entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2014/5/1

Boy Carla Bozulich

Folk-Esperimentala
Diskoaren azala. Diskoaren azala.
"Osoki erretzen utzidazu putz egin baino lehen/ etengabeko ikasketan oinarritu dut nire bizitza/ ez al litzateke atsegina izango, agur esateko unean, oraintxe egiten ari naizen gauza berbera egiten egotea?" . Disko eder hau ixten duen Number X abestiko hitz hauek biziki adierazten dute nire ustez, Carlak bere ibilbide luzean beti izan duen jarrera.
Los Angelesen 80. hamarkadako punk giroan hasi eta gaur arte noise industrialetik country-ra eta LA-tik Berlinera, milaka dira eman dituen kontzertuak eta zenbatu ezinak plazaratu dituen diskoak. Inprobisazio hutsean edo abesti borobiletan, sutan aritu da beti eta sutan jarri ditu bere musikara eta pertsonai eszenikora gerturatu diren guztiak. Aldi berean, une horietako bakoitzak aztarna txiki bat utziko balu bezala, bere diskurtsoa aberasten eta erregistroa zabaltzen joan da denborak aurrera egin duen heinean. Emozioa eta senak bultzatutako kaos txiki batean espresatzen da maiz, bortitz eta leun, hunkigarri bezain mingarri, goxo, oldarkor eta beti liluragarri.
Evangelista izenez azken urteetan argitaratutako diska apokaliptikoen ondoan, kuttunago sentitzen da Boy. Berezko izena erabiltzeak intimotasun handiagoa iradokitzen du eta abestien borobiltasuna eta sinpletasunak (itxuraz behintzat) lagungarri dira gertutasun hori lortzeko, Gonna Stop Killing zoragarriaren kasuan bezala. Hala ere, Carla ez da ohiko country-folk abeslaria eta bere izaera esploratzaileari erantzunez, pasarte abstraktu luzeak tartekatzen ditu, nolabait abesti osatuetatik hasiz dekonstrukzio prozesu bat jarraituko balu bezela. Edo beharbada, alderantziz izango da, eta oinarria abstrakzioa eta inprobisazioan dago eta doinu borobilak dira tarteka agertu eta desagertzen direnak. Edozein erara bien arteko bateratze benetan dotorea ematen da disko honetan, eta orokorrean, bere karrerako hoberenetako bat sortu duela esango nuke. Tira ba, ez dezagun putz egin eta jarrai dezagun Carlaren su garren edertasunaz eta berotasunaz gozatzen.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.