entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2013-11-25

Drifters / Love Is The Devil Dirty Beaches

Rock-Elektroniko-Iluna
Dirty Beaches, Alex Zhang Huangtai izeneko musikariaren bakarkako lanean oinarritzen da erabat. Taiwan-en jaio, Montrealen hazi eta hamaika leku ezberdinetan bizi izan den sortzaile bikain honen ikuspegi poliedrikoaren emaitza da, azken batean.
Hala ere, ezagutzera eman zuen Badlands bere aurreko diskoak, kalitate aparta izan arren, Suicide-ren eragin oso nabaria eta norabide estetiko oso finkoa erakusten zuen. Atsegina bai, baina originaltasun eta eremu motzeko artista baten itxura hartu genion batek baino gehiagok.
Aurten kaleratu duen Drifters / Love Is The Devil beste maila bateko kontua da eta gure aurreikuspenak erabat oker zirela erakutsi digu zorionez.
Disko bikoitza baino gehiago, batera saltzen diren bi disko ezberdinez osatuta dagoela esan beharko genuke. Drifters ahotsak eta hitzak dituzten abestietan oinarrituta baitago ia guztiz eta Love Is The Devil erabat instrumentala baita. Drifters-en, Badlands-eko formula (minimal synth wave kutsua, ahots sendoa, doinu monokordeak...) areagotu eta hobetzen duen bitartean, Love Is The Devil-eko instrumentaletan irekitzen ditu zabal bere musikaren leihoak, eta bertan pianoei, saxoei eta biolinei lekua emanez eta bere nortasun iluna galdu gabe, Touch diskoetxeko musikarien antzeko paisai ederretara edota Loren Connors-ek sinatuko lituzken gitarra abstrakzio zoragarrietara ailegatzeko gai azaltzen da. Lehen entzunaldietan sumatzen diren eragin musikal garbi horiez gain, bada disko osoan zehar erromantizismo ukitua fantasia txiki bat bururarazten didana. Diskoaren azala bera dela, abesti/instrumental arteko banaketa dela edo Berlin hirirako erreferentziak direla... Une batzuetan David Bowie-ren Heroes diskoaren eguneratze post-industrial, lohitsu eta azken batean oso eder bat ikusten dut hemen. Eta horrexegatik 2013ko disko hoberenetako eta garrantzitsuenetako bat dela iruditzen zait.

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.