harpide
sarrera + berriak + diskoak + elkarrizketak + dossierrak + foroa
maketak.com + erreportajeak + iritzia + backstage
atzera begira kronika zuzenak + aholkua + harpideak
emaila eman eta gure buletina jaso
argazkiak - ikus-entzutekoak - irakurgai - ikusgai - entzungai
komikia harremanak estekak lantaldea non aurkitu?
euskal musikan zein da zein taldeak diskoetxeak management jaialdiak komunikabideak
berriaketa...
 

 


DESORDUTAN, esker onekoak

Euskarazko pop rockaren belaunaldi berria elikatzen duten taldeak geroz eta gehiago dira. Irrati formuletan puztu dituzten taldeez gain, badira beste zenbait pixkanaka aurrera egin dutenak. Tolosako Desordutan taldeak bost urteko ibilbidean bi disko plazaratu ditu. “Eromena Zor Dizut…” (Bonberenea Ekintzak) bigarrena pasa den urtean aurkeztu zuten. Lan zaindua, rock zalea eta estetika ederrekoa. Horia, baina zinez esker onekoa. Izan ere, orain arte alboan izan dituzten horien omenezko diskoa da eta. Gipuzkoarrekin mozorrorik gabeko solasaldia izan dugu.

Desordutan.

Bi urtetan bi disko atera dituzue. Horrela mantentzen da talde baten ibilbidea, erritmo egokiarekin?
Duela hiru urte “Desordutan” lehen lana kaleratu genuen, “ordularien diskoa”. Urte hartan gure bidea bilatzen ari ginela genion, taldearen izaera, nortasuna… 2009an kaleratu genuen “Eromena Zor Dizut…” diskoan, berriz, dagoeneko bidezidor zehatz bat zapalduz aurrerantz goazelakoan gaude. Heldutasun puntu hori, erritmoari zor diogu, baina ez estudioko grabaketei bakarrik. Izan ere, urte hauetan kontzertu ugari emateko aukera izan dugu, proiektu ezberdinetan parte hartzeko parada.

“Eromena zor dizut…”. Zeini zor diozue?
Bakoitzak bere eromenari buruz gogoeta egin beharko luke. Gure kasuan, eromena barruan dugun ezinegonarekin erlazionatu dugu, musika egiteko elkartzen gaituen hori, sormenerantz abiatzen gaituen hori. Eta eromenaren errudunak berriz asko dira: maite ditugunetatik hasita, gustuko ditugun musikari, idazle edo artistetaraino.

Adierazi beharra sentitzen duzuelako ari zarete musikan, hala irakur daiteke zuen biografian. Egun asmo bera mantentzen duzue?
Bai. Astero elkartu, kontzertuak eskaini, kantu berriak egin, disko bat prestatu… Gustura egiten badugu ere, lan izugarria exijitzen duen zirkuluan murgildurik gabiltza. Ilusioak eta adierazi beharrak bultzatzen gaitu horretara gaur egun ere.

Diskoko abestiak zainduak dira, baita grabazioa bera ere.
Presiorik gabe prestatu dugu diskoa, bai lokalean geundenean baita estudioan ginenean ere. Grabaketa lanak Bonberenean, Tolosan, etxean egin genituen. Skritx aritu zen teknikari lanetan, eta giro aparta izan zen, aspaldiko laguna baitugu Skritx. Bonbereneako jendea izugarri portatu zen, edozertarako prest agertu ziren. Nahasketa lanak Bonberenean hasi baziren ere, Berako MIK estudioetan amaitu genituen Maikel eta Mikelekin.

Zuen izena denborarekin dago lotuta orokorrean. Aurreneko lanean erlojuak ziren protagonista, orain literatura. Zer dela eta?
Denboraren lotura hori zela eta, aurreko diskoan munduko ordulari guzti-guztiak sartzea erabaki genuen, ordularietaz betirako ahazteko intentzioa izango bagenu bezala. Oraingoan berriz, liburuak ageri dira barneko libretoan bai. Kaosa, eromena dakarkigute gogora… Eta bide batez, musikatu ditugun poemei eta hauen egileei keinu bat ere badela esan dezakegu.

Diskoaren diseinua deigarria da. Asko landu duzue, eta bereziki bigarren honetan. Azalak badu bere istorioa, ezta?
Blomst argazkilariak eta lagunak Parisen ateratako argazki batekin hasi zen dena, azalean agertzen dena. Kaleko graffiti bat da, ihesi dabilen emakume bat, beltzez jantzita eta mozorro batekin. Gustuko genuen irudia, nolabait artista anonimoaren aldarrikapena baitzen. Gainontzeko argazkiak ere Parisen ateratakoak dira, Blomsten bildumakoak.

Pop rock musikan tarteka haize musika tresnak entzun ohi dira, eta zuen kasuan ere hala da. Aberastu egiten dute zuen proposamena?
Beti izan du Desordutan taldeak joera hori, hasiera hasieratik. Zuzeneko ugari eman ditugu zazpi lagun taulara igotzen. Disko berrian dena den, laukote formatua aldarrikatu nahi izan dugu, gure alderdi rock zaleena agian. Baina tira, kantu bietan tarte bat egin diegu haizezko instrumentuei, entzulearentzat “plus” bat bezala.

Ildo beretik, badirudi azken boladan euskarazko pop rockak bultzada izan duela. Neurri batean belarriak apaldu direlako, eta irrati jakinetan musika leunagoa onartzen dutelako. Kerobia, Bide Ertzean, Lauroba, Ken Zazpi, Malenkonia…
Irrati jakinetan sartzearena ez dugu uste musika leunaren kontua denik. Badira gure ilusio eta adierazi beharretik at diren beste faktore batzuk… baina tira, irrati guztietako ateak irekiko balizkigute askoz hobe! Belarriak apaldu direnari buruz, baietz esango nuke neurri batean. 80. hamarkadan pop-rock egin nahi zutenek ez zuten lan samurra, punk rockaren indarra zela eta. Orain berriz, gure aurretik egon diren taldeen lanari esker, egiten dugun proposamena hobeto onartzen du entzuleak.

Tolosa, Bide Ertzean, Desordutan… Konexioa ezin da ukatu.
Lagunak ditugu bai Bide Ertzean eta bai Deabruak Teilatuetan taldekoak. Tolosatik irten diren talde gehiago bezala erreferentzia dira bi taldeak guretzat. Gainera pop-rockerako joera nabaria da Bide Ertzean taldean ere, poesiarako joera. Dena den, Tolosa aipatuz gero, makina bat talde aipatu genitzake, atzo eta gaurkoak: The Window Ventanas, Humus, Uncle Mussels, Lobo Eléctrico edo Jok.

Kontzertuen bidez ari zarete pixkanaka diskoa aurkezten. Zer moduz orain arte?
Oso gustura aritu gara zuzenekoetan. Diskoarekin batera, kontzertuak prestatzen ere jardun dugu. Garrantzitsua da jendearekiko konexio hori lortzea guretzat, eta horretan taldeak badu zeresana, zer transmititzeko. Orain artekoetan jendeak sumatu du taldearen heldutasun puntu hori, konexio puntu hori.
Inaxio Esnaola


Documento sin título

JOSEBA IRAZOKI / ON BENITO folk eta blues estiloak gaurkotzen

Joseba Irazoki Berako gitarra jotzaileak Euria ari du lan berria plazaratu du Moonpalace zigiluaren eskutik. Bertan, orain arte idatzi dituen kantu onenak bildu ditu, folk eta post-rock kutsuz bustiriko lan iradokitzailea gauzatuz. Era berean, On Benitok, –Mikel Lertxundi bateria jotzailearekin eta Ibai Gogortza gitarra jotzailearekin osaturiko blues egitasmoa–, bere bigarren lana argitaratu du. Oraingoan hirukote gisa eta aurreko laneko blues elektrikotik nabarmen aldenduz proposamen esperimentalago eta garaikideagoa bat gauzatzeko. Irazokirekin eta Lertxundirekin solastu gara bi lan interesgarri hauen nondik norakoen berri izateko.

LAIA sentipenen orratza

Normalean zaila dena erraz egitea lortu du Laia taldeak. Lehen diskoa kaleratu berritan BBK Live jaialdian izan ziren. Jauzi horri esker Bizkaia eta Araba bitarteko laukoak kontzertu ugari eskaini eta euren doinuak hedatzeko aukera ondo probestu zuen. Gaur egun, pasa den urtean plazaratu zuten II (Baga Biga) bigarren lana taula gainean defendatzen ari dira. Ez dute “aurreiritzirik” eta doinu zein sentimendu kolpez aurrera egin dute. Hona hemen, Juanmi taldeko gidariarekin izandako solasaldia.

BUNPADA SOUND, bizitza anitzak

Frantsesa, gaztelera, portugaldarra, arabiera, euskara... Euskal Herria anitzak daude Bunpada Sound proiektuaren ustez, horregatik, hip hop talde honek, hitza eta musika bitarteko, proiektu irekia du helburu. Ballenatoa, reggaea, rai musika, flamenkoa edota euskal musika tradizionaleko tresnak, dj-aren programazioekin eta hip hop erritmo errepikagarriekin nahasten dira. Proiektu honen irekitasunaren beste isla bat bertan parte hartu duten musikariak dira, 20tik gora kolaboratzaile zenbatzen dira “Hitzak Anitzak” (Babel Msk, Balea, Radiation, 2009) izeneko disko honetan –tartean, Fran Lasuenen biolina edota Rufoh Beatbox–. Endika Lahainerekin (ahotsa eta hitzen sortzailea) hitz egin dugu, proiektu bizi honen inguruan.

DOCTOR DESEO, izan ginenaren isla

Probokatzailea, zirikatzailea, zuzenetako benetako gurua, giro barrokoen maitale, bilbotar petoa... Gauza asko esan daitezke Francis Diezi buruz, eta segur aski denak ez dira egia izango, baina egia dena zera da, 20tik gora urte daramatzala eszenatokietan bere ikusleriaren gozamenerako, eta esperientziak beti ematen duela gradu bat. Doctor Deseok bere hamabigarren diskoa atera berri du, Deseo: Cartografia Imposible (Baga Biga, 2010) eta, dagoeneko zuzenekoetan murgilduta dabil, leku askotan sarrerak agortu dituztela. Arrakastaren giltzarriari ondo helduta, talde bilbotarrak desira du abiapuntu eta helmuga. Nor erresisti daiteke?

DESORDUTAN, esker onekoak

Euskarazko pop rockaren belaunaldi berria elikatzen duten taldeak geroz eta gehiago dira. Irrati formuletan puztu dituzten taldeez gain, badira beste zenbait pixkanaka aurrera egin dutenak. Tolosako Desordutan taldeak bost urteko ibilbidean bi disko plazaratu ditu. “Eromena Zor Dizut…” (Bonberenea Ekintzak) bigarrena pasa den urtean aurkeztu zuten. Lan zaindua, rock zalea eta estetika ederrekoa. Horia, baina zinez esker onekoa. Izan ere, orain arte alboan izan dituzten horien omenezko diskoa da eta. Gipuzkoarrekin mozorrorik gabeko solasaldia izan dugu.

THE RIFF TRUCKERS, errepidea sutan

Askotan entzun dugu rock’n’rollari nortasuna falta zaiola. Taldeek ez dakitela diskoan erakusten duten indarra taula gainean erakusten. Riff Truckers gernikarrek bi gauza horiek lortu dituzte, nortasun handiko zuzenekoak eskainiz.
 
     
footer