Wild Honey.
Guillermo Farré madrildarraren proiektua da Wild Honey. Biniloan argitaratu zuen Epic handshakes and a bear hug Lovemonk diskoetxeak berrargitaratu du CD eta mp3 formatuan. 60ko hamarkadako pop koloretsua entzun daiteke bertan uda garaia eta surf abestiz betetako lan honetan. Nashvillen nahastu du diskoa Brad Jonesekin, besteak beste Sufjan Stevens bezalakoekin lan egindako ekoizlea.
Pop kantu lasai eta zuzenei esker disko atsegina osatu duzu.
Asko gustatzen zait itzulinguru gabeko pop musika zuzena. Lasaitasuna etxean grabatzearen ondorioa izan daiteke, bizilagunak ez molestatzeagatik gauza lasaiak egiten amaitzen duzu beti. Sortzen ari naizen kantu berriek erritmo gehiago duten osagaiak dituzte, zuzenean dibertigarriagoak dira.
Diskoa grabatzerako orduan instrumentu eta soinu ugari erabili badituzu ere, konponketak ez dira nekagarriak.
Konponketak egitea da disko bat grabatzerakoan gehien gustatzen zaidana. Egitura eta melodiei dagokionez muga garbiak ditu pop musikak, baina abesti bat konpondu eta beste doinu batzuetara eramateak ibilbide eta aldaera ezberdinak eman ahal die. Abestiak sortu eta desegitea asko gustatzen zait, beti ere melodia bat dagoen bitartean.
Brad Jonesek masterizatu du diskoa...
Plastic d’Amour eta Materekin hainbat disko argitaratu dituen Alberto Matesanzek eginak zituen Nashvillen hainbat nahasketa Brad Jonesekin. Berak kontatutako istorioek antzerako zerbait egiteko gogoa piztu zizkidaten. Harekin hitz egin nuen eta dolarraren prezioak aurrekontua gehiegi garestitzen ez zuenez abestiak hartu eta hara joateko aukera izan nuen. Hamar egun egon nintzen Nashvillen eta oso gustura egon nintzen. Jonesek ukitu profesionala eman zion diskoari eta nik abentura txiki edo oporrak bailiran hartu nuen bidaia.
Eskuz montatutako 180 gramoko binilio gorrian argitaratu zenuen diskoa lehendabizi. Orain CD eta MP3an argitaratu ditu Lovemonk diskoetxeak. Formatu hauek diskoari pertsonalitatea kendu diotela pentsa dezake batek.
Lpa da nire formatu kuttunena. Argi dago azal handi bat deigarriagoa dela eta Lpa garaiezina dela. Baina berrargitarapenak merezi izateko Pablo Serretk, diseinuaz arduratu zena, digipackaren baitan doazen ilustrazio berriak egin zituen. CD bat izateko oso txukun gelditu da dena.
60ko pop doinuak biltzen dituen lan honek egungo Josh Rouse, Ron Sexmith edo Sufjan Stevens bezalakoak ekar ditzake gogora.
Musika ezberdin asko entzuten dut nahiz eta Wild Honey bezala 60ko pop musika transmititzen dudan (Zombies, Gainsbourg, etab). Hala ere, egungo talde asko entzuten ditut. Asko gustatzen zait Sufjan Stevens, oso onak dira bere disko guztiak. Ron Sexmith eta Josh Rouse ere gustuko ditut, baina ez naiz horren zalea. Alderdi hori Brad Jonesek emandako ukituan nabari dela iruditzen zait, bi hauekin lan asko egin duelako berak.
Kings of tomorrow eta 1918 – 1920 dira diskoko abesti argitsuenak.
Perkusio askoko tempo erdiak dira eta distira ematen dien lelo markatuak dituzte. Diskotik gehien gustatzen zaizkidan abestiak dira.
To steal a piece of art abestiak ere melodia oso ona dauka, uda giroa daukan kantua da.
Surf musikaren fana naizenez asko gustatzen zaizkit uda edo hondartza gogora ekartzen dizkidaten konponketa eta melodiak. Abestien letrak kontrako norabidera eramatea ere asko gustatzen zait,
To Steal a Piece of Art bezalako abesti bizi eta animatu baten atzean istorio ilun bat abestea alegia, dena glukosa gaindosi bat izan ez dadin.