"It’s indie rock and roll for me”, garrasi batean diote The killers taldekoek beraien abesti batean, Wham-en Last Christmas abestiaren akordeen gainean. Hori duk/n arriskua, txo, eta ez Macgyverrek egiten zituen umekeriak. CSI telebista saioa jaio zen lekutik, Las Vegasetik hain zuzen, dator talde berri hau. Grissom eta bere kideek laster aurkituko lituzkete laukote hau “kartzelan” sartzeko beharreko pistak. Jarri gaurkotasun pixka bat abileziarekin (The Strokes, Franz Ferdinand eta horrelako azken orduko ogitartekoak) eta zigilu handi baten makinerian sartu, euren doinuak buruan sar diezaguten. Mirariak egiten ditu horrek. CDari bueltatxo gehiago ematen uzten badiogu, gero eta gehiago gustatzen zaizkigu diskoaren alderdi batzuk. Single onak dauzka, nahiz eta bilduma osoa zertxobait banandua agertu. Baina Morrissey-ren euskarri taldea dela amestea gustatzen zaigu, The Killers hauek Manchesterko dandyak galdu duen energia dute, estilo berdintsua erabiltzen dute abesti sorta honetan gehien gustatzen zaizkigun melodietan. Hurrengo urratsetara itxaron behar izango dugu abentura hau mainstream-pegatina ala betiko tatuajea den ikusteko.