztiak biltzea aski zaila da. Hala ere, nola edo hala, aurrera egiten dugu eta egia esan, taldeko bi partaide musikaren profesionalak dira eta horrek asko laguntzen du.

Nola sortzen da diskoa grabatzeko aukera? Jamaikar musikak ez dauka arrakasta komertzial handia eta gutxi dira estatu mailan horrelako musikak kaleratzen dituzten diskoetxeak.

Diskoa taldeko partaideen lanari esker kaleratu da. Kontzertuetan lortutako diru apurrari esker grabatu dugu diskoa eta Brixton diskoetxearen laguntzarekin kaleratzen dugu orain. Produkzioaren ardura taldeko baxu joleak egin du eta grabazioa Torelloko DoctR´nRíc estudioetan egin dugu.

Nola izan da grabazio prozesua?

Diskoaren grabazioa luzea izan da, beti ere, gure ahalmen ekonomikoaren arabera. Hau da, dirua lortzen genuen heinean, grabatzen joaten ginen. Guztira ia urtebete eman dugu diskoa grabatzen.

Jamaikar musika egiten duten talde askok garai hartako soinua bilatu eta lortzeko zailtasunak dituzte. Zuen diskoa entzunda berriz, oso soinu jamaikarra lortu duzuela esan daiteke. Nola egin duzue?

Garrantzi handia eman diogu soinu berezi hori lortzeari eta horregatik erabiltzen ditugun soinu tresna eta aparailu gehienak 60. hamarkadakoak dira. Grabazioa analogikoa izan da eta ahotsak guztiak batera, toma bakarrean grabatuak daude. Soinu teknikariak ere lan handia egin du.

Ahotsak aipatu dituzu eta azpimarratzekoa da abeslariek egin duten lana. Oso zaila da jamaikarren ahots nahasketa horiek lortzea eta zuen diskoan maila altuko koroak daude.

Egia esan, lan handia egin dute eta abeslariek ordu asko sartu dituzte ahotsa lantzen. Emaitza diskoan antzeman daiteke eta baita zuzenekoetan ere.

Jamaikar soinua lortzeko helburu horren barruan kokatu behar dugu kantuak katalanez beharrean, ingelesez egotea?

Bai. Guk entzuten dugun eta gustatzen zaigun musika ingelesez dago eta 60. hamarkadan egindako jamaikar musika egin nahi baduzu ingelesez egin behar duzu. Katalanera da gure ama hizkuntza eta hori da egunero, lan egiteko, jendearekin komunikatzeko eta oro har bizitzeko erabiltzen dugun hizkuntza.

Hizkuntzarekin lotuta letren edukia dago. Garaiko musikaren topikoa maitasun kantuak dira, eguzkia, hondartzak, ea. Topiko horrekin jarraitzen duzue ala ez?

Gure letretan maitasuna da nagusi. Maitasunaz egin dugu diskoa eta mezu hori zabaltzen dugu. Letretan ez dituzu gai politikoak edo iraultzaileak aurkituko.



2006, OTSAILA – MARTXOA
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Munster Records-ek 30 urte bete ditu. Zorionak!
  • Derrame Rock jaialdia Ourensen eginen da ekainaren 28 y 29an. www.festivalderramerock.com
  • EHZ festibala motorrak berotzen!!! Ekainaren 28, 29 eta 30ean Lekornen. www.ehz-festibala.eu
  • Leñoren biografia idatzi dute Kike Babasek eta Kike Turronek. Ekainaren 25ean aterako da. WWW.PAGINA-1.ES

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!