entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2015-12-07

Lagos Sessions Billy Bao

Soinu-Psikogeografia-Zaratatsua BINILO-BIKOITZA
Diskoaren azala. Diskoaren azala.
Lotura erlazionatuak
Zure egoa atean utz ezazu mesedez, eta ateratzen zarenean hor izango duzu berriz eskuragarri. Nigeriako Lagos hiriburuko Jazzville Clubaren sarreran zegoen kartel baten leloa da, eta ezin hobeto datorkio Billy Baok eskeini digun lan berri honi. Jakituria faltsuaz eta aurreiritziz betetako gure egoek ez dute lekurik disko bikoitz honen barnean. Batik bat, elektronika eta punk rock zaratatsua lehen munduko herrialdeetako paisaia hotz eta grisen gauza direla eta, aldi berean, afrikar doinu eta erritmoak instrumentazio organiko goxoetara murriztuta daudela ezartzen duen gure kontzeptu sasikolonial eta erabat egozentriko hori da hankaz gora jartzen dutena.

Elektronikako ehundura likitsez jantzita, zelai grabaketa kaotikoak, hip hop eta spoken word moduko kontakizunak, afro-jazz saxo eta erritmo sensualak, punk gitarra trumoitsuak eta highlife dantza doinuak bata bestearen gainean, atzean, ondoan eta erdian nahastuta eta kontrajarrita eskeintzen zaizkigu
Elektronikako ehundura likitsez jantzita, zelai grabaketa kaotikoak, hip hop eta spoken word moduko kontakizunak, afro-jazz saxo eta erritmo sensualak, punk gitarra trumoitsuak eta highlife dantza doinuak bata bestearen gainean, atzean, ondoan eta erdian nahastuta eta kontrajarrita eskaintzen zaizkigu diskoaren lau aldeetan. Egitura logikorik gabeko magma koloretsu eta zirraragarri bat eratzen da gure begi eta belarrien aurrean, Lagos-era iritsi eta lehenengo aldiz bere kale eta jendartean mugiltzea izan daitekeena ederki iradokiz. Horixe baita disko honen helburua: Mattin, Xabier Erkizia, Iigo Telletxea, Alberto Lopez, Jon Mantxi eta Mark Idok osatzen duten Billy Bao taldeak Nigeriako Lagos hirian barrena egindako bidaia eta hartu-emanen kontakizun egiazkoena eta biziena egiten saiatzea. Eta baita lortu ere.

Egun, Lagos ia 20 miloi biztanle dituen megalopolis bat da. Estatubatuarrek dioten bezala, kultura eta jatorri ezberdinetako meltin pot izugarria da. Esklabuen komertzioaren garaitik, Afrikako portu garrantzitsuenetako eta handienetako bat da, alde guztietako eragin eta etorkinak jasoaz: hala Europako kolonizatzaileak nola Afrika barneko migrazio mugimenduak. Nigeriako independentziaren ondoren eta afro-beat eta highlife erritmo bizigarriek piztuta, Afrika osoko kulturaren aitzindari eta erreferentzia bilakatu da gainera.
Disko honen soinuek irensten uzteak, nahaste borraste txundigarri horretan murgiltzearen parekoa izan nahi luke. Sekulan Lagosen izan ez naizen arren, diskoaren ordubeteko tarte horretan bertan pozik galduta ibili naizela esan dezaket.

Lagos Session esperientzia mingarri eta deserosoa da une askoetan, bizitzaren izerdi, poz eta minez beteta dagoelako

Kontuz, hala ere, eta ondorio errazegiak ez atera (aurreiritziak atean utzi mesedez). Hau ez da lonely planet moduko bidaia gida sonoro bat, ezta Starbucks bateko Latte batekin batera entzuteko bilduma exotiko eta aseptiko bat. Lagos Session esperientzia mingarri eta deserosoa da une askoetan, bizitzaren izerdi, poz eta minez beteta dagoelako hain zuzen ere, eta bakoitzak bere erara hausnartu behar du ibilbidean jazotzen dena. Billy Baok eta bere laguntzaileek (Orlando Julius saxo-jole mitikoa, Joel Okboh bateria-jolea, Duro Ikuyenjo teklista edo Mendo eta Diana Bada abeslariak, gutxi batzuk aipatzearren) milaka pintzelada uzten dizkigute, guk, hiriko kaleetan barrena galduta ibiliko bagina bezala, nahi dugun moduan jarraitu edo alde batera utz ditzagun.
Guzti hau esanda ere, disko honen balio musikalari ikaragarria deritzot. Testuinguru guzti honen beharrik gabe eta Lagos bera ahaztuz, gure irudimeneko hiri edo espazio batean kokatu dezakegun soinu collage zoragarria baita. Maila estetiko, kultural nahiz politiko ezberdinetan funtzionatzen duen artifaktu miragarria, azken batean.

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.