entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2017-04-19

Zea Mays

BI HAMARKADA SOINEAN

Lotura erlazionatuak
Harro (Garden Records, 2016) dator Zea Mays taldea, eta arrazoiak soberan dituzte: ia 20 urteko ibilbide oparoa eta zortzigarren diskoa besazpian. 15 abesti berrirekin beste pauso bat eman dute aurrera, ohikoa duten bezala. Eklektikoa, sakona eta freskoa da Harro, gustuko dutena egiten jarraitzen dute azken batean. Aldiz, autoekoizpenari aspaldi lotu baziren ere, oraingoan haratago eraman dute apustua, eta berezko zigilua sortu dute diskoa plazaratzeko; euskaraz zein ingelesez zentzua duen Garden Records. Aiora Renteriak erantzun dir gure galderei.


Zerekin edo norekin dago harro Zea Mays?
Gure inguruan dabiltzan pertsonekin; kristorena da, pribilegiatu hutsak gara, gure ondoan egon eta gugatik egiten duten lanarengatik. 20 urte hauetan lortu dugunarekin ere harro gaude. Jose Lastra gabe, adibidez, ez ginateke egongo gauden lekuan. Disko honetan parte hartu duten lagunekin ere harro sentitzen gara, lokalera etorri eta ezer eskatu gabe dena eman dutelako, bai Txufo Wilsonek (Empty Files) eta baita Raul Lomasek ere (Doctor Deseo). Argi teknikaria izateaz aparte bideoklipez arduratzen den Gaizka Izagirre, Promomusikako Andoni Gu zoratuta ibili gara autoekoizpenarekin, baina eurak ere zeharo inplikatu dira.

2017an 20 urte beteko dituzue. Hori bera ere harro egoteko modukoa da, ala?
20 urte daramatzagu elkarrekin bai, taldea sortu genuen lau lagunok jarraitzen dugu oraindik ere, zortzi disko egin ditugu eta kontzertu pila bat eman ditugu. Harro egoteko modukoa da. Urteurrena dela eta, zenbait sorpresa aurreikusi ditugu datorren urterako, beraz erne ibili!

20 urte daramatzagu elkarrekin, taldea sortu genuen berberak gara, zortzi disko kaleratu eta kontzertu pila eman ditugu; harro egoteko modukoa da


1997an Bilboko Errekalde auzoan sortu zinetenetik gauzak asko aldatu dira, ezta?
Oinarrian berberak gara, baina 20 urte zaharragoak gara eta esperientzia desberdinak bizi izan ditugu. Horrek dena aldatzen du, bai maila pertsonalean eta baita musikalean ere, eta taldearen eboluzioan nabaria da hori. Orain, adibidez, askoz ere errezago sortzen ditugu abestiak. Lehen buelta pila bat ematen genizkien eta lanak luze jotzen zuen. Orain hobe, erosoago gabiltza.

Musikaren inguruko industriak ere hainbat aldaketa sakon bizi izan ditu urteotan, baina garai berrietara egokitzen jakin duzue.
Denetariko frogak egin ditugu, beti ere nahi izan dugun horri uko egin gabe. Aspaldi erabaki genuen taldeak irabazitakoa taldean inbertitzea, eta horrek aukera eman digu diskoetan nahi izan dugun hori islatzeko. Formatu fisikoaren aldeko apustua egin dugu beti, nahiz eta egun mundu digitala nagusitu den. Muturrera joateko ohitura izan dugu gure musikak ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan. Aldaketa teknologikoak gure alde jartzen saiatu gara, nola formatuetan hala banaketa moldeetan. Oraingo honetan, apustu indartsua egin dugu euskarri fisikoa nahiz digitala leku guztietan egon daitezen: bandcamp-en, Spotify-en, iTunes-en eta estatu osoan disko fisikoari dagokionez. Bestetik, Durangoko Azokan ere egongo gara, gure diskoak argitaratzeko sortu dugun Garden Records zigiluak standa izango baitu.

20 urteren ostean, berezko zigilua. Autoekoizpena da oraindik ere zuen aukera bakarra?
Aspalditik genuen ideia buruan bueltaka, baina beti daude mila gauza egiteko eta ez zara denetara heltzen. Askoz errezagoa litzateke diskoa beste norbaiten eskutik ateratzea! Baina gero, egindako lanari begiratu eta harro sentitzen zara, nahiz eta gehiegizkoa izan den egia esan. Azken unean atera dugu tarte bat erregistratzeko, logoa egiteko eta abar; taldeak aspaldi funtzionatzen du enpresa bezala eta, beraz, pauso naturala izan da. Autoekoizpenaren aldeko hautuari dagokionez, guk aspaldi hasi genuen bidea, baina oraindik ere konturatzen gara autoekoizpenak ez duela ospe onik; Autoekoitzia bada, diskoa ez da hainbesterainokoa izango, pentsatzen dute askok. Horregatik, soilik gure diskoak argitaratzeko izango bada ere, Garden Records sortu dugu.



15 abesti biltzen ditu Harrok, lan luzea da, egun talde askok aukeratzen dituzten EP eta mini-LP formatu berrietatik aldentzen dena

Uztailean Tio Pete estudiora heldu ginen 15 abesti borobilekin, baina Dave M. Allen ekoizleak abesti berri bat eskatu zigun, sehaska-kanta bat nahi zuen, disko berrirako egokia ikusten zuelako; diskoa osorik entzun ta lo-kanta bat falta zela sumatzen zuela. Beraz, 16.a sortu genuen, nahiz eta azkenean 15era itzuli garen, Davek eskatutakoa barne.

Sorkuntza lan itzela izan da hainbeste abesti atontzea. Zu zeu arduratu zara hitzak idazteaz, eta badakit batzutan kosta egiten zaizula.

Lan itzela izan da! Kontua da nik ez dudala nire burua idazletzat hartzen. Idazleek eta poetek badute idazteko diziplina bat, nik diskorik ez badago ez dut ezer idazten. Tarteka bururatzen zaizkidan esaldi eta ideiak sakelako telefonoan idazten ditut, eta gero guztiak biltzen ditut. Baina disko bat ateratzeko erabakia hartu arte ez naiz horretan hasten. Jakina, bizpahiru urtean behin idazle izatea ez da samurra, baina frustrazioak gainditu behar dituzu normalean denbora epe laburrak maneiatzen ditugulako. Doctor Deseoko Francisek esaten duen moduan, pistola buruan duzula dena irtetzen da.

15 kantak oso ezberdinak dira euren artean. Estilo aniztasuna ohikoa da zuengan.
Bai, zentzu horretan aurreko diskoaren bidea jarraitu dugu, baina pauso bat harago joanda



Zuk zeuk maiz kolaboratzen duzu beste talde batzurekin, eta Harro honetara lagun ugari ekarri dituzue.
 
Doctor Deseoko Raul Lomas aritu da gurekin. Raulena istorio barregarria da: behin afaltzera joan ginen elkarrekin, Doctor Deseoren kontzertu baten ostean, eta Raulek bota zigun: Zuen diskoan zerbait sartu beharko dut?!, eta guk baietz esan. Enbata abestian teklak sartzeko deitu genion eta, azkenean, beste hainbat kantatan ere, ia guztietan!, sartu ditu pianoa eta sinteak. Esplotatu egin dugu! Egun bakar batean etortzekoa zen, baina azkenean hurrengoan ere etorri zen. Bera gabe ezin da ulertu disko hau. Bestalde, azken aldian obsesionatuta naukan Love Of Lesbian taldeko Santi Balmesek ere egin digu ekarpena. Guk bidalitako maketak oinarri hartuta, Bartzelonako estudio batean grabatu zuen bere aldetik. Eta, pasada bat da nola aritzen den euskaraz! Hemengoa izan gabe eta hizkuntza bera entzun gabe itzela! Aipatu behar dut, baita ere, David Gonzalezek (Cobra, Berri Txarrak) egin duela azalaren diseinua; laugarren diskoaz geroztik berarekin egin ditugu-eta azal guztiak. Harrotasunaren irudia oso bisuala da. Oso harro gaude azalarekin ere!

Da (Autoekoizpena, 2013) diskoarekin alderatuta, oraingoan programazioak eta sintetizadoreak sartu izana da ezberdintasun nabarmenetako bat. Horrek melodietan lagundu dizu ala protagonismoa kendu dio ahotsari?

Izugarri lagundu dit, melodiak zabaldu dizkit. Egiten ez nituen gauzak egin ditut. Adibidez, normalean jarraian kantatzen dut, baina oraingo honetan espazioa utzi diet beste soinuei. Gozada bat da, ahotsaren eta soinuen artean elkarrizketa sortzen delako. Lehen asmoa zen ahotsari ahalik eta espazio gehiena ematea, libreago. Oraingoan hainbat elementu berri sartu ditugu eta espazio dena bete-beteta dago. Da (Autoekoizpena, 2016) diskoaren bira bukatuta, ikusi genuen erabilitako formula baliagarria zela eta hurrengo diskorako berreskuratzea komeni zela; hau da, Dave Allen ekoizle britainiarrarekin kontatzea eta, beti bezala, Jose Lastraren Tio Pete estudioan grabatzea. 
Alleni maketa bidali genion, gustatu zitzaion eta Londresetik etorri zen gurekin entseatzera, berari horrela egitea gustatzen zaio-eta. Pare bat zuzenketa edo aldaketa egin zituen, klaketaren bat jaitsi eta abar eta horrela sartu ginen estudiora uztaiala amaieran. Alleni grabazioa bidali eta Londresko Studio 7-era joan ginen berarekin nahasketak egitera.

Bizpahiru urtean behin idazle izatea ez da samurra, baina frustrazioak gainditu behar dituzu normalean denbora epe laburrak maneiatzen ditugulako


Zer moduz Londresen?
Primeran! Goizak libre genituen eta bueltak batzuk eman genituen handik. Notting Hilleko inauteriak ziren eta ondo pasatu genuen. Arratsaldetan elkartzen ginen Davekin Studio 7-eko gelan eta han ibili ginen nahasketak egiten. Gauza asko izan behar dira kontuan eta beti ahazten zaizu zer edo zer. Oraingoa beregana jotzen dugun bigarren aldia izan denez, konfiantza handiagoa da, komunikazioa errezagoa ondo. Esperientzia ona izan da, horregatik errepikatu dugu.

Alleni esker Londresen ere jo izan duzue inoiz. Zer nolako esperientzia da Euskal Herritik kanpo aritzea?
Esperientzia oso ona da, jendeak ez zaitu ezagutzen, zure hizkuntza ere ez du ulertzen, eta jakinmina sortzen duzu. Guretzat ere interesgarria da, esperientzia desberdina, nolabait 0tik hasi behar duzulako publiko horren aurrean. Disko batzuk mugitzeko aukera dago eta, noski, beti hurbiltzen da herriminak jotako euskaldunen bat!
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • JALGI euskal kulturaren plaza ibiltaria egitasmoa: www.jalgika.eus
  • Red Hot Chili Peppers-ek Madril eta Bartzelonan joko du, irailaren 27 eta urriaren 1ean, hurrenez hurren.
  • DOCTOR DESEOk Madrilgo Caracol aretoan joko du maiatzaren 27an. www.baga-biga.eus
  • Suede, aurtengo BIMEko lehen kartelburua. The Divine Comedy, Horrors, Lambchop, Nacho Vegas... ariko dira ere.
  • Irueko Exnovios taldeak bere estreinako diskoa argitaratu berri du.

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!