entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Ion Etxebarria 2011-08-04

UNE, momentu akustikoa

Une taldea. Une taldea.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Lan eskergaren fruitua da Une taldearen estudioko hirugarren lana, Akustikoak eta bestelako uneak (Baga-Biga) diskoa. “Momentuan sentitzen eta erakartzen” dutena egiten dute, unean uneko taldea dugu eta Une. Emaitzarekin oso harro, grabaketan zein zuzeneko akustikoetan asko ikasi dutela onartu digu Aitor Uriarte taldeko ahotsak.

Metal eta rock kutsuko disko pare bat kaleratzetik, saxo eta teklen presentzia duten abesti akustikoetara pasa zarete disko berrian. Hori dugu Une taldearen bide berria, edota zerbait puntuala da?
Batek daki. Nahiz eta taldeak beti, gura edo ez gura, funtsean ezaugarri berdinak izaten jarraitu, disko bakoitza une bakoitzean, zerbait puntuala da guretzat, momentuan sentitzen edo erakartzen gaituena egiten dugu. Hala ere, hirugarren honetan hareago joan nahi izan dugu, gure ibilbidean geldiune antzeko bat egin, egindakoari oraingo begiekin begirada bat bota eta honenbestez zerbait bereziagoa egiten saiatu gara. Hori lortzeko, formatu akustikoa erabiltzea erabaki dugu konpromiso eta indar guztiarekin, ez soilik gauza esperimental baten moduan. Nire kasuan, lehenago ere esperientziaren batzuk izanak ditut akustikoan, adibidez Hendrik Roever-ekin batera Sen taldearen hirugarren eta azken disko akustikoa kasu, Latzenen kanturen bat edo beste, edota Uneren aurreko bi disko elektrikoen aurkezpenetan egin behar izan genituen makina bat saio akustiko inprobisatu… Baina esperientzia hauek guztiak akustikozko pintzelada txikiak izan dira beti, inoiz akustiko lan oso batek exijitzen dituen esparru guztietan guztiz sartu gabe, edota Sen-en kasuan diskoaren ondoren zuzeneko jarraipenik egin gabe. Diskoari dagokionean, ez genuen horretara mugatu nahi, disko akustiko bat izan arren, Uneren hirugarren lan sendo bat nahi genuen. Makina bat adibide dira hortik zehar, horrelako batean disko akustiko bat egitea bururatu eta ordura arteko kantuak elektrikoak gitarra akustikoekin jotzera mugatu direnak, disko bat kaleratu dutenak eta askotan gero zuzenekoetan jarraipenik egin gabe.


Salbuespenak salbuespen eta erregistroz aldatu arren, abestiek nostalgia eta malenkonia puntu bat izaten jarraitzen dutela esango nuke. Ados?
Bai, hori da. Lehen esaten nizun moduan, gura edo ez gura, kantuak era baten edo beste baten jantzi, azken finean hor dago ukaezina den talde edota pertsona bakoitzaren barrena. Askotan bestelako kantuak ere egin izan ditugu, baina kantu bizienean ere barrurantz hazka egin ezkero Uneren malenkonia puntu hori aurkitu daiteke eta, zer esanik ez, lan akustiko bat izanik. Hori da Une azkenean, bestelako uneak ere badira, baina gustura ibiltzen gara malenkonia puntu horretan, bai musika eta bai letrak egiterako orduan. Izan ere, disko honetan lehen oso elektrikoak eta zenbait kasutan indartsuak ziren kantuak ere badira guztiz birmoldatuta, agian akustiko honetarako apropos zetozenak, era baten, malenkonia hori gordetzen zutelako barnean.


Disko akustiko on bat kaleratzeko ezinbestekoa da arlo teknikoa zaintzea, dena gardenagoa da eta. Gainera, akustikoan ahotsaren presentzia askotaz ere gehiago nabarmentzen da. Baita koroak ere. Zer moduz moldatu zarete?
Ba egia esan, hasiera baten pentsatzen genuena baino lan askozaz gogorragoa izan da, bai. Kantuak behin eta berriz hankaz gora jarri ditugu bilatzen ari ginena aurkitu arte, konponketak, bestelakoak, instrumentu berriak... Gainera, gezurra badirudi ere, kantu zaharrak izan dira lan gehiago eman digutenak, ez ginen lehenengo ideiarekin konformatzen eta ia amaigabeko espiral batean sartzen ginen eten gabe. Azkenean, kostata baina azken emaitza begiratuz, gure kantu zahar hauei berriek duten freskotasuna eman diegula iruditzen zaigu. Estudioko lanean ere, konponketei adibidez beti beste buelta bat gehiago bilatu nahi izan diegu, koroak beraien planu txikian jarri, guztia ahalik eta hobekien eginaz eta guztia mimoz ahalik eta gehien zainduz.
Eta gero, gainera errez esaten da, baina guztia ondo egin beharra dago, akustikoak hori du, nahiz eta behar bada azaletik azken emaitza sinpleagoa iruditu, guztia biluzik doa eta bakoitzak bere onena eman beharra dauka, bai instrumentu eta bai ahotsaren aldetik. Ez du ezerk ezer tapatzen, detailerik txikiena ere, onerako edo txarrerako, hor agertzen da beti. Baina tira, guztia horrela esanda badirudi sufrimendu konstante bat izan dela hirugarren disko hau eta ondorengo bira akustikoa, eta lanari dagokionean behar bada hala izan da, baina disfrutatu eta batez ere asko ikasi egin dugu.


Garai batean taldeko kide izan zen Rubenen kolaborazioa izan duzue beste behin ere disko berrian, bai gitarren moldaketak sartuz, bai produkzioan. Taldeko bosgarren kidea da?
Ruben Gonzalez hasieratik izanda gurekin. Orain sei urte pasa, Une hasi zenean, bera zen zutabeetako bat, gitarrista zen Roberrekin batera. Lehen diskoan gitarrak grabatu ostean Bartzelonara joan behar izan zuen soinu teknikari ikasketak egitera eta orain gutxira arte bertan izan da. Honenbestez, Une boskotetik laukote izatera pasatu zen. Hala ere, Uneren bigarren lanean ere parte hartu zuen, kasu honetan teknikari bezala, Oswaldorekin batera nahasketak egiten ibili zen buru-belarri Bartzelonako estudio ezagun batean makina bat gaupasa janez. Oso pozik geratu ginen bigarren lan honen azken emaitzaz. Eta orain, ikasketak amaitu dituenean, berriz Bilbora bueltatu denean, berriz ere Unekin egin du topo, ez dauka ihes egiterik, jaja! Disko berrian, teknikaria izan da berriz ere, baina oraingo honetan grabatzen, nahasten eta masterizatzen. Eta hor dago emaitza! Produkzio lanetan ere parte hartu du eta akustiko hau egiteko beharrezko genituen ideia berriak eta aire berriak ere ekarri dizkigu Bartzelonatik, han mota guztietako musika estiloak bizitzeko parada izan baitu, flamenkotik hasita hip-hoperaino. Beraz, badirudi patua edo zerbait badela hor, hasieratik bukaerara, era baten edo beste baten, gurekin izan baita beti. Orain gainera, bera soinu teknikaria den arren, bira akustiko honetan gurekin dihardu gitarra akustikoa joaz.


Diskoan Charles Cooper estatubatuarrak ere kolaboratu du saxoan.
Bai, bera izan da disko honetan aurkitu dugun azken altxorra. Kasualitatez, Roberrek eta Rubenek ezagutzen zuten eta diskoan arregloren batzuk sartzera animatu zuten. Charlesesek ez du animo larregirik behar saxoa ateratzeko eta zerbait inprobisatzeko. Munduan arrakastatsuak diren talde handiekin lan egin duen bera bezalako artista bat gurekin hainbeste ilusioz eta edozertarako prest ikustea aberasgarria izan da benetan. Gero, gainera birara ere bi aldiz pentsatu gabe animatu da eta bera da taldeko zazpigarrena, edo lehena askotan. Saxoa jotzen maisu bat da, letra larriz gainera, eta ez dauka asko entseatu beharrik jazz mundutik baitator. Kontzertuei dinamismo handia ematen die. Gainera, batzuetan hip-hop sesio txiki batzuk ere uzten ditu noizbehinka, bera hip-hop kantaria ere baita, eta ez edonolakoa gainera, Estatu Batuetako Hieroglyphics Hip-Hop munduko diskoetxe ezagunean dago Chosen Few bere bandarekin. Bai, Charles artista eta pertsona moduan deskubrimendu bat izan da guretzat.


Zeintzuk dira ba diskoaren izenburuan aipatzen dituzuen “bestelako une horiek”? Bertan sartu dituzuen hiru abesti berriok?
Diskoa prestatu aurretik, kantu elektriko berriak asko genituen geure lokalean, hirugarren disko elektriko batean sartzeko lain. Hirugarrena azkenik akustikoa izango zela erabaki genuenean ere hasierako ideia kantu guztiak berriak sartzearena zen, baina bestalde asko erakartzen gintuen lehenago egin genituen kantu batzuk ere orain sentitzen ditugun bezala eguneratzeak, beraiekin jolastu eta zaharrak berri bihurtzea. Azkenean bietatik sartu genituen. Izenburuak era baten zuk diozun bereizketa hori egiten du. Alde batetik aurreko bi lanetako kantuak daude, “Une Nare Eza” 2006 eta “Hegalik gabe hegan” 2008 diskoetatik, eta beste alde batetik hiru kantu berri: “Min”, “Haize orratza” eta “Gautxori bat leihoan”.
Beste errazoi bat, alde batetik Une betiko laukotearen eta diskoan parte hartu duten eta gurekin biran diharduten beste hiru musikari berrien bereizketa da. Baina badago beste arrazoi ez hain metaforikoa: kantu bat edo beste ez genituen guztiz akustiko utzi, eta beraz, izenburua ezin jarri hasiera batetik nahi genuen eta ezin hobeto zetorkigun “Une akustikoak” soilik. Gainera kasualitatez, Keu Agirretxearen disko baten izenburua ere horrela zela ohartu baikinen, jaja! Diskoko azkena den “Gautxori bat leihoan” kantua ez da guztiz akustikoa, sanpler ezberdinak ere baditu, kantu hau disko askotan aurkitu ohi izan dugun berezitasun bezala sartu genuen, kantu ezberdin bat bezala Uneren estiloan.
Beraz izenburuarekin alde batetik bi denbora ezberdinetako kantuak bereizten ditugu, bestetik musikariak eta azkenik, sorpresarik izan ez dadin, balizko entzuleari disko guztiz akustiko bat dela ohartarazten diogu, baina kantu guztiak hertsiki izan gabe. Ikusten duzun moduan oso paranoikoak izatera iritsi gaitezke batzuetan lau hitzei esanahi bat ateratzen, jaja!


Azkenaldian, eta disko berria aitzakiatzat hartuta, zuzenekoetan ere akustikoan jotzen duzue. Zer nolako harrera izan du orain arte?
“Akustikoak eta bestelako uneak” disko honek guztiz ase gaitu, baina diskoan soilik geratu edo zuzeneko gutxi batzuetara mugatu ordez, Uneren ibilbidean pausu berri bat eman nahi izan dugu, zuzenekotako geure txipa guztiz aldatu eta bertan zer aurkituko ez genekien arren, orain arte guretzat ezezaguna zen mundura salto egitea erabaki dugu, biluzik diskoa nonahi defendatuz. Ez ginen ohituak eta erronka handia izan da, baina pozik gaude, besteak beste, giro ezberdin bat ezagutzeko aukera izan baitugu. Beste saltsa bat. Beste mundu bat. Lehenagoko izerdiak alde batera utzi eta bestelako kontzertu bat emanez. Hasieran deskolokatuta geunden kontzertua nola heldu jakin gabe: presentzia ezberdin bat eszenatokian, dudak jendeak nola biziko zuen kontzertua… baina ikusi duguna zera da, nahiz eta lehen begiratuan taula gainetik presentzia hotzagoa iruditu, kontzertuan jendearekin kimika sortzen denean, rock kontzertutan baino giro beroago bizitzea posible dela konplizitateari dagokionean behintzat. Eta ahaztezinak izan daitezkeen momentuak ere bizi daitezkeela milaka pertsona egotearen beharrik eduki gabe. Momentu politak bizitzeko aukera izan dugu. Zuzenekoetan, laukote izatetik zazpikote izatera pasatu gara bira honetan, aurretik ginen lauroi, lehen komentatu dugun Ruben gitarran, Ander Unzaga teklatuan eta Charles Cooper saxoan gehitu zaizkigularik. Egia esan luxu bat da horrelako musikari puskekin inguratuta kantuan egitea.


Zu zeu ez beste taldekide guztiak bizkaitarrak dira. Zer moduz moldatzen zarete entseatzeko?
Entseguak Bilbon egiten ditugu eta premia dagoenean astean behin baino gehiagotan joaten naiz harantz. Hala ere, normalean urak bere onetan direnean, beraiek gehiagotan geratzen diren arren, astean behin bakarrik joaten saiatzen naiz Bilborantz, bidesaria eta gasolina geroz eta garestiago baitaude, jaja! Ez, ez da arrazoi bakarra ez, baina barre egiten dut negar ez egitearren, egia esan autopista honen prezioa salatu beharra baitago, ez baita batere normala, besteak beste lehenagoko errepidetik ohitzen hasi beharko dugu berriz ere!


Zuen azken bideoklip berria ere jadanik kalean da, ezta?
Musikatik kanpo ere saiatzen gara bestelako esperientziak bizitzen. Adibidez zuk diozun eta orain dela gutxi Iban del Camporekin egin dugun “Begiak itxita” bideoklipa. Han izan ginen Frantzian, Capbretoneko hondartzan tomak atera eta atera bere bunker eta guzti. Polita izan zen hura ere, hondartza bera ere horrelako da eta Uxue aktoresa ere Madriletik zuzenean etorri eta hondartzarekin bat egin zuen. Bideoklip honetan ere, inguruan izan ditugunak, produkzioa, kamara, post-produkzioa… eskarmentu handiko profesionalak izan dira eta gero emaitza ere horrelakoa izan da… de lujo! Badugu hauei ere zer eskertu. Iban del Camporen eskarmentuari buruz zer esango dugu ba guk, hor dira adibidez bere dokumentalak “Un tal Eusebi” eta “Dirty Martini”. Azken dokumental hau adibidez, oker ez banago, Kimuak 2009rako aukeratu zuten, nazioarteko ia 100 jaialditan ere aukeratua izan zen eta 8 sari irabazi zituen. Neuk ere Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera izan nuen.


Kontzertuak eskaintzeaz gain, etorkizunerako zein asmo dituzue?
Ez, ez dugu etorkizunera larregi begiratzen, orain lehen baino gutxiago gainera, gauzak une bakoitzean sentitzen ditugun bezala egiten ditugu, gauzak etortzen diren bezala hartzen ditugu eta musikarekin disfrutatzen jarraitzea da helburua. Musika ez da disko bat, diskoetxe bat eta dirua irabaztea soilik. Orain, momentuz buru-belarri gara bira akustiko honetan sortu dugun familia partikularra Euskal Herrian zehar mugituz. Ba horixe, une akustikoak eta bestelako uneak. Eguna, tokia eta ordua www.unekin.com geure webgunean edota Baga Bigarenean, ikusi arte ba! Mila esker!
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Mundumira jaialdia asteburu honetan Leintz-Gatzaga eta Eskoriatzan. Programa hemen!
  • Manu Chaok Galizian joko du maiatzaren 17an eta 19an Reperkusión jaialdian.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.
  • Governors + Willy Toledo: Bertigo bideoa

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!