"Ni ez naiz Xabier Montoia", laugarren lanaren izenburua
Ekoizpen lan handiaren fruitua izan da Xabier Montoiaren laugarren diskoa, Ni ez naiz Xabier Montoia. Xabier Montoiak eta berarekin aritu diren musikari handiek ezin hobeto jantzi dituzte hamar kantu eder, trebeziaz eta irudimenez, grabazio itzela osatzeko. Xabier Montoiarekin berarekin mintzatu gara horren guztiaren inguruan.
Marrazkiz eta ukituz josiak daude kantuak. Xehetasun horiek guztiak oso garrantzitsuak dira kantuetan.
Bai, azkenik bihurtu dira oinarria edo sostengua. Nondik heldu gara hona? Aurreko diskotik heldu gara. Eta aurreko diskoaren kontzeptua zen pixka bat hutsuneak uztea. Ez bete dena. Nik uste dut disko hau haren nolabaiteko jarraipena dela. Nolabaitekoa. Han ziren zantzu batzuk hemen gauzatu egiten dira, disko honetan. Han antzematen ziren gauza batzuk.
Izan dugu astirik, urte batzuk, disko haren geroztik, kontzeptuak zorrozteko eta definitzeko, eta gero kontzeptu horiek gauzatzeko lokalean, konponketetan eta abar. Hori izan da lana. Kantu bakoitzari berea ateratzea, eta ez da erraza izan. Tipula baten moduan da: geriza bat kentzen diozu, beste bat agertzen da, eta beste bat. Lan hori izan da, kentzea. Jarritako gauza batzuk kentzea. Lehendabizi gehitu, eta gero hustu eta zehaztea. Horrek guztiak denbora eskatzen du.
‘Lagunak, adiskideak... eta beste hainbat etsai’ (Esan Ozenki, 1999) aurreko diskoarekin alderatuz, urrats bat aurrera egin duzu.
Bai, niretzako ere bai. Ni ez naiz aproposena hori esateko, baina niretzako argi eta garbi. Gure asmoa, behintzat, hori izan da, eta uste dut lortu dugula.
Maikelen eta Mikel Irazokiren lana, grabazioa eta ekoizpena egiten, aipagarria.
Bai, oso garrantzitsua. Maikelek asko ikasi du aurreko diskotik hona. Hiruzpalau urte pasatu dira, eta bitartean bera ibili da grabatzen jende askorekin. Asko ikasi du eta hori nabaritu egin da diskoa grabatzerakoan. Eta Mikel Irazokiz, zer esango dugu? Hamar urtetik gora daramatza estudio batetik bestera. Produktore ezagunekin, oso ibiliekin, aritu da, eta berak ere asko ikasi du. Biek egin dute bikote ederra produkzioari dagokionez, diskoa grabatzeko orduan. Urteak dira elkar ezagutzen dugula, eta oso erraza da lan egitea haiekin. Ez dugu asko hitz egin behar, ez diet ia ezer azaldu behar. Kontzeptua zein den eta abar esan, eta munstro batzuk direnez, berehala egiten dute.
Kantuetan giro bereziak daude, harrapatu egiten zaituztenak.
Produkzioa, hain zuzen. Aurrekoan produkzioa bazegoen, baina honetan gehiago, eta hori nabaritzen da. Horrek aberasten du kantua. Produkzioak izugarri laguntzen du giro horiek sortzeko garaian. Askotan gauza txikiak izaten dira. Oso delikatuak. Zerbait kentzen duzu, eta kantu osoak egiten du behera, edo alderantziz.
Jendaurreko saioak nolakoak izango dira?
Diskoa oinarritzat hartuko dugu, baina ez gara saiatuko diskoan dagoena jendaurrean egiten. Saiatuko gara zerbait desberdina egiten. Kontzeptuak argi daude, baina oraindik gauzatu behar ditugu, entseatuz. Uste dut urtarrilerako-edo egingo dugula bira bat diskoa aurkezteko. Tartean egingo dugu saioren bat, Bonberenean-eta, baina diskoa aurkezteko bira datorren urtean egingo dugu.
Berako koadrila aipatu behar: Petti, Onddo, Borrokan, Xabi Erkizia, Mikel eta Fernan Irazoki, Beñardo Goietxe eta gainerakoak. Giro ezin hobea. Kolaborazioak egiten dituzue zuen artean, lan egin elkarrekin.
Etxeko uzta. Ni oso pozik nago Beran horregatik. Sekulako giroa dago, eta jende guztia beti dago prest bestea laguntzeko. Nik norbaiti eskatu ezkero, lagunduko ninduke, edo alderantziz. Giro izugarria dago, elkartasun izugarria. Eta ez bakarrik diskoetarako, tresnak uzteko... Belaunaldi ezberdinak dira, batzuk berrogeitik gorakoak dira, beste batzuk hamalau urtekoak, eta harremana dago guztien artean. Izugarria da herri horretan dagoen eskuzabaltasuna. Halaber, musika instrumentuen edo jardueraren inguruko kontuez gain, Ertz-eko web orria egiten dute, besteak beste.
Oso lan onak egiten dira Beran.
Horrek dauka zerikusirik Berako kulturarekin. Beran egiten da mota guztietako musika, baina edozein musika mota beti egiten da muturrera eramanda. Hori da ezaugarri bat. Denetarik dago, talde berriak sortzen ari dira, gazteak, baina beti muturrera eramaten dute beren musika. Hor Beñardok badauka zerikusi handia. Kristoren gustua eduki du beti musikarako. Gauza bitxiak erosten ditu. Berak zabaldu du kultura hori. Ez bakarrik berak, Fernanek eta Mikelek ere bai. M-ak egoteak ere badauka zerikusirik. Kultura hori egon da azken urteetan, eta jendea hazi egin da beste giro batekin. Beran, gainerako tokietan entzuten diren betiko gauzak entzuten dira, baina ez bakarrik. Musika ona entzuten da. Musika etxe bat ere badago. Lokalak entseatzeko. Horretarako, oso garrantzitsua izan da alkatea. Udalak erraztasunak ematen ditu gauzak antolatzeko. Lagundu, dirua eman, lokalak utzi...
Lana zure kabuz egin duzu, zure lagun musikariekin. Gero eta gehiago nagusitzen ari den joera da: taldeak egiten du lana (grabazioa, azala eta liburuxka) eta diskoetxeak kopiak egin, promozioa eta banaketa. Gero eta errazagoa da CD bat kaleratzea, baina aldi berean, zailagoa?
Hasi nintzenetik orain arte, grabazio-baldintzak gero eta txarragoak izan dira. Aurrekontu aldetik, gero eta gutxiago izan dut. Hasi nintzenean, estudioan hilabete-edo grabatzeko, lasai, eta bukatu dut Maikelen eta Josebaren etxean, eta korrika batean. Eskerrak teknologia aurreratu den izugarri, eta libratu garela estudioen zamaz eta abar. Horregatik egin daitezke diskoak, bestela...
Erraztasun handia daukazu kantuak egiteko. Ideia ugari. Horren lekuko Oztopo guztien gainetik Bonberenea eta beste hainbat bildumarako grabatu dituzun kantuak.
Niretzat, bildumak gauza bitxiak egiteko eta gauzak probatzeko dira. Bonbereneako bildumaren kantua dub digitala da. Hori da nik askotan entzuten dudana. Bildumek ematen didate aukera egiteko beste gauza batzuk. Ikertzeko, saltseatzeko. Beste zerbaiten lehen urratsa izan daitekeena bilatzeko.
2002-03, ABENDUA-URTARRILA