harpide
sarrera + berriak + diskoak + elkarrizketak + dossierrak + foroa
maketak.com + erreportajeak + iritzia + backstage
atzera begira kronika zuzenak + aholkua + harpideak
emaila eman eta gure buletina jaso
argazkiak - ikus-entzutekoak - irakurgai - ikusgai - entzungai
komikia harremanak estekak lantaldea non aurkitu?
euskal musikan zein da zein taldeak diskoetxeak management jaialdiak komunikabideak
berriaketa...
 

 


KRILIN denbora galdu gabe

When the time comes there will be no time. Goiz da berandu dela esateko. Krilin gipuzkoarrek denbora ederki probestu dute estreinako lana osatu eta aurkezteko. Presarik gabe, urrats sendoak eman dituzte. Musikari dagokionez, iraganeko proposamena baztertu eta euren nortasuna finkatzen hasi dira. Eraldaketak harrera beroa izan du, eta Interneten sobera zabaldu dira beraien abestiak. Etorkizuna alde dute.

Endika (gitarra), Sainz (gitarra), Parra (bateria) eta Urko (baxua eta ahotsa).



Kostata bada ere pasa den urtean, azkenik, estreinako lana era fisikoan aurkezteko aukera izan zenuten.
Bai noski. Grabazioa 2008ko abenduan hasi eta 2009ko urtarrilean bukatu genuen. Hasiera batean, gure asmoa martxorako edo apirilerako edukitzea zen. Tamalez, gauza hauek gehiegi atzeratzen dira hasiberriak garen taldeontzat. Bai diru faltarengatik, bai esperientzia gutxi edukitzeagatik... Gutxienez, masterra bukatutako urte berean kaleratu nahi genuen diskoa fisikoki, gure ilusioa ere ez makaltzeko. Zorionez, azken hilabeteetan, denon laguntzarekin eta Davis-i esker batez ere, aurrera atera dugu eta urtea oso pozik bukatu genuen.


Denbora hartu zenuten diskoa prestatzeko. Nola laburbildu egindako lana?
Duela pare bat urte, bi EP eta kontzertu mordoa eman eta gero, disko luze bat ateratzeko garaia iritsi zela iruditu zitzaigun. Aurrerantz pauso bat eman behar genuen. Gure lehenengo disko luzeak soinu ona edukitzea ere garrantzitsua iruditu zitzaigun eta horregatik deitu genion Santi Garciari. Urte oso bat itxaron izan behar genuen estudioa libre egon arte lanez gainezka baitabil urte osoan. Urte horren erdirako abesti guztiak konposatuta geneuzkan. Hurrengo hilabeteak abestiak guk geuk grabatzeko aprobetxatu genituen, gero estudiora sartzeko orduan gauzak argi edukitzeko eta denbora pixka bat soberan eduki genuenez, abestientzat efektuak eta kolaborazioak pentsatzeko aukera eduki genuen. Luzea izan da baina behintzat emaitzaz arro gaude.


Zergatik erabaki zenuten Kataluniara joatea grabatzera, zerk bultzatuta joan zineten?
Gezurra badirudi ere, ez ginen hango neska politengatik ezta ‘pantumaca’-rengatik joan. Bagenekien gure abestiak guk nahi bezala geratzeko, Santi Garciaren eskuetatik pasa behar zutela. Eta erabaki ona izan da, dudarik gabe.


Hain justu, Wheel Sound Studios eta Ultramarinos estudioetan biribildu duzue diskoa. Zer moduz Txosse eta aipaturiko Santi Garciarekin?
Cerdanyola-n oso gustura egon ginen Txosserekin. Une ederrak pasa genituen eta profesional ezin hobea da lanerako orduan. Bateriari, gitarrei eta musika tresna guztiei soinurik onena ateratzeko behar adina denbora egoten zen denak ados egon arte. Why Hesitate abestian abestea ere eskaini genion eta oso pozik onartu zuen eskaintza. Behar bada Tolosako teilak eta zigarroak ere bere eragina izan zuten… kar kar. Santirekin ordea dena posta elektroniko bidez egin behar izan genuen. Diru pixka bat aurreztearren eta bera ere nahiko lanpetuta zebilenez abesti guztiak entzun, aldaketak erabaki eta berari bidaltzen genizkion denak gure gustura egon arte. Hala ere, berarekin ere harreman ona eduki genuen eta lan bikaina egin zuen.


Emaitza soinuari dagokionez aparta da, eta askok nabarmendu dute.
Guk espero genuena baino hobea izan da emaitza. Orain arteko grabazioek ez zuten soinu txarra, baina gure iritziz, disko hau, soinuari dagokionez, beste maila batean dago. Txosserekin grabatu ondoren, soinua ezin hobea iruditu zitzaigun, baina Santiren lana ere izugarria izan da. Benetan txunditurik utzi gintuen. Egia da soinuaren gaia ere nahiko subjektiboa dela, baina gure ikuspuntutik behintzat, itzela da.


Txosse eta Santi ezagunak dira dagoeneko Euskal Herriko, Espainiako zein Kataluniako musika eszena alternatiboan. Bereziki eurek landutako zein disko dituzue gustuko?
Santik grabatutako edo nahastutako diskoak ehunka zenbatu daitezke. Grabatzera joan aurretik, guk gehien ezagutzen genituenak adibidez Nunnery, Nothink, Delorean, The Unfinished Sympathy edo Standstill taldeenak ziren. Gero gainera, joan baino pixka bat lehenago, Kauta taldekoek gauza berbera egiten ari zirela entzun genuen. Adrirekin hitz egin genuen eta oso pozik egon zirela esan zigun, eta hori andoaindar batetik etorrita...


When the time comes there will be no time. Denbora, orain ere aurrera doana, duzue hizpide aurreneko disko honetan. Zuek izenburua nola interpretatzen duzue?
Izenburu hori jartzea Urko abeslariari bururatu zitzaion. Irakurtzen ari zen liburu batean agertzen omen zen esaldia eta asko gustatu zitzaionez, izenburu bezala erabiltzea erabaki genuen. Esanahia edo interpretatzeko modu bat gauzak gerorako ez uztea izan daiteke. Jende askok bizitzak eskaintzen dizkion aukerak nola joaten diren begiratzen ditu ezer egin gabe. Jarrera hori onartezina da. Gu geu gara gure bizitzako protagonistak eta nahi duzun zerbait egiteko aukera azaltzen bazaizu, eutsi gogor, bestela ondoren damutu egiten zara eta.


Hamar kantu kolore ezberdinetakoak. Hardcorea da akaso oinarria, rockarekin oso lotuta. Metal kutsurik ere bada, eta ahotsen pop izaera. Dena dela ahots urratuak ere badira. Egia esan, diskoa nahiko irekia eta anitza da. Osagaiak ondo deskribatu ditugu, edo zuen musika entsaladan etiketa gehiago daude?
Deskribapena egokia da. Badago amorrua, poza, tristura... Gure ustez abestiak hain desberdinak izateak dibertigarriagoa egiten du. Jendea disko erdira iristerako ez aspertzeko aproposa ere izan daiteke. Entsalada-rock... kontuan hartuko dugu hurrengo elkarrizketetarako.


Hamar abestiez gain, beste bi “bonus” badira. Non eskura daitezke?
Bi abesti horiek azken momentuan kendu genituen diskoa pixka bat arintzeko. Ez ziren beste abestiekin ondo geratzen eta diskoa gehiegi luzatzen zuten. Orain diskoa internet bidez erosten duten guztiei bidaltzen dizkiegu eskuz egindako kartoizko diseinu batean. Eta gure mailing-era sartzen direnei ere posta elektroniko bidez bidaltzen dizkiegu.


Kolaboraziorik ere bada diskoan, eta aipatzekoak gainera.
Lana biribiltzeko ezin hobea da zure lagunak diskoan parte hartzea. Trigger Travis-eko Margak jarri digu ahotsa Coffee & Ants abestian, berarentzat egokia zela agerikoa da. Cohen taldeko Beñatek Some Like It Hot kantuan entzuten den pianoa konposatu zuen.


Lana osorik Interneten eskegi eta aste gutxira, harrera ikaragarria izan zuen, eta egun oraindik orain izaten ari da. Nola uler daiteke?
Egia esan, ez dakigu. Last.fm-n bidez, bertako erabiltzaileak zure abestiak noiz entzuten dituzten ikus dezakezu eta myspace-ra igo eta segituan jende pilo bat hasi zen diskoa entzuten. Horietako bat Zona-Zero webzinean dabilen mutil bat zen. Eta konturatu baino lehen, web gunean guri buruzko kritika idatzita zeukala ikusi genuen. Gune hori aparta da gure motako talde bat ezagutarazteko eta hortik aurrera jende askok ezagutu gaitu. Baina, nola espero genezakeen horrelako zerbait?


Maltzurren batek esan zigun Rock Zone aldizkariaren proto-musika egiten duzuela. Horrela al da?
Gaur egun dauden aldizkarietatik RockZone eta Naturaleza Silvestre hartzen ditugu erreferentzia bezala. Baina kasu honetan RockZone-k eskaintzen du musika aukera hobea, beraz gure musika aldizkari horretan ateratzen denaren parekoa bada, ezin hobeto. Baina esan nahi duzuna norbaitek guk konposatzeko orduan aldizkari horretan modan zer dagoen edo zer ez dagoen kontuan hartzen dugula pentsatzen duela, ba guri bost. Talde guztiak ditugu gure erreferentziak. Seguruenik hori esan duenak ez gaitu oso ondo ezagutzen, bestela horrela pentsatzeak ez luke zentzu handirik izango.


Izen bera mantendu arren, taldea asko aldatu da azken urteetan. Noiz eta nola hasi zen eboluzioa?
Hasiera batean, guk ere Krilin hardcore melodiko talde bat bakarrik izan zitekeela pentsatzen genuen. Ez zitzaigun aproposa iruditzen estiloa asko aldatzea. Baina pixkana bateria azkar horiek alde batera uzten hasi ginen eta azkenean pentsatu genuen hobe izango zela nahi genuena egitea nahi genuen momentuan. Eta horrela atera zaizkigu abesti hain desberdinak.


Asmo bereziren bat duzue?
Ba ahalik eta gehien jotzeaz gain, ez. Gure helbururik handiena taldearekin mundu osoan zehar jotzea da. Gure egoeran diru mordoa behar da horrelako zerbait egiteko, baina munduan gehien gustatzen zaizuna lortzea neketsua bada ere, ahalegindu beharra dago. Bestela badakizue... When The Time Comes...
Inaxio Esnaola


Documento sin título

JOSEBA IRAZOKI / ON BENITO folk eta blues estiloak gaurkotzen

Joseba Irazoki Berako gitarra jotzaileak Euria ari du lan berria plazaratu du Moonpalace zigiluaren eskutik. Bertan, orain arte idatzi dituen kantu onenak bildu ditu, folk eta post-rock kutsuz bustiriko lan iradokitzailea gauzatuz. Era berean, On Benitok, –Mikel Lertxundi bateria jotzailearekin eta Ibai Gogortza gitarra jotzailearekin osaturiko blues egitasmoa–, bere bigarren lana argitaratu du. Oraingoan hirukote gisa eta aurreko laneko blues elektrikotik nabarmen aldenduz proposamen esperimentalago eta garaikideagoa bat gauzatzeko. Irazokirekin eta Lertxundirekin solastu gara bi lan interesgarri hauen nondik norakoen berri izateko.

LAIA sentipenen orratza

Normalean zaila dena erraz egitea lortu du Laia taldeak. Lehen diskoa kaleratu berritan BBK Live jaialdian izan ziren. Jauzi horri esker Bizkaia eta Araba bitarteko laukoak kontzertu ugari eskaini eta euren doinuak hedatzeko aukera ondo probestu zuen. Gaur egun, pasa den urtean plazaratu zuten II (Baga Biga) bigarren lana taula gainean defendatzen ari dira. Ez dute “aurreiritzirik” eta doinu zein sentimendu kolpez aurrera egin dute. Hona hemen, Juanmi taldeko gidariarekin izandako solasaldia.

BUNPADA SOUND, bizitza anitzak

Frantsesa, gaztelera, portugaldarra, arabiera, euskara... Euskal Herria anitzak daude Bunpada Sound proiektuaren ustez, horregatik, hip hop talde honek, hitza eta musika bitarteko, proiektu irekia du helburu. Ballenatoa, reggaea, rai musika, flamenkoa edota euskal musika tradizionaleko tresnak, dj-aren programazioekin eta hip hop erritmo errepikagarriekin nahasten dira. Proiektu honen irekitasunaren beste isla bat bertan parte hartu duten musikariak dira, 20tik gora kolaboratzaile zenbatzen dira “Hitzak Anitzak” (Babel Msk, Balea, Radiation, 2009) izeneko disko honetan –tartean, Fran Lasuenen biolina edota Rufoh Beatbox–. Endika Lahainerekin (ahotsa eta hitzen sortzailea) hitz egin dugu, proiektu bizi honen inguruan.

DOCTOR DESEO, izan ginenaren isla

Probokatzailea, zirikatzailea, zuzenetako benetako gurua, giro barrokoen maitale, bilbotar petoa... Gauza asko esan daitezke Francis Diezi buruz, eta segur aski denak ez dira egia izango, baina egia dena zera da, 20tik gora urte daramatzala eszenatokietan bere ikusleriaren gozamenerako, eta esperientziak beti ematen duela gradu bat. Doctor Deseok bere hamabigarren diskoa atera berri du, Deseo: Cartografia Imposible (Baga Biga, 2010) eta, dagoeneko zuzenekoetan murgilduta dabil, leku askotan sarrerak agortu dituztela. Arrakastaren giltzarriari ondo helduta, talde bilbotarrak desira du abiapuntu eta helmuga. Nor erresisti daiteke?

DESORDUTAN, esker onekoak

Euskarazko pop rockaren belaunaldi berria elikatzen duten taldeak geroz eta gehiago dira. Irrati formuletan puztu dituzten taldeez gain, badira beste zenbait pixkanaka aurrera egin dutenak. Tolosako Desordutan taldeak bost urteko ibilbidean bi disko plazaratu ditu. “Eromena Zor Dizut…” (Bonberenea Ekintzak) bigarrena pasa den urtean aurkeztu zuten. Lan zaindua, rock zalea eta estetika ederrekoa. Horia, baina zinez esker onekoa. Izan ere, orain arte alboan izan dituzten horien omenezko diskoa da eta. Gipuzkoarrekin mozorrorik gabeko solasaldia izan dugu.

THE RIFF TRUCKERS, errepidea sutan

Askotan entzun dugu rock’n’rollari nortasuna falta zaiola. Taldeek ez dakitela diskoan erakusten duten indarra taula gainean erakusten. Riff Truckers gernikarrek bi gauza horiek lortu dituzte, nortasun handiko zuzenekoak eskainiz.
 
     
footer